ARGIAko iturri ofizialek behin eta berriz ukatu duten arren, Beranduegik lortu dituen parte medikuek argi erakusten dute: zortzi lagun ospitaleratu behar izan zituzten joan den larunbatean, Ondarroako Argia Eguneko nortasun agiri arrotzak jaurtitzeko txapelketan parte hartu ondoren. “Abertzale batentzat pisu handiegia dauka nortasun agiri espainiar edo frantziar batek, gehiegizko ahalegina da egun osoan gainean eramateaz gain, urrutira jaurtitzen saiatzea”, esplikatu du Susana Hezurrokertegi traumatologoak. “Horrelako kirol probak debekatzeko eskatzen ari gara aspaldian”.
Lekeitiar batek bere nortasun agiria 40 metroraino jaurti zuela azaldu diogunean harritu egin da medikua: “Ez dut uste posible denik, dopinik gabe behintzat”. Segundo batzuez pentsakor geratu da. “Bueno, badago beste aukera bat: lekeitiar hori Podemosekoa bada, akaso NANak ez zion hainbeste pisatzen”. Txapeldunari telefonoz deitu ondoren, Beranduegik ezin izan du argitu bere marka dopinari ala Espainiarekiko sinpatiari zor zaion.