Espainiako futbol selekzioak, La Rojak, San Mames estadioan jokatuko ditu 2020ko Eurokopako partidak. Bilbo berriz ere munduko maparen erdigunean! Pozik zoratzen alkatea, hotelak, tabernariak, bonbodun Manolo eta milaka herritar, orain arte musua gorritzen zitzaienak intimitatean Espainiaren gol bat ospatzen zuten aldiro, eta 2020an, Bilbo osoa gorri-gorri, disimuluan pasako direnak gol bat ospatzen duten aldiro.
EH Bilduk prentsa-oharra plazaratu du: “Guk Espainia vs Euskadi bat nahi dugu, baina ezinezkoa bada, ba hori, ahal dela Espainiaren ereserkia ez dezatela oso altu jarri, partida orduan lo egongo gara-eta”. “Aibalaostia pues, merezi duen bolumenean jarriko dute ereserkia. Baskoak gara, Chiclanatik ere entzun behar gaituzte!” erantzun die gaztelania jatorrean zortzi abizen supereuskaldunak dituen Karra Elejalde kosmopolitak.