Ume beltzak jipoitzera animatzen?

Axier Lopez
0

Finlandiako presidenteorde, Ogasun ministro eta Finlandiarren Alderdi ultraeskuindarreko lider Riikka Purrak holakoak idatzi zituen 2008an: “Hain nago gorrotoz eta amorruz beterik, nire aulkian urtzeko zorian bainago. Jainko maitea, zer egiten diozu nire psikeari, Islam?”, ”Pistola bat emango balidate, hurbileko trenean ere hildakoak egongo lirateke”, “Helsinkin bazaudete, norbaitek eskaleei txistua bota eta ume beltzak jo nahi?”, beste hainbat astakeriaren artean.

Jussi Halla-ahoren alderdikidearen blogean idatzi zituen. Garai hartan Halla-aho zinegotzia zen Helsinkin. Blogeko idazkiak direla eta, arraza-gorrotoa sustatzeagatik zigortu zuen Halla-aho Auzitegi Gorenak 2012an. Halere, eskuin muturreko alderdiko buru izendatu zuten 2017 eta 2021 artean, eta gaur egun Finlandiako Parlamentuko presidentea da Jussi Halla-aho.

Riikka Purraren aldarrikapen arrazista horiek beste krisi bat eragin dute duela hilabete eskas osatu zuten eskuindarren arteko koalizio gobernuan –Espainian PPk eta VOXek amesten dutenaren modukoa–. Halere, ez da lehen aldia xenofobo hauek ipurdi bistan geratu direna. Ekainean Vilhelm Junnila izendatu zuten Ekonomia ministro, baina bi aste baino gutxiago iraun zuen karguan. 2019an, diputatua zela, Aliantza Nazionalista erakunde neonaziak antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuela jakitera eman zen, eta beste hainbat kontu ilun leporatu zioten, tartean ‘Heil Hitler‘  leloarekin txisteak egitea edo sare sozialetan svastiken irudiak argitaratzea. Parlamentuan konfiantza mozio batetik bizirik atera bazen ere, azkenean dimisioa eman behar izan zuen, klima krisiari aurre egiteko “emakume afrikarren abortu masiboak” eskatu zituela zabaldu zenean.

Vilhelm Junnila ekonomia ministro ohiak parte hartu zuen 2019an mugimendu neonaziekin loturak dituen elkarte baten ekitaldian. Argazkia: Lehtikuva /Roni Lehti

Baina kontua ez da hor amaitu. Wille Rydmanek ordezkatu zuen Junnila. Rydman Koalizio Nazionaleko Alderdiko –azken hauteskundeak irabazi dituen alderdi kontserbadorea– kidea izan zen iaz arte. Orduan kazetaritza-ikerketa batek zabaldu zituen hainbat neska neraberen salaketa matxistak Rydmanen aurka. Rydmanek aterpea bilatu zuen eskuinerago joanda, alderdiz aldatu zen, hauteskundeetan Finlandiarren Alderdiarekin aurkeztu eta egun Ekonomia ministroa da.

Rikka Purraren kasura itzulita, presidenteordeak esandakoak aitortu ditu, baina justifikatu ditu esanda duela 15 urteko kontuak direla eta artean politikan sartu gabe zegoela. “Testuingurutik aterata daude”, dio. Barkamenak ez du saihestu nazioartean ere tentsioa sortzea. NATOk Lituanian egindako goi-bileran, Turkiari barkamena eskatzeko adierazi diote Finlandiari, Turkiako etorkinak “tximino” gisa definitu zituelako Purrak.

Lehen ministro Antti Petteri Orpo pozik geratu da bere gobernukide nagusiaren azalpenekin. Beraz, ardi-larruz mozorrotutako otso arrazistek jarraituko dute zuzentzen eskandinaviar sozialdemokraziaren erreferenteetakoa izandako lurraldea, eta egun NATOren azken fitxaketa dena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA