Mammut galdutako generoko ugaztun proboszideoen izen arrunta: mastodon.eus

Ba bai lagunok, Mammut galdutako generoko ugaztun proboszideoen izen arrunta Mastodontea da euskaraz. Antzinako grezieraz: μαστός “ugatz” eta ὀδούς, “hortz”. Eta ez, ez naiz biologoa, hortaz, gauza hauek Wikipedian begiratu behar ditut. Badakizue, entziklopedia askea.

Jakin gabe, etengabe, konturatu gabe, software librea erabiltzen duzue. Egunero-egunero egiten duzuela esango nuke. Bazenekiten Internet erabilgarri izateko ezinbestekoak diren zerbitzari gehienek software libre erabiltzen dutela? Ez bakarrik autogestionatuek, baita enpresa handienenak ere.

Gauzak horrela, ordea, ez da berdin gertatzen egunero erabiltzen ditugun, eta horrenbeste maite ditugun, sare sozialekin. Gehienak, denak ez esateagatik, pribatiboak dira, hau da, ez dute software librearen lau askatasunak bermatzen. Hori gutxi balitz, zentralizatuak dira. Zer esan nahi du honek? Egunenen baten Twitter, Facebook, WhatsApp… zerbitzuz kanpo gelditzen baldin badira, zerbitzuz kanpo geratu garela. Izan ere, ez daukagu inongo kontrolik beraiengan. Google Reader gogoratzen duzue? RSS jarioak irakurtzeko Googlek online eta debalde jarri zuen web aplikazioa? Itxi zutenean guratiko askok, eta gutariko diot ni barne nengoelako, zerbitzu gabe geratu ginen eta RSS jarioak irakurtzeko ezintasunarekin. Baina ez genuen zerbitzua kontrolatzen, hortaz, beraiek nahi bezain pronto, akabo. Itxita. RSS jarioak irakurtzeko beste tresna batzuk aurkitu behar izan genituen. Eskerrak Tiny-tiny RSS garatu zuten. Berdina gertatu izan da Googlek sortutako beste zerbitzu batzuekin, baita beste enpresa askok kudeatutako beste horrenbesterekin ere. Eta etorkizunean Twitterrekin gerta dakiguke. Bai, badakit interes ekonomiko asko dagoela medio, baina gertatu, gertatu daiteke.

Edonola ere, bueltatu gaitezen harira (laburbiltzeko daukadan gaitasun eza barkatuko didazue). Mammut galdutako generoko ugaztun proboszideoen izen arruntaz hari ginen: Mastodon.

Bada, Mastodon galdutako animalia bat baino gehiago da, izan ere, azken urteotan, sare sozial libre eta federatu bati izen hori jarri diote eta: Mastodon. Sare librea da, berau osatzeko erabiltzen den softwarea, software librearen lau askatasunak bermatzen dituelako. Dale. Eta federatua da, zerbitzu bat jauziko balitz komunikazioa bermatuko luketen instantzia asko daudelako. Hortaz, sare banatu bat sortzea ahalbideratzen digu. Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook…) instantzia bakarra egoten da. Mastodonen kasuan hori ez da horrela, elkarren artean federatutako hainbat instantzia baitaude. Konfederalismo demokratikoa. Eta ez bakarrik euren artean erlazionatutako Mastodon instantziak. Baina fedibertsoa zer den hurrengo baterako utziko dugu, nitaz gogaitu orduko (sakondu nahi duenak behean daukan lotura jarrai dezala).

Hala izanik, mastodon.eus Mastodon instantzia bat da. Mundura euskaraz salto egiteko. Mastodonen argitaratutako mezuei toot esaten zaie ingelesez. Momentuz, komunitateak euskarazko hitz bat adosten ez duen bitartean, horrelaxe deituko diegu guk ere. Gai hauetan sakondu nahi baduzue hemen daukazue proiektua sortzeko garatutako ohiko galdera guztiak, bertan nik egin dezakedan baino askoz hobeto azaltzen da kontu guzti hau. Eta ikusmin gehiago sortzeko bideo hau ere eskuragarri daukazue.

