Askapena talde internazionalistaren eskutik Izquierda Castellana taldeko zenbait kide izan dira azken egunotan Euskal Herrian Gaztelako ezker soberanistari buruzko hitzaldi batzuk emateko. Urretxu-Zumarragako gaztetxera hurbildu eta Alberto San Martin burgostarrarekin Gamonaleko, Gaztelako eta, oro har, Espainiako Estatuan gertatutako azken borroka sozialei buruz solastu ginen KKinZona irrati librearen lokalean.
Burgosko Gamonal auzoa, herri izan zen. Industrializazioak eta adreiluaren politikak Burgoseko hiriburuarekin batzera bultzatu zuen. Hiri inguruko herri langileen ohiko izaera ez dute ahantzi, ordea. Ezta ahanzten utzi ere. Izan ere, Gamonalekoa izatea mespretxuz erabili izan da Burgosko erdigune burgesean. Urteetan higaturiko duintasunaren zati bat Vitoria kaleko Bulebarraren aurkako borrokaren eskutik berreskuratu dute. Auzokideak, jubilatuak, ikasleak, inoiz politikan aritu ez direnak edo hamaika borrokaren lohietan zikindu direnak izan dira parte. Azken multzo honetan sar genezake Alberto San Martin burgostarra. Gamonalekoa herritarrek auzolanean irabazi dituzten borroka apurren artean kokatzen du San Martinek.
Gaztelar Ezkerra edo IzCa Gaztelako mugimendu ezkertiar soberanista da. Egungo Kantabria, Gaztela eta Leon, Errioxa, Madrilgo Erkidegoa, eta Gaztela-Mantxak osatzen duten lurralde zabalari herri izaera aitortzen diote, XVI. mendean jauntxoen aurka altxatu ziren Comuneroen bideari jarraituz. 500 urte eta gero borroka hura bizirik zergatik mantentzen duten galdetu diogu.
Internazionalismoak pisu handia hartzen du haien lan politikoan eta hala, munduko hainbat ezker mugimendurekin harreman estua dute. Espainiako Estatuaren barruko herrien artean borroka eta espazio berriak sortzea begi onez ikusten du, Iniciativa Internacionalista izan zenaren oinarrian.
Euskal Herriko ezker mugimendu independentistekin duten harremana oso aspaldikoa da, erreferente gisa izan dute urte askoan. Euskal Herriko aro politiko berriari buruz itxaropentsu agertu da San Martin.