Bukatu da. Akabo idatzizko Beranduegi. Ez dakigu zenbat aste joan diren. Beno bai, 280 inguru, orriotan umore inteligentearen* alde borrokan, errespetuz beti, gizatasunez eta elkartasunez beteriko batean oinarritutako bizitza partekatu baten alde. Zuengatik egiten dugu lan. Euskaratik eta euskaraz herri hau sortzen, ̶J̶a̶u̶r̶l̶a̶r̶i̶t̶z̶a̶r̶e̶n̶ Sorosen diru-laguntzei esker.
Baina, zuek ere guk bezain fuerte pentsatzen baduzue, honezkero jabetuko zineten ez direla garai onenak behetik gorako umorearentzat. Denoi azala Anasagastiren adats loriatsua baino gehiago mehetu zaigula dirudi, alegia, jendea ofenditu xamar dabilela azkenaldian. Galtzaile on batek apaltasunez onartuko luke porrota, Silveirak nola. Guk ez, ordea. Gu ez ginen erresistitzeko jaio. Badakigu bai, hildakoak esnatuko gara eta Julian Iantzik ETBren Murtziako egoitzan jarraituko du. Baina saiatu beharra daukagu, Euskal Erdia dugu irabazteko.
Guri ere lanpostu publikoak Jonani bezainbeste gustatzen zaizkigunez, indarrak metatzera goaz, gure lubaki magufo gipuzkoarzentrista libertario autokonplazientetik predikü iraultzaileak zabalduz, aireztatu gabeko gela itxi batean rosslia erre bitartean. ARGIAren azken orrialde progrea utzi eta proletargo kondizioaren biziraupena bermatzera goaz. Eta hori, maitis, bakoitzak bere erara egiten du, badakizue. Gehienek txostenak idazten dituzte, beste batzuek fraideei aldizkaria lapurtu eta abangoardia kultural gisa aldarrikatzen dute euren burua, bestea Gabi de la Maza da eta gero gu gaude.
Gure lehen pausoa izan da GKSren Altsasuko topaketetan infiltratu eta argazkiko egur pusketa lapurtzea. Guk daukagu dildo sozialistaren grial santua, eta ez dugu itzuliko egindakoagatik Kai Nakaik, Miren Larrionek eta Kolitzak publikoki barkamena eskatu arte.
AirBnb bitartez KkinZonari alokatutako zulotik, Beranduegiren nazio idazkaritzako kideok umorea lantzen jarraituko dugu ARGIAko gure bospasei sare sozial, blog eta podcast-irrati uhinetan. Alegia, orain arte bezala, baina papera bezalako euskarri zaharrunoa bazterrean utzita.
Hauxe duzue beraz azken pilula. Beranduegi idatzia hil da. Gora podkasta, gora memeak, mueve el culo y gora Zetak!
Zuzen esandakoa barkatu eta gaizki esanak kontuan hartu. Amm bai! Supporter guztiei, eskerrik!
Beranduegi, umore afrusaren pandemiaren aurkako txertoa.
Never surrender
CC-BY-SA (m)