Peru, eta orain zer?

Axier Lopez
0
Argazkia: EFE

Peruko protesten aurkako armadaren errepresio bortitzak 60 hildako eta 1.300 zauritu inguru eragin ditu. Asko tiroz hil dituzte, fusilez. Bi hilabete baino gehiago igaro dira kolpe zibiko-militarretik, eta ordutik etengabeak izan dira protestak, errepide mozketak, aireportuen okupazioak, hiriburuko mobilizazio jendetsuak, lanuzte orokorrak… Intentsitate ezberdinez, baina altxamenduak aurrera darrai hegoaldeko eskualde batzuetan, hala nola Puno edo Cuscon.

Gobernu batek balen indarrez agintzen jarraitu nahi du, baina perutarren %76k Boluarteren dimisioa nahi du, Peruko Ikerketa Institutuaren arabera. Pedro Castillok, bere aldetik, kartzelatik, El Saltori emandako lehen elkarrizketan dio Peruko presidentea bera dela.

Castillo eskuineko konplot baten biktima izan zen. Gaur egun protestan ari den nehorrek ez du hori zalantzan jartzen. Baina Castillok agintera eraman zuten herritar horiengan konfiantzarik eduki ez izanak kontraesanak sortzen ditu. Castilloren gobernuak hasieratik egin zion uko herrialdea eraldatzeari mugimendu sozialetan babes harturik. Nazioartean ere bizkarra eman zien Amerikako ezkerreko gobernuei, hain zuzen ere orain Castillo babestu edota haren kontrako “estatu kolpea” salatzen duten gobernuei. Castilloren balizko itzulera agintera ez da adostasuna lortzen duen eskaera bat. Eragile askok hauteskundeak lehenbailehen egin behar direla dio, baina joko-arau berriekin, jakin badakitelako hauteskundeak aurreratzeak ez duela gauza handirik aldatuko prozesu eratzaile batek lagunduta ez bada.

Borrokarako Kontseilu Nazional Bateratua (CONUL) herri matxinadan parte hartu duten eskualdeko mugimenduek osatzen dute. Premiazko hiru eskari ditu: Dina Boluartek boterea uztea, Kongresua ixtea eta Konstituzio berri bat idazteko Batzar Konstituziogilea eratzea. Plataformak inperialismoa salatzen du kolpearen bultzatzaile gisa eta konplizetzat jotzen ditu estatu-botere guztiak (Polizia, indar armatuak, Fiskaltza, komunikabideak, Eliza Katolikoa…). Kartzela eskatu dute Boluarterentzat, funtzionario kolpistentzat eta errepresioaren arduradunentzat.

Kontua da bi eszenatokiak oso zailak direla ezkerrentzat. Harrigarria litzateke Castillo berriro presidente gisa ikustea, eta hauteskunde berri batzuen aurrean hobekien kokatuta dagoena da Alberto Fujimori kolpista espetxeratuaren ikaslerik onena, bere alaba Keiko Fujimoriren ultra eskuina. Ez bada, herri matxinada giro horretan, ustekabean figura aglutinatzaile bat sortzen, egun alternatiba instituzionalik ez duen ezkerrarentzat.

Egoera ez da erraza. Ezkerreko mugimenduek dituzten balizko aukerak konplikatuak dira. Baina, orain dela bi hilabete inork gutxik uste zuen horrelako protesta olatu handia piztu eta gaur egunera arte iraungo zuenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA