Deabrua xehetasunetan ei dago

Bizitzako xehetasun txikiekin kontuz ibiltzea praktika ona izan ohi da. Ezusteko arriskua nabarmen murrizten baitu. Horixe dio behintzat esaera ezagunak. Egia da sorpresa batzuk atseginak direla, baina, era berean, egia da ustekabeen xehetasunei kasu egiten ez badiegu itsutzeko arriskua dugula.

ProtonVPN software libreko ereduetara pasatu dela irakurri nuen atzo. Berehala ohartu nintzen albiste horrek xehetasunak behar zituela -xehetasunak antzemateko nahiko baldarra banaiz ere-.

2013an jaio zen Telegram. Orduz geroztik software librea den beste txat bezero bat daukagu, baina Telegram-en zerbitzarietan exekutatzen den softwarea ikusi ez dugu ikusi. Telegram askatu zutenean, zerbitzari aldea kudeatzen duen softwarea ere askatuko zutela agindu ziguten. Baina ez dute egin. Idazten duen honen ustetan ez dute inoiz egingo. Hala da, eta hala onartu beharko dugu.

Telegram kaleratu zuten garaietan garagardo asko edan nituen nire adiskide eta eragile sozial desberdinetako, era berean lagun diren, taldekideekin. Ez dut hizketaldi bakoitza gogoratzen, baina ziur nago Telegramez hitz egiteaz gain, beste gai askori buruz ere hitz egin genuela. Elkarrizketa horietan guztietan, Telegram instalatu eta nola erabili azaldu nion pertsona bati. Zerbitzariaren iturburu-kodea, zazpi urte geroago askatu gabe jarraitu behar zuenik ez genuen ikusi. Ez genuen garaiz antzematen jakin izan. Zerbitzariaren iturburu-kodean zer exekutatzen den aztertu ahal izatea da txat baten pribatutasun maila duina nahi dugun guztion ezinbesteko zera hori. Hortaz, zazpi urte geroago, ezin esan dezaket Telegram software librean oinarritzen den zerbitzu garden eta pribatua denik. Gauza oso erraz batengatik: ezin dugu jakin, gure mezuekin, zerbitzarian zer gertatzen den.

Gaur, duela zazpi urte aurkitu genuen egoera berdintsuaren aurrean gaude. Aldea da orain bere izena ez dela Telegram, ProntonVPN baizik. Aldea da, zazpi urte hauetan, gutxi bada ere, zerbait ikasi dugula. Errealitate bera: enpresa batek bere aplikazio bezeroen iturburu-kodea askatu du, baina ez dakigu -ezin dugu jakin-, ProtonVPN-k bere zerbitzarian exekutatzen duen hori zer den. Ez dakigu segurua den. Ez dakigu esaten diguten zera hori egiten duen.

Nire iritzi apalean -eta iritzi hau, irakurtzen ari zaren artikulu guztia bezala, iraganeko esperientzietan baino ez dut oinarritzen-, software librearen, burujabetza teknologikoaren eta pribatutasunaren aldeko ekintzaileok garbi utzi behar ditugun bi gauza daude. Bakarrik bada ere, zazpi urte barru berriz ez etortzeko hona, kontzientzia garbi ez dugula esatera.

Lehena: erabat nahasi ginen Telegram software librean oinarritutako txat-zerbitzua zelakoan berau gomendatzean. Ez dut Telegramekin gertatutakoa berriz gertatzea onartuko. Ez behintzat nire ahotik. Bigarrena: ProtonVPN ez da software libreko proiektua. Gaur egun, inork ezin esan dezake ProtonVPN-ren zerbitzua segurua, gardena edo pribatua denik.

Nire iritzi xumeari hel eginez, bi aukera daude gaur egun ProtonVPN software librea eta segurua dela esateko. Lehena da orain dela zazpi urte beste batzuk egon ginen bezain oker egotea; kasu horietan, barkatzen zaie. Bigarrena, Telegram-ekin gertatutakoak ikusi ostean, ProtonVPN gomendatzeko interesa, aktibisten pribatutasuna bermatzea baino, oso bestelakoa izatea.

Eta egia guztia argitze aldera -gardentasunaren mesedetan-, ni neu ere oker egon ninteke iritzi honekin. Erreza ez bada ere, izan dezagun nork berea.

31 puntu jokoan: hordago.

2 erantzun “Deabrua xehetasunetan ei dago” bidalketan

  1. […] hau, Dabid Martinezen beste honek inspiratu […]

  2. […] Telegram ez da aukera onena. Ez baita erabat software librea. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude