Ipar Euskal Herri Elkargoa abian da, jaun-andreok. Presidentea hautatu berri dute eta, behin xehetasun ttipihori finkaturik, iritsi da benetan axola duenari ekiteko tenorea (edo sopranoa): elkargorako himnoa sortzea. “Argi geneukan lan hori gure kantari unibertsalenari eman behar geniola”, azaldu digu Elkargoko Musika Kontuetako arduradun Battitta Afinaturencok. Baiki, asmatu duzue: Anne Etchegoyeni egokitu zaio ohorea.
Donapaleuko kantariak ospea eta fama eman zizkion Marseillesa aukeratu eta pare bat euskal ukitu erantsirik konpondu du afera. Zehazki, lehen esaldian enfants de la patrie-ren ordez enfants de la EPCI esango du bertsio berriak, eta zuberotar artzain talde batek egingo du leloa(rena). “Hasiera batean Txoria txori klasikoa hartu behar nuen himnotzat”, adierazi du Etchegoyenek, “baina moldaketa txiki batekin: ‘Hegoak ebaki banizkio’ beharrean, ‘Iparrak ebaki banizkio’ izan zedila, baina gero pentsatu nuen: uf, utzi, utzi”.