Ertzaintzak zelula jihadista bat atxilotu du Leioako campuseko Zientzia Fakultatean, biologia sailean zehazki. Antza, susmagarria hasita zegoen alboko zelula batzuk zitalkeriak eta gauza txarrak egiteko konbentzitzen. “Laborategiko langile guztiak zelulitisez kutsatu eta ondoren euren mitokondriez beste egiteko plan maltzur bat zeukaten, eskerrak garaiz konturatu garen”, adierazi du Delitu Bakteriologikoen Unitateko arduradun Bea Mikroskopiotik-ek.
“Hasieran zelula lasaia zen, baina behin fisika laborategira eraman genuen magnetismoa aztertzeko esperimentu bat egitera eta harrezkeroztik asko erradikalizatu zen”, azaldu dute fakultateko iturriek. Zer gerta ere, laborategiko iman guztiak Erandioko komisariara eraman dituzte, aferarekin zerikusia ote duten galdetzeko. “Pena handia dut, txikitatik ezagutzen nuen zelula hori”, esan digu, malkotan blai, Iker Tzaile laborategiko arduradunak.