Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen delako.
“Gaur porrot argia izan dugu hauteskundeetan, eta onartu beharra dago “, esan du Javier Milei presidenteak igande gauean, baina” gobernuaren politiketan ez dugu milimetro bat bera ere atzera egingo, are gehiago, bizkortu eta sakondu egingo dugu”.
Mileiren agintaldiko lehen hilabeteetan, mundu osoan ezagunak diren albiste-agentzia askok, Reuters kasu, Bloombergen edo Wall Streeteko enpresen txostenetan oinarritutako albiste ugari argitaratu zituzten, Mileiren “mirari ekonomikoa” justifikatzeko eta sustatzeko. Inflazioa menderatu eta pobrezia murriztu zuela zioten. Mezu triunfalista horiek aspaldi desagertu dira. Milei boterera iritsi eta 20 hilabetera, ezarri dituen murrizketa masiboak langile-klaseak ordaindu ditu, eta aldiz, boterera heldu aurretik diskurtsiboki berak hainbeste kritikatzen zuen “kasta” politikoak lapurretan jarraitzen du. Bere senide gertuenetik hasita: bere arreba Karina Milei jomuga publikoan dago.
“Motozerra-plan” ospetsuaren barruan, Mileik murrizketa handiak bultzatu ditu desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten pertsonentzako laguntzetan eta babes publikoan. Berriki argitara atera diren audio batzuetan, Karina Mileirekin lotutako laborategi pribatuekin egindako kontratu publikoetan eroskeria salatu du Javier Mileiren oso hurbileko pertsona batek (Diego Spagnuolo). Presidentearen arrebak %3ko “komisioa” kobratzen zuela ziurtatu du.
Peronismoa, berriz ere
Axel Kicillof gobernadore peronista sozialdemokratak Mileiren gobernu neofaxistaren aurkako oposizioaren figura nagusi gisa gailendu da, urriaren 26ko hauteskunde legegileei eta 2027ko hauteskunde presidentzialei begira. Atzera ere alternatiba gisa agertu da peronismoa: mugimendu transideologiko hori, ezkerra eta eskuina barnebiltzeko gai dena eta haizeak nondik jotzen duenaren arabera neoliberalismoari heldu edo Hego Amerikako olatu aurrerakoiekin bat egin izan duena. Alderdiko presidenteak Cristina Fernández Kirchner izaten jarraitzen du, etxeko espetxealdia betetzen ari bada ere. Garaipenaren ostean Kicillofek adierazi du ezin dela “obra publikoa geldiarazi, erretiratuei eraso egin, desgaitasunen bat duten pertsonak abandonatu… Argentinako osasuna, hezkuntza, zientzia eta kultura ezin direla alferrik galtzen utzi oihukatu dute hautestontziek. Ezin da gorrotoz, tratu txarrez eta irainez gobernatu”.
