Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Axier Lopez
0
Mozal Legearen aurkako manifestazio bat Gasteizen. FOKU

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain bizirik dago, bera indargabetu nahi zutenak orain gobernuan izanik ere. “Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreforma PPren arrabolak onartu ditu. Gobernatzen dugunean indargabetuko ditugu”, esan zuen 2015eko martxoan orduko oposizioko buru Pedro Sánchezek.

Agintariei –uniformedun, togadun edo gorbatadun bertsio orotan– are botere handiagoa ematen dien lege bat indargabetzeak lehentasuna izateari utzi zion agintera heldu bezain pronto. Espainiako instituzioetan “aurrerakoi”, “independentista” edo “nazionalistatzat” hartzen diren alderdiek sostengatzen duten “ezkerreko gobernu” horrek zazpi urte daramatza agintean. Baina legeak bere horretan jarraitzen du, herritarrei isunetan kendutako diru kopuruak 1.200 milioi euroko langa gaindituta, eta ondorio larriak eraginda eskubideen arloan, protesta egitekoari dagokionean bereziki.

Ez da kasualitatea 2020 izatea Mozal Legearen isunek diru gehien bildu duten urtea: 252 milioi euro guztira. 2020ko pandemian ezarri zuten salbuespen egoeran masiboki baliatu zuten, 220.000 isun baino gehiago jartzeko. 2016tik 2023ra bitartean –horixe baita zifra ofizialak dauden azken urtea–, 1.250 milioi euro kobratu zituen estatuak zigorretan. Adierazgarria da isunen kopuruak ez duela gorabehera handirik izan, PPren zein PSOEren gobernuetan. Bietan igualtxo.

Mozal Legea ofizialki Herritarren Babeserako Legea bada ere, “segurtasuna” deitzen duten horrekiko zerikusirik ez duten ekintzak zigortzen ditu. Adibidez, kalean legez kanpoko drogatzat jotako substantziak aldean eramatea. Horregatik, Mozal Legearen izenean jarritako isunen bi herenak izan dira “kalean drogak kontsumitzeagatik” (1.242.960 isun, 803.000.000€). Legearen puntu polemikoak ere agertzen dira rankingean: agintea desobeditu ala erresistentzia egiteagatik: 356.544 isun eta 246 milioi, agintaritzaren aurkako errespetu falta eta erresistitzeagatik: 168.043 isun, eta espazio publikoetan desordenak eragin edo bide publikoa oztopatzeagatik 43.898 isun jarri dituzte zortzi urte horietan.

Lau aldiz saiatu dira arauaren puntu kaltegarrienak birmoldatzen. Iazko urrian, PSOEk eta Sumarrek legea erreformatzeko akordioa lortu zuten EH Bildurekin. Testu horrek hobetsi zituen gomazko piloten ordez “hain kaltegarria ez den materiala” erabiltzea, sei hilabeteko epean Atzerritarren Legean aldaketa bat egitea, baita “poliziak desobeditzea” arau-hauste larri batetik arin batera pasatzea ere. EAJk zuzenketak aurkeztu ditu “Poliziaren aurkako jarrera” horiek arau-hauste larritzat mantentzeko. Hamar urteotan, Mozal Legea erabat indargabetzearen aldeko testuak sinatu dituzte jeltzaleek Euskal Herriko hainbat erakundetan, baina… kontu hauetan itxurakeria ez da Moncloako maizterrarena bakarrik.

Edonola ere, eskubide zibil eta politikoen aldeko talde gehientsuen ustetan erreforma hori ez da nahikoa pertsona guztien eskubideak eta askatasunak osorik bermatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA