Izena aldatzeaz batera futbol taldea sortuko duela iragarri du FARC gerrilla ohiak, eta horrek inbidia sortu du nonbait. “Kolonbiako bake prozesu eredugarriaren ispiluari begira, lan ildo berria irekitzea deliberatu dugu: kirola”, dio ETAk Beranduegiri esklusiban igorritako agirian.
Lehenbiziko neurria izena aldatzea izan da, baina siglak mantenduz, FARCek egin bezala: “Euskadi Ta Aerobika izango gara aurrerantzean”. Euskadiren partez, Aberria jartzea aztertu dute baina siglekin ez dira pozik geratu. ETAk ez dio aterik itxiko kirol mota bakar bati ere, salbu eta jaurtiketa bidezkoei, “errezelorik egon ez dadin”. Arrazoi beragatik, talde kiroletan uko egingo diote erasoko jokoari, “Athleticek bezala hain justu”.
Diotenez, hasi dira lehen entrenamenduak egiten. “Leher-leher eginda amaitzen ditugu saioak”, adierazi du erakundeko kide batek, kaputxa azpian arnasestuka oraindik.