Azken urteetan euskal gazteen outfitean lekurik izan ez duen arren, joan den asteko Leioa Fashion Week pasarelak erakutsi du kaputxadun sudaderak berriz ere trendy direla. Tendentzia aldaketa gogor jotzen ari da jada unibertsitarioen artean, geroz eta gehiago janzten dute kaputxa eta moda adituei galdetu diegu zergatik. “Oso janzkera praktikoa da, klasiko bat, eta gainera primeran konbinatzen du esprai-potoekin, molotov koktelekin eta ikasleek egunero erabiltzen dituzten beste zenbait konplementurekin”, azaldu digute Elena Hairspray eta Leire Nabarnizek. Kaputxa jantzita pasatzen ikusi dugun gazte bati ere galdetu nahi izan diogu burua eta aurpegia estaltzearen abantailez, baina “errepresioa” eta ez dakit zer gehiago oihukatu ondoren joan egin da, EHUko iturrien arabera, “gauza kondenagarriak egitera, seguru”.