Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian egin du Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak hauteskunde kanpainako mitin zentrala eta adierazpen harrigarriak egin ditu: “Inkestak ikusita argi dago herritar asko ez direla ari ulertzen gure mezua. Baina benetan sakona da. Kontua da hemen jendea nazionalisten komedia arinetara ohituta dagoela eta guk autore zinema egin nahi dugu hauteskunde hauetan”.
Kazetariek galdetu diote ea zergatik bere kanpaina ez den lehiatu Sail Ofizialean, eta Mendiak erantzun du Zinemaldia oso mainstream dela bi aste irauten duen film bat proiektatzeko. “Eta pena da, izan ere Pedro Sánchez primeran aritu da, ezagun du gure liderra izan aurretik aktore venezuelar bat zela”. PSEren kanpaina osorik ikusi duen kritikari batekin kontaktuan jarri da Beranduegi iritzi kualifikatu bila: “Filmikoki ondo dago”, azaldu du. Eta gehitu du: “Baina moootel, ze aspergarria”.