Hodeia ez da existitzen

…beste norbaiten ordenagailua da.

Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.

Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!

Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.

Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.

Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.

Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.

Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.

Teknologia, herritik eta herriarentzat

Irailaren erdialdean Edward Snowdeni egindako elkarrizketa irakurri nuen El Diario egunkarian. Marta Peirano zen elkarrizketa, bideokonferentziaz, egiten zion kazetaria. Azken hilabeteotan, interneten pribatutasunaren afera aztertzen dituzten liburu oso interesgarriak idatzi dituzten idazle bi klik bateko distantzian (Vigilancia permanente, Edward Snowden eta El enemigo conoce el sistema, Marta Peirano).

Halabeharrez irakurri behar nuen elkarrizketa.

GDPR (General Data Protection Regulation) legearen inguruko hausnarketa interesgarriak egiten hasten du elkarrizketa Snowdenek. Titular oso interesgarriak utziz. Hala nola, “Gobernuek beren agintea plataforma teknologiko handien esku uzten hasi dira” edo “Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ez da eraginkorra izango plataformek urtero beren etekinen % 4 isunetan ordaintzen duten arte“.

Eta zer pentsatu ematen badu ere, ez da gai hori gaurko dudan helburua.

Teknologiaren inguruan berba egiten dugunean, Marta Peiranok bere liburuaren kontrazalean idatzitako lehen esaldia kontuan hartuz mintzatzen gara teknologia maite dugun – eta eraldatzailea izan daitekeela uste dugun – aktibista askok, ni barne: “Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere“. Izan ere, nire aburuz, eztabaidaren funtsa ez da teknologia erabili behar dugun edo ez, baizik eta, teknologia horri zein erabilera ematen diogun eta norentzako lan egiten duen. Auzia, askotan aipatu dudan bezala, ez delako teknologikoa, politikoa baizik.

Estatuek, geroz eta gehiago, interneteko enpresa teknologiko handien zerbitzuak kontratatzen dituzte. Gauza anitzetarako erabiliz. Hauteskundeak manipulatzeko asmoekin ikusi ditugu – eta ez naiz ari AEBetaz, Espainiar estatuaz baizik -, metadatuetan oinarritzen diren hilketak ikusi izan ditugu eta protestak zelatatzen eta aktibistei ikara sartu nahian ikusi ditugu, behin eta berriz. Aipatu dudan azken kontzeptuan sakontzearren, beraien egiteko eran kontraesan bat dagoela aldarrikatu nahiko nuke: zaila egiten zait pentsatzea nolatan, zilegitasun osoa duten protesten aurrean, Internet mozteko prest dauden gobernuak geroz eta gehiago diren.

Edonola ere, Snowdenen Vigilancia permanete irakurtzen nengoela ideia bat berretsi nuen: ezinbestekoa dugu sare banatu eta mikrozerbitzu propioak martxan jartzea – software, hardware eta sare mailan – eta sistemak eskaintzen dizkigunei uko egitea. Hack.in#badakigu-n aspaldi gabiltza hurrengo esaldi hau erabiltzen: “Sistemak eskainitakoari uko egin eta alternatiba kolektiboak sortu”. Orain hamar urte zentzudun leloa zen. Are zentsu gehiago du gaur egun.

Horregatik iruditzen zaizkit hain interesgarriak Errekaleorren joan berri zaigun irailean burutu genuen asanbladaren moduko ekimenak. Etorkizun teknologiko – eta politiko – inperfektuak sortzeko beste bide batzuk eskaintzen dizkigutelako. Bide batzuk, non, ez ditugula behar berretsi dezakegun.

Izan ere, oso argi daukat: “Teknologia, herritik eta herriarentzat“.

Ahots morroiak

Azken urteotan teknologiak izan dituen aurrerakaden artean, mugikortasuna bilatzen duten sistema eragile gehienetan ahots-morroiak ezarri izanak aipu berezia merezi duela uste dut. Ahots-morroiak, gailuekin – gehienetan gailu mugikorrekin – ahots bidez komunikatzeko aukera eskaintzen diguten adimen artifizialdun softwareak dira. Teknologia enpresa handienek nor berea garatu izan du azken urteotan. Pribatiboak, noski. Baliteke ezagunena Appleen Siri izatea, baina, Googleek Assistant dauka, Microsoftek Cortana, Amazonek Alexa… etab.

Ahots-morroi hauekin gauza desberdinak egiteko aukera dago, adibidez, alarma bat ezarri, musika jartzeko eskatu, domotizatuta dauden etxeetako argiak pizteko eskatu… Ahots-morroi guzti hauen helburua, gizakioi oso natural suertatzen zaigun komunikazioa erreminta erabiliz – ahotsa -, morroiak egin beharreko ekintzak azkar komunikatzeko aukera eskaintzea da.

Behintzat, hori saltzen digute.

Gailu hauek beraien abantailak izango dituzte, ez dut hori ezeztatu behar. Nahiz eta, nik neuk ez diet, momentuz, behar izanik justifikatzen. Edonola ere, honelako bozgorailu adimendun bat etxean sartu nahi duten horiei, zera esango nieke, ahots-morroi hauek dituzten pribatutasun arazoak kontutan hartzeko.

Izan ere, azken hilabeteotan, trepeta hauek sortzen dituzten pribatutasun arazo larrien berri izan dugu.

Apirilean, Amazoneko langileek Alexarekin berba egiten duten bezeroen elkarrizketak entzuteko aukera daukatela jakin genuen. Are gehiago, El País egunkariaren arabera, egunero zelatatze lan hori burutzen dituzten lan profilak daude Amazoneko langileen artean. Googlek berak ere onartu behar izan zuen, Googleeko langileek – eta beste hirugarrengo azpi-kontrata batzuk -, Google Assistantekin mantentzen diren elkarrizketa zatiak entzuteko aukera daukatela. Eta entzuten dituztela. Appleek, berdin, Sirirekin mantentzen diren elkarrizketak zelatatzen ditu, eta hori egiteko langileak ditu Espainian. Bukatzeko, Windows Mobille sistema eragileak besteekin lehia egiteko izan duen gaitasun eza dela eta, Cortana ahots-morroia W10 sistema eragilean zentratu dute. Baina helburu berberarekin.

Ez naiz gehiago tematuko.

Azken finean, logelan, sukaldean edo egongelan sartuko duzuena ez da itxura modernodun bozgorailua, egiten dizkiozuen galderak erantzun ahal izateko, etengabe piztuta egon behar duen kalitate handidun mikrofonoa baizik.

Apple Inc. zuritzea

Oporretan Datanomics irakurri nuen.

Idazlea, Paloma Llaneza, IT arloan lan egiten duen abokatua da, sistema eta segurtasun-aholkularia eta El País egunkariaren kolaboratzailea. Curriculum hain ona izateko, liburuan egiten dituen zenbait baieztapen oso arrotzak egin zaizkit.

Izan ere, liburuaren sarreran bertan, Apple enpresaren – eta bere CEO den Tim Cook-en – erabateko zuriketa burutzen du.

Llanezaren ustez, Apple enpresaren negozio ereduak ez dauka lotura zuzenik datuen erauzketarekin eta horren ondorioz, ez zaio bitxia iruditzen Tim-ek datu erauzketatik etekinak ateratzen dituzten enpresen kontra gogor jotzea. Gezur galanta. Iritzi hori ezeztatu orduko, Apple-en zuriketa egiteko lagungarria zaion beste iritzi bat komentatu nahiko nuke. Llanezaren esanetan, Tim pribatutasunarekiko konpromiso sendoa duen pertsona da. Ez dut uste hala denik.

Guzti hau hitzaurrea bukatu orduko.

Ez dut hemerotekan oso atzera egin behar, bi baieztapen hauek albiste bakarrarekin deuseztatzeko. Izan ere, 2019 honetan bertan, izen handiko egunkariek Siri-k – Apple enpresaren ahots-morroia -, bere inguruan sortzen ziren hizketaldien zatiak grabatu eta prozesatzen – entzuten – zituela informatzen zuten. Siri-k – aldizka – harreman sexualak ditugula entzuten omen du. Baina lasai, Apple berak “segundo gutxi batzuk” direla aitortzen zigun. Inor lotsagorritu baino lehen. Grabaketa, klimax sexualera heldu orduko egingo duen esperantza daukat.

Lotsagarria deritzodan ohitura dago beraien buruak aurrerakoitzat izanda, kapitalismo teknologikoaren morroi diren aurpegi publiko batzuen artean. Apple Inc. zuritzea. Ez dakit ez ote den izango Apple erosterakoan norberaren burua zuritzeko erabiltzen duten arrazoinamendua edo Apple Inc. bi hippik sortu izanaren eragina.

Dakidana, ordea, zera da, Apple – Microsoft Corp. eta beste teknologia enpresa gehienak bezala -, datu erauzketatik – ere – kapitala metatzen duen enpresa izanik, beraien bezeroen zelatatze masiboa burutzen duela. Zaragozako punk talde bat parafraseatuz: “Ez dago ikusi beharrik elkar jakiteko. Ez dago hitz egin beharrik elkar ulertzeko”.

Zoritxarrez, aipatzen dudan gaurko hau, ikusi, ikusi dugu. Sarritan, saiakera idazle desberdinei, erredakzio-buru batzuei eta Telefonicako txima luzedunen bati, kontrakoa irakurri behar badiet ere.

Stallman-en iritzi defendaezina(k)

Astearte goizean albiste gogor batekin esnarazi zigun FSF-ak (Free Software Foundation): “2019ko irailaren 16an, Free Software Foundationeko sortzaile eta presidente den Richard M. Stallmanek uko egin zion presidente eta zuzendaritza-batzordeko kide izateari. Zuzendaritza-batzordeak presidente berria bilatuko du, berehala hasiko da. Bilaketaren xehetasun gehiago fsf.org webgunean argitaratuko dira. Galderetarako, jarri harremanetan John Sullivan FSFko zuzendari exekutiboarekin Johns (abildua) fsf.org.“. 60 hitz baino gutxiago FSF-ren sortzaile eta zuzendari historikoaren dimisioaren berri emateko. Ez nintzen gai izan albistea ulertzeko.

Gaiari lotzen zaizkion beste zenbait albiste irakurri arte.

Jada jakingo duzue Richard M. Stallman software librearen alde lan egiten duen aktibista dela. Besteak beste, FSF fundazioaren sortzailea, GNU proiektuaren aita, hizlari nekaezina edo Free software, free society liburuaren idazlea. FSF fundazioak hiru hamarkada baino gehiago daramatza software librea sustatzen, eta esango nuke zuzendari bakarra izan duela denbora guzti horretan zehar. Bere sortzailea izandako Stallman, hain zuzen ere.

Aurkezpenak eginda.

Asko laburbilduz. Jeffrey Epstein enpresariak ekimen sozialaren eta judizialaren itzala izan zituen bere gain. Hala behar zuen, kontutan hartzen badugu sexu-esplotazio helburuetarako pertsonen salerosketa leporatzen dion epaia martxan zela. Udan bere buruaz beste egin zuen espetxean. Inbestigazio horren bitartez beste izen batzuk agertu ziren. Zerrenda horretan agertzen den izenetako bat Marvin Minsky da (2016an, 88 urte zituela, zendu zen MIT institutuko irakaslea). Itxura denez, bigarren honek, Epstein sareko neska batekin harreman sexualak izan zituen, neskak 17 urte zituela. Virginia Giuffre da emakumearen izena. Harreman sexual horiek – Giuffre-ek berak salatu zuenez -, bere borondatearen kontrakoak izan ziren. Stallman-ek, Minsky babesteko asmoarekin, MIT-eko posta zerrenda batera e-posta bat bidali zuen. Bestalde, babeste aitzakia horrekin Stalman-ek erabili zituen esaldi batzuk… en fin. Iritziak izanda ere, defendaezinak dira.

Stallman-ek, publikoki, Minsky-k Giuffre bortxatu izana zalantzan jartzen du. Esaldi hauek, badaezpada, ez ditut itzuliko: “We can imagine many scenarios, but the most plausible scenario is that she presented herself to him as entirely willing.“. Esaldi horri, beste hau gehitzen dio: “Assuming she was being coerced by Epstein, he would have had every reason to tell her to conceal that from most of his associates.“.

Zoritxarrez, albiste honen bitartez jakin dudanez, ez da Stallman-ek honelako astakeriak esaten dituen lehen aldia. Geek Feminism Wiki-a irakurtzea gomendatzen dizuet. Gaiak eztanda egin eta gutxira, iragan hurbileko beste albiste batzuk argiztatu ziren. Stallman-ek bere web orrian egiten dituen zenbait iruzkin, adibidez. Hauetako batzuk irakurtzea oso bortitza izan da. Argazki hau bere bulegoko atea omen da. Egia baldin bada, argazki hori misoginoarekin lerratzeko hamaikatxo argumentu bururatzen zaizkit.

Selam Gano-ek – adimen artifizialean aditua eta MIT-eko ikasle ohia – Medium blog plataforman idatzitako Remove Richard Stallman artikuluan nire honetan baino askoz hobeto zehazten da gertatukoa. Bertan aurkituko duzue, besteak beste, Stallman-ek bidalitako e-posta, osorik.

Stallman-i egurra eman dieten iruzkin asko irakurri ditut. Babesa agertu nahian, feminismoa deuseztatzen, ikusi ditudan bezainbeste. Baina ez. Oso gauza desberdinak dira, adibidez, Putzuzulo gaztetxean eman zuen hitzaldia hiru orduz atzeratu izana edo honelako iritziak defendatzea. Gizarte askeago baten ametsa dugun software librearen aldeko ekintzaileok (are gehiago, emakume batek bortxaketa salatu duela kontutan hartzen badugu), Stallman-en adierazpen hauekiko tolerantzia zero izan beharko genukeela uste dut. Software librea egurtzeko albiste hau erabili dutenek, beraien argudioak berrikusi beharko lituzketela pentsatzen dudan modu berdintsuan.

Giuffre-k merezi duen erreparazioa lortzea desiratzen dut. Stallman-ek bere hitzengatik gertatutakoa zalantzan jarri izanagatik barkamena eskatzearekin batera hasi daiteken erreparazioa.