Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak igande honetan adierazi du ez duela maskararik erabiltzen koronabirusari aurre egiteko eta Espainiako presidenteak erabiltzen badu “koronabirusa daukalako” izango dela. Beranduegiren ikerketa-sailak, nolanahi ere, kasuan sakondu nahi izan du, Nekane Murgak babes neurri horren kontra zer duen deskubritu nahian. Sailburuaren inguruko iturriek baieztatu dutenez, maskaren ekoizleekin haserre dago Murga, “aho-tamaina estandarrentzat” pentsatutako maskarak bakarrik produzitzen ari direlako. “Inork ez du pentsatzen txankleta baten tamainako ahoa daukan jendeak une honetan nolako zailtasunak dauzkan”, azaldu digu sailburuaren gertuko norbaitek.

Izan ere, Murga ez da bere tamainako maskararik aurkitzen ez duen pertsona bakarra: Javier Clemente futbolari eta entrenatzaile ohia, Koldo Mediavilla EAJko burukidea edo Confebaskeko Eduardo Zubiaurre ere problema beraren aurrean aurkitu dira: jendaurrean hitz egiteko hain baligarria zaien XXXL tamainako ahoa, osasun-krisi honetan, problema gehigarria dela. “Hala ere”, azaldu digu Osakidetzako iturri batek, “kasu horietan laguntzeko prest agertu da ezker abertzalearen gazte mugimendua, Gazte Topaguneetan erabiltzen duten karparekin agian Murgarena bezalako aho bat behintzat babestea posible izango baita”.