Tigray bonbardatzen ari da Etiopiako Gobernua, gerraren urteurrenarekin bat

Axier Lopez
0
Bonbardaketen ondorioak. Argazkia: AP

2020ko azaroaren 4an, Etiopiako lehen ministro eta 2019ko bakearen nobel saridun Abiy Ahmedek iragarri zuen Tigrayn erabat hegemonikoa den Askapenerako Herri Frontearen (TPLF ingelesezko sigletan) aurkako erasoaldi militarraren hasiera. Urtebete pasa da gerra abiatu zenetik eta urak ez dira inolaz ere baretu. Guztiz kontrakoa.

Azken bi asteotan hainbat bonbardaketa egin dute Etiopiako Armada Federaleko hegazkinek Mekelen, Tigrayko hiriburuan. Artikulu hau idaztean erregistratutako azken bonbardaketan, urriaren 28an, sei lagun hil dituzte, horien artean hiru haur, eta zaurituen kopurua 30 ingurukoa da, zonaldeko biztanleek eta osasun-langileek BBC kateak Etiopian duen ordezkaritzari zehaztu diotenez. Bonbardaketen ondorioz, Nazio Batuen Erakundeak bertan behera utzi ditu Tigrayrako hegaldi humanitarioak.

NBEren datuen arabera, Tigrayren aurkako erasoaldiak eta eskualdeari ezarritako blokeo zorrotzak 400.000 bat pertsona gosete egoeran utzi dituzte eta, gutxienez, bi milioi lagunek bizitokitik ihes egin behar izan dute. Horren aurrean, Etiopiako Gobernuaren azken erantzuna izan da irailaren 30ean NBEko agentzietako zazpi arduradun herrialdetik kanporatzea, “persona non grata” deklaratuz, Etiopiako “barne arazoetan” sartu izana egotzita.

Tigrayrekin mugan den Amhara eskualdean ere eragin zuzena izan du gatazkak. Hango herri batzuek misilen erasoak jasan dituzte, eta gatazkaren parte diren askotariko talde armatuek hilketa masiboak egin dituzte zonaldean. Sexu-indarkeria, mota honetako gerra gehienetan bezala, sistematikoa da, eta salaketak ugariak dira jada.

Bien bitartean, nazioarteko komunitateak gatazka odoltsu hau filma bailitzan ikusten jarraitzen du. Immobilismo horrek herri oso baten sarraskiarekin aurrera jarraitzeko beta ematen dio Etiopiako Gobernuari. Are gehiago, armak nazioarteko merkatuan –Irango eta Turkiako droneak kasu– erosten jarraitzeko arazorik ez dutela izan ikusirik, maila diplomatikoan, Errusiak eta Txinak birritan blokeatu dute NBEren segurtasun-kontseiluan Etiopiako gerra zibilari buruzko ebazpen bat argitaratzea.

Alex Rondos eta Mark Medish Europar Batasuneko eta AEBetako Gobernuko goi-kargudun ohiek artikulu batean ohartarazi berri dutenez, Etiopia Jugoslaviaren antzera desintegratzeko arriskua dago, ondorio larriagoak eraginez, baldin eta gatazka amaitzeko ahaleginik ez badago. Beste gatazka batzuen katalizatzaile bihur liteke gerra hau, aurretik ere erabat ezegonkorra zen Afrikako Adarrean. Urtebete pasa da eta nazioarteak era batera edo bestera esku hartu beharko luke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA