Hemen inork ez dauka alkoholarekin problemarik

Gorka Bereziartua
0

Shane MacGowan musikariaren inguruko dokumentala ekarri du sail ofizialera Julien Templek.

Koldo Izagirreren nobelari ereferentzia eginez, “Egarri egunak Zinemaldian” izenburua jarri genion 1977ko edizio gorriari buruz aste honetan publikatu dugun erreportajeari; igande honetan komentatu behar ditugun Sail Ofizialeko bi pelikulak ikusi ondoren, sentsazioa daukat bala hori kronika honetarako gorde behar nuela. Edaria, zurruta, mozkorkeria, gaueko txirula eta mirula gai zentralak baitira jarraian komentatuko ditugun bi lanetan eta, erreferentzia literarioen faltan, ukazioaren bidetik jo behar izan dugu izenburuan: hemen inork ez dauka alkoholarekin problemarik. Konkretuki, inork ez dauka problemarik alkohola edateko bihar egunak argitu behar ez balu bezala.

Denak ados egongo gara honetan: bost urterekin bi pinta garagardo edaten dituen haur bat nahiko gauza ezohikoa da. Salbu eta Irlandan, beharbada. Hori pentsarazten du behintzat Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan dokumentalak. The Pogues taldeko liderraren inguruan eraikitako dokumental honek osasun egoera nahiko txarrean dagoen MacGowani egindako elkarrizketak tartekatzen ditu artxibo-irudiekin, animaziozko pasarteekin, film zatiekin eta hainbat pertsonalitatek musikariarekin dauzkaten solasaldiekin (besteak beste Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa edo filma ekoiztu duen Johnny Depp aktorea).
Bizitza azeleragailua topera zapalduta bizi izan du MacGowanek, horren dudarik behintzat ez zaio geratuko ikusleari: alkohola eta bestelako drogak, Irlandako egoera gatazkatsua, punkaren eztanda, den-denek zeharkatu dute Erresuma Batuan jaio arren haurtzaroa Tipperaryn (Irlanda) pasa zuen musikaria. Bizitza zirraragarria, baita taldearen jarraitzaile sutsuak ez direnentzat ere (hori da lerro hauek idazten ari denaren kasua, izan ere). Julien Templeren film honi, hala ere, bere puntua aurkitzea kostatzen zaiola iruditzen zait, erabiltzen dituen irudi-materialak nahiko modu nahasian aurkezten baitira pelikularen hasierako partean eta aurrera egin ahala aurkitzen du nolako filma izan nahi duen, jendearen testigantzetan oinarritutako dokumental konbentzional samar bat, alegia.
MacGowanen esaldi gogoangarri batzuk jasotzeaz gain (“Kantak airean dabiltza eta harrapatu egin behar ditut. Zeren, nik ez baditut harrapatzen, Paul Simonen eskuetan buka dezakete”), eztabaida baterako ere ematen du: ez ote duen alkoholismoa eta musikariaren bizitza ezaugarritu duen desfasearen kultura erromantizatzen, hain justu, itxura guztien arabera artista egun dagoen egoera kaskarraren kausa nagusia horixe izanik.
Nork esan behar zuen tragoxka batek langile eraginkorragoa bihurtuko ninduela?

Gaurko eguerdian hartu dugu azkenaurreko erronda Thomas Vintenberg zuzendariaren Druk filmarekin: orain arte Sail Ofizialetik pasa den film borobilena eta Urrezko Maskorra irabazteko hautagai oso sendoa iruditu zait. Kontu sofistikatuagoa dirudi aurreko filmaren aldean, Soren Kierkegaard filosofoaren aipu batekin hasten baita. Baina gero, ez pentsa: bere bizimodu pertsonal eta profesionala gainbeheran doazela sentitzen duen irakasle bat alkohola erabiltzen hasiko da eskolak txispa gehiagorekin emateko; eta lankide batzuekin komentatu ondoren, esperimentu kolektibo bihurtuko da: modu kontrolatuan, lan orduetan edaten hasiko dira, euren errendimendua hobetzen ote den ikusteko.
Pelikulak probokaziotik asko duela uste dut, izan ere, nahiko modu banalean kontsumitu ohi dugun droga baten efektuez eta kode sozialez hitz egiten digu: publikoak barre egin du irakasleen esperimentuak aurrera egin ahala gimnasia irakasle bat balantzaka ikustean edo musika irakasleak gelako argiak itzalita, ikasleek ikusten ez zutenean, pattar pelotazo bat zintzurreratu duenean. Barregarria da benetan? Zein punturaino? Berdin-berdin egingo genuke barre egoera horretan agertzen dena gizona izan ordez emakumea izango balitz? Mota horretako galderak eragiten dituen pelikula baten aurrean gaude, baita alkoholismoaren problemaz bezainbeste, alkoholaren bidez estaltzen diren arazoez diharduen lan baten aurrean ere.
Mads Mikkelsen aktorearen antzezpen bikaina da pelikularen elementu azpimarragarrienetako bat, amaierako eszena ikoniko batekin borobiltzen dena (apuntatu izena aktore onenaren sarirako hautagaien artean). Bestalde, interesgarria iruditu zait Danimarkako ohitura etilikoei egiten zaien kritika fina, Euskal Herrira, gure txikitero, txosna eta ospakizun familiar edo lagunartekoetara inportatzeko modukoa dena erabat. Baina horretaz hitz egiten segi aurretik, eskatuko dugu beste kaña bat?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA