TTIP hitzarmen ospetsuaren negoziazioak ez aurrera eta ez atzera daudela adierazi du Alemaniako Gobernuan asko agintzen duen ministro batek. “Oraintxe jakin dugu amerikanoak eta europarrak ez direla ados jartzen merkataritza askeko akordioa egiteko”, kexatu da Bilboko Zazpi Kaleetako dendarien elkarteko buru Miren Begoña Salduondo, “guk ez genekien merkataritza preso zegoenik ere! Honek erantzun azkarra eskatzen du, denda-ordutegitik kanpo betiere”.
Eskuineko prentsa, berriz, harro agertu da TTIPen porrotaren berri izandakoan: “Ikusten? Guk bagenekien ez zuela merezi gai honetaz asko hitz egitea. Azkenean ez da egingo eta!”. Albistea guztiz baieztatu bitartean, Europako Batzordeak konfiantza eskatu die herritarrei. “TTIPek kale egin arren ez ditugu gure betebeharrei muzin egingo eta arduraz jokatzen jarraituko dugu: luze gabe bururatuko zaigu jendea izorratzeko beste zerbait”, Helmut Pikenauer bozeramalearen erranetan.
Manifestazio irudimentsuen antolatzaile profesionalen federazioko kideek lasaitu ederra hartu dute hitzok entzutean: “Uf, eskerrak! Ea zer egingo genuen bestela lip-dubak grabatzeko erosi berri ditugun 124.675 kamerekin!”.