“Esfortzu guztiak dira garrantzitsuak Madrilen euskotarren benetako ahotsa entzun dadin”, adierazi du Dogartzi Sainz de Txakarrankua EAJko ekitaldi folklorikoen arduradunak. “Guztira, gure aurreskulari bipilek 1.523 bider altxatu dute hanka goraino-goraino nonahi antolatu ditugun mitin eta bestelako ekitaldi aspergarrietan; uste dugu herritarrek jakingo dutela euren botoekin lan handi hori baloratzen”. Analisten esanetan, jeltzaleek politikan agertzen dituzten dohainak ederto laburbiltzen ditu aurreskuak: “Hori da hori kabriolarik zailenak egin eta beti zutunik jausten asmatzea!”, jakinarazi dio Beranduegiri esklusiban Miren Eguzkiñe Entrexat kontu hauetan adituak.
Zurrumurruek diotenez, EH Bilduk ere aurreskuen bidea jorratzeko aukera aztertuko du ekainaren 26an abenduko emaitza txarrak errepikatuz gero. “Agian momentua da joaldunen taktika alboratu eta garai berrietara egokitzeko”, esan omen du Arnaldo Otegik bilera batean, eta denek burua gora eta behera astindu dute arrazoia emanez bezala.