Jasotako kritika bidegabeez nekaturik, denak pozik egoteko moduko ideia bikaina izan du Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako agintariak: ihes egin nahi duten errefuxiatuei ontzietan sartzen uztea baldin eta Saudi Arabiara arma bana eramatera konprometitzen badira. “Tiro bakarraz bi txori hilda”, azaldu du Atutxak, aitak idatzi dizkion ohartxoak irakurriz: “Garraioan aurreztuko dugu eta Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko podemita zarpail horiek bakean utziko gaituzte behingoz”.
“Tira, horrela bada…”, baloratu dute errefuxiatuen aldeko GKEek, konformatuz edo. “Zalantza genuen hasieran, baina gero esan ziguten ontzietara igotzen direnei ogitarteko bana emango dietela, eta aizu, hori ez da Atutxaren gauerdiko eztula…”, esplikatu dio Beranduegiri Sarai Nuñez-Splittergeist munduko injustizien aurkako militante globalak.