Hackstañazo-n ikusiko dugu elkar!

Adi, hacker, aktibista digital eta teknologiaren zale amorratuak! Aurtengo Hackmeeting-a leku berezi batean ospatuko da: Gaztañon, Euskal Herrian. Markatu zuen egutegietan irailaren 26, 27, 28 eta 29a, elkarrekin ikasteko, lankidetzan aritzeko eta, batez ere, eraikuntza kolektiborako lau egun bizi datozelako.

Ez dakizula zer den Hackmeeting-a? Hackmeeting-a urtero antolatzen den topaketa autogestionatua da, eta teknologian, zibersegurtasunean, software librean, kontrakultura teknologikoan eta oro har hacker kulturan interesa duten pertsonak biltzen ditu. Ezagutzak, tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak eta proiektuak trukatzeko gunea ere bada, teknologiaren erabilera kritikoa eta sortzailea sustatzeko. Han, komunitate hacktibista ideiak partekatzeko eta askatasuna eta burujabetza teknologikoa sustatzeko tresnak eraikitzeko elkartzen da.

Topaketa honetan, beste hainbatetan bezala, tailer teknikoak, eztabaida filosofikoak eta kultur jarduerak proposatuko dira. Besteak beste, segurtasuna eta pribatutasun digitala, informazio pertsonala eta kolektiboa babesteko tresnak eskainiz; software librea eta autogestioa, erabiltzaileek kontrolatutako teknologia libreen erabilera sustatuz; hacktibismoa, teknologia aldaketa sozial eta politikorako tresna gisa erabiliz; eta ZZE kultura (Zuk zeuk egin), hardwarearen fabrikaziotik hasi eta sare komunitarioen sorkuntzaraino.

Hackmeeting-ean parte hartzea librea eta doakoa da, baina parte hartuko dugun guztiok nola edo hala laguntzea espero da, bakoitzak ahal duen neurrian. Dela tailer bat antolatuz, dela janaria prestatuz, dela logistikarekin lagunduz. Jarduera baterako ideia bat baduzu edo edozein zereginetan lagundu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta eman paseotxo bat hackmeeting-eko wiki-tik, proposamena egiteko eta koordinatzeko.

Hackmeeting-ean parte hartzen duten guztiei ostatua hartzeko eta bertan bazkaltzeko aukera eskainiko zaie, esperientzia erosoa eta atsegina ziurtatuz eta hackmeeting-aren ezaugarri den komunitate- eta lankidetza-espiritua indartuz.

Azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi, Hackmeeting-aren egoitza gisa Gaztaño aukeratzea ez dela kasualitatea. Gaztaño auzo borrokalaria, erresistentziaren eta autonomiaren sinbolo garrantzitsu bat izan baita urteetan zehar Euskal Herrian. Bere historia eta kultura oinarri hartuta, beti erakutsi du bere komunitatearen ahalduntzearen aldeko apustua, eta balore hauek guztiz errotuta daude filosofia hacktibistan ere.

Gaztañon ikusiko dugu elkar! Ekarri zure ideiak, zure energia eta zure hacker espiritua komunitatearekin bat etorkizun teknopolitiko askeagoak eraikitzeko!

Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean hezkuntzarekin lotuta gauden profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale taldearen irakurketa Legebiltzarrera heldu zen. COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordean. EH Bildu talde parlamentarioak gonbidatuta.

Ponentzia horren helburua argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua egokia da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

Hezkuntzan ere elkar topa gaitezen

Aurrekoan, hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoa sustatzeko beharraz hitz egin nuen. Ikasleen pribatutasuna eta datu horien erauzketatik ekonomikoki bizi diren enpresa handiak aipatuz. Argumentatu nuen, garrantzitsuena ez dela ikasgaien material didaktikoa soilik: material hori nola ematen dugun pentsatzea ere garrantzitsua dela.

Azken finean, “zer” bezain garrantzitsua da “nola”, helburuak ez baititu bitartekoak justifikatzen. Ezta maitasunean ere. Ez beti behintzat.

Esan diezazueket arrakasta neurritsua izan duen artikulu bat izan dela, eta gustatuko litzaidake pentsatzea zuetako batzuei, nahiz eta agian konbentzitu ez, gutxienez, merezi duen garrantzia ematen ez diogun zerbaitetan pentsatzeko balio izan dizuela: pribatutasuna hezkuntzan eta eremu digitalean.

Baina artikulu honen lehen paragrafoan aurreratu bezala, askoz arrazoi gehiago daude burujabetza teknologikoa sustatzeko. Eta Hezkuntzan ere Librezale-n badakigu.

Dakizuenez, Euskal Herriko ikasgeletan software librearen erabileraz eta burujabetza teknologikoaz arduratuta dauden pertsona-taldea da Hezkuntzan ere Librezale. Dozenaka gurasok, irakaslek eta aktibistek osatzen dugu (ikasle bat edo beste ere badagoela pentsatzea gustatzen zait).

Pertsona horien borondatezko lana taldearen hurrengo deialdi publikoan islatuko da: Hezkuntzan librezale topaketak.

Topaketa birtual hauetan bi mahai-inguru izango ditugu, bi saio desberdinetan. Lehenbizikoak balioko du jakiteko nola bizi izan duten hezkuntza komunitateko zenbait partaidek online hezkuntzaren erronka Covid-19-aren alarma egoeran, eta ekainaren 11an izango da arratsaldeko 18:00tan. Bigarren saioan, ekainaren 18an 18:00tan, gizarte gisa hezkuntzaren aurrean ditugun erronka teknologikoei buruz hitz egingo dugu, galdera potolo bat erantzun nahiez: nola egingo diegu aurre erronka hauei kolektibo gisa indartuta atera nahi badugu? Bigarren saio horretan hizlari gisa parte hartuko dut, eta software libreari eta burujabetza teknologikoari begira jarriko naiz, Durangon aurkeztu genuen komunikatuan sakonduz.

Bi saioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztet hemendik ere.

Gustatuko litzaidake azken aste hauetako lanak ehunka iritziren ordaina izatea: hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoaren eztabaida txertatzeko.

Gaiak gure arreta merezi du.

Hezkuntzan ere Librezale

Aurrekoetan aipatu izan dudan moduan, geurean, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko proiektu ugari gauzatzeko aukera izan dugu.

Eskola 2.0-n egin zelakoan nengoen, baina, bereziki interesgarria deritzot, berriz ere, hezkuntzan software librearen eta burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzea. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen eta eskolen behar izan teknologikoak asetzeko, Google eta Microsoft-en alde egingo duela jakin eta gero. Aspaldi sartzen hasiak dira bi enpresa hauek gure eskola publikoetan – eta publikoak ez diren eskoletan ere -. Nire ikasle garaian hasi zuen konkista horrek, are eta hegemonia gehiago hartuko du – guk geroz eta dependentzia gehiago hartzen dugun bitartean – Chromebook-ak homologatu eta masiboki erosten ditugunean. Bada momentua aski dela esateko.

Pentsaezina izango litzateke eskolen jantokien kudeaketa Burger King eta Mac Donalds-en artean banatzea. Besteak beste – eta arrazoinamendu antikapitalistetan sartu gabe -, osasunari edo ekologiari dagokionez astakeria galanta izango litzatekeelako. Zer mezu bidaliko genieke eskolan bazkaltzen duten ikasleei? Pentsaezina, erabat. Bada, nola da posible, hezkuntza fasean dauden haurrei eta nerabeei esparru teknologikoan bi aukera baino ez daudela erakustea? Txiki-txikitatik erabateko dependentzia sorraraziz, Euskal Herrian, software eta jakintza libreak, gihar sozial eta enpresarial itzela duenean gainera. Ulertezina.

Geroz eta gehiago egiten dugu berba burujabetzaren inguruan, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta, azken hiloetan, baita burujabetza teknologikoa ere. Gaia jendarteratzeko momentu aproposean gaudela uste dut eta bada garaia afera honek merezi duen errekonozimendu sozialarekin aztertzeko. Ez eraikin ederrenaren bilera gela ederrenean. Kalean baino.

Hezkuntza eta teknologiari erreparatzen badiegu, galdera mordoa sortzen zaizkit buruan. Erronka bezala ulertzen ditut. Adibidez, gizarte indibidualizatu honetan, nola eraman dezakegu burujabetza teknologikoaren alde lan egiten dugunon hausnarketa hezkuntza komunitatera? Nola gizarteratu daiteke gaia? Eta garrantzitsuena: nola bermatu ikasleek, maila praktikoan eta politikoan, eztabaida honetan parte-hartzeko aukera izatea?

Galdera guzti hauek eta beste zenbait erantzuten saiatuko gara Durangoko Azokan. Kabi@ gunean, Burutek taldeak antolatu duen abenduaren 8ko jardunaldian. Goizeko 11:00tatik arratsaldeko 14:00ak bitartean, burujabetza teknologikoari zabalduko diogu tartea. Bereziki hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa sustatzea, izango dugu hizpide nagusi bertaratzen garen guztiok. Burujabetza teknologikoa – modu kolektiboan – definitzen saiatuko gara, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken hilabeteotan landu eta azkendu duen lana aurkeztuko digu eta, bukatzeko, etorkizuneko erronkei aurrez-aurre begiratzeko parada izango dugu Burutek taldearen bigarren asanblada irekian.

Gogoratu, abenduaren 8an, 11:00tan Kabi@-n.

Hezkuntza, askapenerako erreminta bihur dadin, ez menpekotasuna sortzen duen organismo.

Burujabetza teknologikoa

Azken urteotan Euskal Herrian eman diren dinamika askok burujabetzaren inguruko hausnarketa sakona egiteko parada eman digute.

Elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa, informazio burujabetza, burujabetza feminista… hamaikatxo izan dira burutu diren proiektu, ekimen eta mobilizazioak. Taldeka edo nor bere buruarekin. Burujabetza teknologikoaren alde ere, proiektu oso interesgarriak gauzatu direla jakin badakit, baina oraindik ondo barneratu ez dugun kontzeptua dela esango nuke.

Informatika askearen inguruan berba egitea ez da gauza erraza. Hartzaileak – orokorrean, eta salbuespenak salbuespen – arraro begiratzen gaitu. Kontzeptuak txertatzea lan sakona da eta askatasunaren inguruan egin beharreko hausnarketak bigarren maila baten usten du burujabetza teknologikoa. Teknokapitalismoak gu baino erreminta dezente gehiago izan ditu eskura.

Ulergarria deritzot gai interesgarri bezain mamitsua den burujabetza teknologikoaren inguruan berba egiten digutenean kontzeptuetan galtzea. Burujabetza teknologikoa kontzeptu oso zabala da. Zerbitzari autonomoen inguruan berba egin genezake, sare egitura fisiko libreen inguruan, autokudeatutako sare sozial digitalen inguruan, fedibertsoaren inguruan, hardware librearen inguruan… jorratuta dauden bezainbeste proiektu daude egiteke. Eta horrek motibatu beharko liguke. Lan guzti hori harribitxi bezala sentitu beharko genuke aktibismo teknologikoan lanean gabiltzan ekintzaileok.

Gauzak horrela, R/hack 2019 hackmeting-a baliatuz, burujabetza teknologikoaren inguruan aritzen garen erakunde eta norbanakoak bilera batera deitzen ditugu. Bilera honen helburua Euskal Herrian burujabetza teknologikoaren alde lan egiten hari garen eragile desberdinek, taldeak zein norbanakoak, elkarrekin biltzea eta ditugun indarren, asmoen eta beharren berri izatea da. Elkar hobeto ezagutzeaz gain, etorkizunean antolatu daitezkeen ekimen komunen ardatzen inguruan eztabaidatu eta agendak partekatuko ditugu.

Horretarako, irailaren 21an (goizez), Gasteizeko Errekaleor auzoan bi orduz elkartuko gara.

Hezkuntzan indar berezia egiteko asmoz egin dugu deialdia, baina deialdi zabala da. Bilera horretan eraiki dezakeguna jakin ez badakigu ere, denon artean eraikitzeko moduko etorkizunak amesteko aukera emango digu.

Animatuko zara?

Behar zaitugu hacktibista… (osatzeko komunitate librea).