2058. urtean gaude. Gipuzkoak baditu jada bost erraustegi, lau superportu eta hiru metro linea. Herritar batzuek, ordea, ez diote gizarte justuago baten alde borrokatzeari laga nahi, eta Benidormetik bueltan “Gipuzkoa Zutik” kanpaldia antolatzeari ekin diote hamaikagarrenez. Taldeko kide Ezti Argirrek (argazkian, betaurrekoekin) azaldu digu zerozaborrismoaren bandera astintzea geroz eta nekezagoa egiten zaiola, baina prest dagoela mafiari haginka jarraitzeko, hortz postizoek lata ederra ematen dioten arren. “Plazako lorategian letxugak tinko landatzen jarraituko dugu, bost erraustegietako bat itxi arte”, dio. AgureSOS taldeak ez du ekimenarekin bat egin, aurretik letxuga motaren inguruan adostasuna lortu behar delako.
Barreraren beste aldetik, Udalbiltzako presidente Merkel Troyanok aditzera eman du seigarren errauskailu bat irekiko dutela Angulan (euskaraz Angelu), euskal marka nazioartera zabaltzeko. “Herri hori non demontre dagoen jakin bezain pronto abiatuko ditugu obrak”, adierazi du Zubietako IKEAren atarian.