“Kataluniak irekiko du bidea, eta haren ondotik banan-banan bereiziko dira autonomia erkidego guztiak, Euzkadi bakarrik geratu arte Espainian; horra independentzia, esfortzu handirik gabe”. Esaldi horrekin hasten da Euskadi askatzeko EAJren bide-orri hiper-sekretua, Beranduegiko ikerketa sailak Sabin Etxeko garbitzailea botila bat txakolinen truk erosiz eskuratu duena.
Dokumentuak ez du zehazten nola garatuko den plana, baina onartzen du zaila izango dela Murtzia, Madril, Gaztela-Mantxa eta besteren bat sezesioaren bidean jartzea. “Tira, pazientziaz dena lortzen da, eta guk pazientzia erruz daukagu; pentsa, Urkulluren diskurtsoak osorik entzuteko gai gara, ia lokartu gabe…”.