Ahots morroiak

Azken urteotan teknologiak izan dituen aurrerakaden artean, mugikortasuna bilatzen duten sistema eragile gehienetan ahots-morroiak ezarri izanak aipu berezia merezi duela uste dut. Ahots-morroiak, gailuekin – gehienetan gailu mugikorrekin – ahots bidez komunikatzeko aukera eskaintzen diguten adimen artifizialdun softwareak dira. Teknologia enpresa handienek nor berea garatu izan du azken urteotan. Pribatiboak, noski. Baliteke ezagunena Appleen Siri izatea, baina, Googleek Assistant dauka, Microsoftek Cortana, Amazonek Alexa… etab.

Ahots-morroi hauekin gauza desberdinak egiteko aukera dago, adibidez, alarma bat ezarri, musika jartzeko eskatu, domotizatuta dauden etxeetako argiak pizteko eskatu… Ahots-morroi guzti hauen helburua, gizakioi oso natural suertatzen zaigun komunikazioa erreminta erabiliz – ahotsa -, morroiak egin beharreko ekintzak azkar komunikatzeko aukera eskaintzea da.

Behintzat, hori saltzen digute.

Gailu hauek beraien abantailak izango dituzte, ez dut hori ezeztatu behar. Nahiz eta, nik neuk ez diet, momentuz, behar izanik justifikatzen. Edonola ere, honelako bozgorailu adimendun bat etxean sartu nahi duten horiei, zera esango nieke, ahots-morroi hauek dituzten pribatutasun arazoak kontutan hartzeko.

Izan ere, azken hilabeteotan, trepeta hauek sortzen dituzten pribatutasun arazo larrien berri izan dugu.

Apirilean, Amazoneko langileek Alexarekin berba egiten duten bezeroen elkarrizketak entzuteko aukera daukatela jakin genuen. Are gehiago, El PaĆ­s egunkariaren arabera, egunero zelatatze lan hori burutzen dituzten lan profilak daude Amazoneko langileen artean. Googlek berak ere onartu behar izan zuen, Googleeko langileek – eta beste hirugarrengo azpi-kontrata batzuk -, Google Assistantekin mantentzen diren elkarrizketa zatiak entzuteko aukera daukatela. Eta entzuten dituztela. Appleek, berdin, Sirirekin mantentzen diren elkarrizketak zelatatzen ditu, eta hori egiteko langileak ditu Espainian. Bukatzeko, Windows Mobille sistema eragileak besteekin lehia egiteko izan duen gaitasun eza dela eta, Cortana ahots-morroia W10 sistema eragilean zentratu dute. Baina helburu berberarekin.

Ez naiz gehiago tematuko.

Azken finean, logelan, sukaldean edo egongelan sartuko duzuena ez da itxura modernodun bozgorailua, egiten dizkiozuen galderak erantzun ahal izateko, etengabe piztuta egon behar duen kalitate handidun mikrofonoa baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude