Euskal hezkuntzaren egoera teknologikoa kontutan hartuta…

Aurreko blog bidalketa baten aurreratu nizuen moduan, Durangoko Azokako igandean, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken asteotan landutako komunikatuaren berri eman zigun. Sarean aspaldi irakurri daiteke komunikatu hori, izan ere, eragile desberdinei berau aurkeztu eta sinatze fasean egon da taldea Durangon aurkeztu orduko.

Bost dira Hezkuntza ere Librezale taldeak plazaratzen dituen hausnarketak, Administrazioari eskari zuzena eginez eta irakaskuntza komunitateari ohar desberdinak luzatuz. Honela laburtu genitzake: ikasleen datuak esku pribatuetan utzi ordez, datu horien pribatutasuna bermatuko duen sistema baten alde egitea. Chromebook gailuen zaharkitze programatua dela eta, arduragabekeria dela berauen alde egitea. Gailu horietan euskararen presentzia enpresa zehatz batzuen eskutan geratzen dela salatzea, are gehiago, gailu hauen zenbait atal euskaraz ez daudela ohartaraztea. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinetara mugatzea hezkuntza digitalaren murrizketa ekarriko duela. Bukatzeko, Microsoft-en eta Google-en azpiegiturak erabiltzea, hezkuntza komunitatearengan, dependentzia sortuko duela.

Argi dago Hezkuntzan ere Librezale taldearen komunikatuaren kontra argumentatu nahi duenak, ezin izango duela egin dokumentuaren argumentu faltagatik.

Administrazioari interpelazio zuzena eginez, honela bukatzen da komunikatua: Administrazioari dei egin nahi diogu digitalizazio prozesuan gidaritza eta laguntza teknikoa egin dezan, azpiegitura libre, jasangarri eta ahaldunduko gaituena ezartzeko; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi gure ikasleon hezkuntza digitala.

Gogoratu Hezkuntzan ere Librezaleren komunikatu osoa irakurri nahi duenak, sarean duela eskuragarri. Irakurketa bat, gutxienez, merezi du. Are gehiago kontuan hartzen badugu, ez direla gutxi izan komunikatu honen alde beraien sinadura utzi duten eragileak.

Bada, bat egiten dut, hitzez-hitz, komunikatu honekin, eta nik ere uste dut badela garaia prozesu honen inguruko eztabaida emateko. Hain zuzen ere, hori da, Kabi@ gunean eztabaidatu genuen gaietako bat eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausuak zeintzuk diren zirriborratu genituen. Hala nola, hurrengo bileraren data otsail aldera zehaztu genuen, posibleki Eibarren.

Beraz, adi ibili, eta ni/gu bezala bost puntu nagusi eta eskari hauekin bat egiten baduzu, Hezkuntzan ere Librezale-ren Telegram taldean edo Matrix gelan sartu, informatu eta zure ingurua aktibatu.

Etsaiak sistema ezagutzen du

Azken hileotan Marta Peirano kultur eta teknologia kazetariaren azken saiakera liburua irakurtzeko denbora hartu dut: El enemigo conoce el sistema, (Debate). Liburuaren lehen edizioa irten zenetik irakurri nahi banuen ere, irakurtzeke daukadan liburu zerrendak ez du mugarik ezagutzen. Izaroren aupada behar izan nuen liburua erosi eta irakurtzeko.

Liburu honen azpititulua, gutxi gora behera, honela itzuli genezake: Ideien, pertsonen eta eraginen manipulazioa arretaren ekonomiaren ondoren. Eta kontrazalak berak bakarrik dozena erdi blog bidalketa idazteko aukera eskaintzen dit. Honela dio kontrazalaren lehen esaldiak: Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere. Bi esaldi hauek aipatze hutsarekin, liburua irakurri behar nuela suposatuko duzue. Are gehiago, esaten badizuet Marta Peiranoren TED hitzaldiaren bideoa – Zergatik zelatatzen naute, inor ez banaiz? -, aspaldi honetan hack.in#badakigu-ren izenean eman ditugun pribatutasun hitzaldi eta tailer guztietan jarri dugula. Bideoak bi milioi ikustalditik gora ditu Youtuben.

Tira ba, hasiera hasieratik engantzatu nau saiakera honek. Teknologia liburu bat izateko, oso hasiera berezia daukala iruditu zait. Izan ere, liburuan zehar erabiliko duen argudio bat azaltzeko – dopaminak gugan duen eragina -, teknologian zentratu beharrean lurrinen merkatuan zentratzen baita. Lehen lau orriak argumentatzeko erabiltzen dituen argudioek, desberdina izango den zerbaiten aurrean aurkitzen garela adierazten digute.

Eta hala da. Adikzioa, azpiegiturak, zelatatzea, algoritmoa, iraultza, negozio eredua eta manipulazioaren inguruan berba egiteko gaitasun itzela erakusten du liburuak dituen zazpi ataletan zehar. Gainera, bere argumentuei indarra emateko erabili dituen oharrek ere, indarra emateaz gain, testua borobiltzen dute.

Sare askeekin amets lizunak ditugunontzat, oso irakurketa interesgarria iruditu zait. Baita, edozein Internet erabiltzailerentzat ere. Interneten egunero darabilgun teknologiak kontrolatzen dituzten enpresa handiek gugan duten eragin maila ulertzeko balio du. Baita eragin maila hori lortzeko erabiltzen dituzten joko eta diseinu zikinen inguruan hausnartzeko.

Gauza txar bakarra aurkitu diot. Ez dut Peiranorekin politikoki bat egiten. Izan ere, nire ustez irakurketa politiko sakonagoa beharko luke. Adibide bat jartzeagatik, idazleak behin eta berriro erabiltzen du arretaren ekonomiaren kontzeptua, baina nire uste apalean kapitalismo basatiaren ondorio besterik ez den egoera baten aurrean aurkitzen gara. Terminoen erabilerak, sakonagoa izan behar zuen. Iraultzen atalean alternatiben inguruan idazten duenean, oinarri sozialdun proposamenen bozgorailu izateko aukera esploratu izana eskertu izango nioke. Hacktibismoaz aritzea. Ez du egin. Antikapitalismoan sakondu izan balu, irakurketa borobila izango litzateke.

Edonola ere, irakurketa gomendagarria dela uste dut, jakinda, han idazten diren adibideak baino askoz gehiago egonik (eta posibleki interesgarriagoak), oinarriak ezartzeko hasiera on bat izan daitekeela.

Hezkuntzan ere Librezale

Aurrekoetan aipatu izan dudan moduan, geurean, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko proiektu ugari gauzatzeko aukera izan dugu.

Eskola 2.0-n egin zelakoan nengoen, baina, bereziki interesgarria deritzot, berriz ere, hezkuntzan software librearen eta burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzea. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen eta eskolen behar izan teknologikoak asetzeko, Google eta Microsoft-en alde egingo duela jakin eta gero. Aspaldi sartzen hasiak dira bi enpresa hauek gure eskola publikoetan – eta publikoak ez diren eskoletan ere -. Nire ikasle garaian hasi zuen konkista horrek, are eta hegemonia gehiago hartuko du – guk geroz eta dependentzia gehiago hartzen dugun bitartean – Chromebook-ak homologatu eta masiboki erosten ditugunean. Bada momentua aski dela esateko.

Pentsaezina izango litzateke eskolen jantokien kudeaketa Burger King eta Mac Donalds-en artean banatzea. Besteak beste – eta arrazoinamendu antikapitalistetan sartu gabe -, osasunari edo ekologiari dagokionez astakeria galanta izango litzatekeelako. Zer mezu bidaliko genieke eskolan bazkaltzen duten ikasleei? Pentsaezina, erabat. Bada, nola da posible, hezkuntza fasean dauden haurrei eta nerabeei esparru teknologikoan bi aukera baino ez daudela erakustea? Txiki-txikitatik erabateko dependentzia sorraraziz, Euskal Herrian, software eta jakintza libreak, gihar sozial eta enpresarial itzela duenean gainera. Ulertezina.

Geroz eta gehiago egiten dugu berba burujabetzaren inguruan, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta, azken hiloetan, baita burujabetza teknologikoa ere. Gaia jendarteratzeko momentu aproposean gaudela uste dut eta bada garaia afera honek merezi duen errekonozimendu sozialarekin aztertzeko. Ez eraikin ederrenaren bilera gela ederrenean. Kalean baino.

Hezkuntza eta teknologiari erreparatzen badiegu, galdera mordoa sortzen zaizkit buruan. Erronka bezala ulertzen ditut. Adibidez, gizarte indibidualizatu honetan, nola eraman dezakegu burujabetza teknologikoaren alde lan egiten dugunon hausnarketa hezkuntza komunitatera? Nola gizarteratu daiteke gaia? Eta garrantzitsuena: nola bermatu ikasleek, maila praktikoan eta politikoan, eztabaida honetan parte-hartzeko aukera izatea?

Galdera guzti hauek eta beste zenbait erantzuten saiatuko gara Durangoko Azokan. Kabi@ gunean, Burutek taldeak antolatu duen abenduaren 8ko jardunaldian. Goizeko 11:00tatik arratsaldeko 14:00ak bitartean, burujabetza teknologikoari zabalduko diogu tartea. Bereziki hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa sustatzea, izango dugu hizpide nagusi bertaratzen garen guztiok. Burujabetza teknologikoa – modu kolektiboan – definitzen saiatuko gara, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken hilabeteotan landu eta azkendu duen lana aurkeztuko digu eta, bukatzeko, etorkizuneko erronkei aurrez-aurre begiratzeko parada izango dugu Burutek taldearen bigarren asanblada irekian.

Gogoratu, abenduaren 8an, 11:00tan Kabi@-n.

Hezkuntza, askapenerako erreminta bihur dadin, ez menpekotasuna sortzen duen organismo.

Birprogramatua izateko prest

Bihar, ISF-MGI erakundeak gonbidatuta, Bilboko Ingeniaritza Eskolan hitzaldi bat emango dut. Garapen, Lankidetza eta Teknologiari buruzko mintegiaren baitan. Joan den asteko asteburuan, mintegian erabiliko dudan aurkezpena azkendu nuen. Eta azken momentuan izan nuen ideia batek, proiektu batek eraginda, aurkezpenaren zati bat berregitera behartu ninduen.

Partaideei burujabetza teknologikoa irudikatzen laguntzeko moduko adibide desberdinak zerrendatzen nituen bitartean, Latinoamerikan azken urte hauetan zehar garatu duten proiektu baten berri izan nuen. Oso berritzailea, baina ez maila teknikoan. Politikoan baizik. Proiektu horren berri izateak, argi txiki bat piztu zuen nire buru handi honetan. Argi horrek, teknologia autogestionatuek, teknologikoki berritzaileak, halabeharrez izan behar ote diren galdetzera bultzatu ninduen. Behin nire erantzuna aurkitu eta gero, beste proiektu teknologiko burujabeki bideragarrien bila aritu nintzen.

Baina maila politikoan, ez teknologikoan.

Izan ere, uste dut, teknologiaren munduan modu batera edo bestera – zeharka bada ere – lan egiten dugunok (ez ulertu lan hitza kontzeptu merkantilista bezala), beti gaudela azken tendentzia teknologikoen bila. Behintzat, garatutako herrialdeotako zuriok. Agian lanaren eraginez, punta-puntako teknologien bila. Aktibistok, teknologia guzti horiek, ezinbestean, txertatu behar ditugulako eragile politiko eta sozial desberdinetan.

Bada, oso oker gaude.

Burujabetza teknologikoa lantzen duen proiektu jakin batek berritzailea dela esan ahal izateko, ez du zertan teknologikoki berritzailea izan behar. Are gehiago, ez du zertan ezta jakintza teknikoan oinarritu behar. Eta zer esanik ez, ez du zertan ekonomikoki sostengarria izan behar. Hobe bada, bai, baina nahikoa luke balio erantsi politiko positibo bat eskaintzearekin.

Eta gehiago baloratu beharko genuke balio politikoa, ekonomikoa edo teknologikoa baino.

Badira urte asko – aitortu nahiko nituzkeenak baino gehiago -, GNU/Linux erabiltzen hasi nintzenean, zera esaten niela sistema eragile honen inguruan galdetzen zidatenei: “Software librea, maila teknikoan pribatiboa bezain ona da, eta kasu gehienetan hobea. Eta izango ez balitz ere, maila etikoan askoz bideragarriagoa den heinean, berau erabili eta sustatu beharko genuke aktibista guztiok. Software librea ez du zertan teknikoki berritzailea izan behar, nahikoa litzateke, etikoki, filosofikoki eta moralki hobea izatea lortuko bagenu.”

Zorionez biak lortu ditugu. Naiz eta aurkezpen batzuen diapoak sortzen ditudan zenbait kasutan, bigarren zatia nabarmentzea eta horretan bakarrik zentratzea ahazten zaidan. Adinaren kontua agian. Mea culpa.

Laburbilduz: norberaren burua maila kritikoan birprogramatzen egon behar dugu etengabe – kontrako ustea nagusitzen bada ere -, adinak ez digulako perspektiba ematen, hausnarketak baizik. Batzuetan, konturatzen garenerako, kanpoan nagusitzen den sistema ekonomikoa gure barnean ere sustraitzen delako. Adi ibili!

Sistema biometrikoak

Gogoan dut nola FOSDEM-era joan nintzen azken urtean Bruselako kale guztiak stencil formatuan eginiko pintaketaz beteta aurkitu nituen. Pintaketa horien helburua argia zen, inguru horretan – normalean pintaketaren goiko aldean – segurtasun kamera bat begira zeneukala adieraztea. Kamera horien begiradaz libratzeko balio ez bazuten ere – berandu ikusten zenituelako -, oso interesgarria deritzot, hamar metrotik hamar metrora, kamera horiek guztiek gure zaintza egiten ari zirela jakitea.

2020an burutuko dira Japonian joko olinpikoak. Bertako gobernuaren arabera segurtasuna bermatuko duten milaka kamera jarriko dituzte. Kamera hauen teknologiak algoritmo matematikoak erabiliko ditu bertaratzen diren pertsona guztien zaintza egiteko. Segurtasuna, eta oro har zaintza, negozio itzela da. Are gehiago 11S-a eta gero.

Hatz markak detektatzeko gai diren algoritmoak etengabe erabiltzen hasiak gara. Behin baino gehiagotan egun berean. Jada ia guztiok daramagu honelako gailu bat gure telefonoan. Are gehiago erabiltzen da teknologia hau Espainiar estatuan langile guztien ordu kontrola legez eraman behar denetik. Hatz marka irakurtzen duten fitxagailuak izan baitira enpresa txikiek – eta ez hain txikiek – legea betetzeko aurkitu duten teknologiarik merkeena. Jakin nahiko nuke sistema horiek RGPD legea betetzen duten.

Irudikatzen duzue zer gertatuko litzateke horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa baten – edo batzuen – datu baseak konprometituko balira? Funtsean, zaku bete datu biometriko pribatu egongo liratekeela eskuragarri.

Hatz marka horiek ezabatzeko dugun gaitasun ezari erreparatu.

Datu biometrikoak identifikatzeko erabiltzen diren sistemak akatsak dituzte. Adibidez, pertsona beltzak identifikatzeko orduan arazoak dituzten softwareen existentzia ezagutzen dugu – agian zuri batek programatuko zituelako -. Baita positibo faltsu kopuru handia ere. Asko laburbilduz, sei dira derrepente bururatzen zaizkidan arazo nagusiak: I) Datu biometrikoak bakarrak, iraunkorrak eta ezeztaezinak dira, II) publikoak dira, eta erraz lor daitezke, III) erraz erreplika daitezke, IV) identifikatu nahi ez den pertsona bat identifika dezakete, V) pertsona bat identifika dezakete bere ezagutzarik gabe eta, bukatzeko, larriena VI) nire aburuz, biometriaren arazo nagusia da datu horiek lapurtzen badituzte, betiko lapurtuko dituztela.

Datu biometrikoen ezagutza burutzeko softwareak 60. hamarkadan garatzen hasi ziren. Hain daude garatuta, non, guk jakin gabe, gure aurpegiaren aztarna digitala ateratzeko ere gai izango lirateke. Hala nahi balute drone batekin, app batekin, kalitate handidun argazki batekin… esango nuke ez gaudela teknikoki prest sistema hauek ezartzeko.

Baina, are garrantzitsuago, berriz ere, ez gaude politikoki prest sistema hauek ezartzeko.