Egun batzuk barru aurkeztuko dugu mastodon.eus mundura. Euskaraz, eta euskaratik. Bitartean Mastodontea hobeto ezagutu nahi duenarentzat izen ematea zabalik dago jada.

Ez dut Wikipediako artikulua aldatuko. Ez baitut nahi inork ni bandalismoa egin izanagatik salatzea. Baina:

Mastodonte (antzinako grezieraz: μαστός “ugatz” eta ὀδούς, “hortz”) euskaldunok batu nahi dituen sare sozial librea da.

Izena ematen baduzue eta honelako artikuluetan interesik baduzue, hemen jarraitu nazakezue.

Laburbilduz, oraingoan bai, zin dagizuet:

mastodon.eus euskaldunon Twitter askea da.

 

Etsaia algoritmoa (izan) da(iteke)

Aurreko blog bidalketa, blog honen aurkezpen sinple bat baino ez zen.

Autodefentsa digitaleko tailerrak antolatzen ditugu informatika elkartean. Aktibistei zuzendutakoak. Helburu nagusia teknologiak gure egunerokotasunean duen eraginaren eta zelatatze sistemen inguruko hausnarketa kolektiboa egitea delarik. Bide batez, bideragarria den heinean, zelatatze sistema horiek ekiditen ikastea da bigarren helburua. Izan ere, Euskal Herrian badira gu zelatzeko zenbait proiektu; asko urrundu gabe SITEL, OSEMINTI edo Schengen Information System kasu. Baina baita PRISM ere.

Kontua da tailer horietan guztietan estatu zelatarien gaiak eklipsatzen duela hausnarketa guztia. Medioetan entzuten ditugun albiste gehienak gai hori jorratzen dutelako. Baina oso gutxitan irakurtzen ditugu algoritmoen inguruko artikuluak. Eta gaur egun, etsaia Big Data delakoa da. Behintzat, hala interpretatzen dut nik neuk. Edonola ere, honek ez du esan nahi estatuen zelatatze sistemak borrokatu behar ez ditugunik.

Bi aktore nagusi daude jokoan, etorkizunean aurkeztuko dizkizuet gehiago. Alde batetik, algoritmo okerrak (algoritmo onak ere badaudelako), zelatatze helburuekin, argibide zehatz batzuk definitzen dituen kode zatia. “Arazo” jakin bati irtenbidea emateko modu “logikoa”. Bestetik, Big Data (Datu Handiak edo Datu Masiboak euskaraz) delakoa, prozesatzeko datu ugari dituzten sistema erraldoiak, datu konplexuak gehienetan. Analisi desberdinak eginda, eta algoritmo andana erabilita, datu horiek prozesatzeko gaitasunari deritzogu Big Data. Arin esanda.

TEDx Talks-en, Maria Peiranok, burututako hitzaldi labur baten bideoa jartzen dugu hasieran aipatzen nituen tailerretan. Hitzaldian aipatzen duenaren arabera hiru akats nagusi burutzen ditugu Internetetik nabigatzean. Eta bat nator berarekin. Lehena eguneroko nabigazioan sortzen dugun informazio kopuru handia gutxiestea, bigarrena informazio horrek duen balioa mespretxatzea eta hirugarrena gure arazorik handiena estatu zelatariak direla pentsatzea.

Eta bai, estatuek badute gu zelatatzeko hamaikatxo erreminta. Baina ez dituzte behar. Teknokapitalismoak erakutsi digun moduan gu geu gara datu horiek guztiek, debalde eskaintzen ditugunak. Gure etxeko adreiluzko hormak leiho bihurtuz. WhatsApp, Facebook, Twitter edota Instagram bezalako zerbitzuak erabiltzen ditugun bakoitzean gure bizitzaren zati bat plazaratzen dugu. Gure gorputza (eta aktibisten kasuan ideiak) plaza handi horretan biluzten ditugu. Musu-truk. Informazio guzti horren existentzia hutsak, eta algoritmo okerren laguntzak, imajinatu ezin ditzakegun moduetan ahul bilakatzen gaitu.

Zelatatze maila hau estatu demokratiko batek izan dezakeen gaixotasun larriena da.

Adimenik gabeko gauza adimendunak

Badira bi aste iratzargailua ondatu zitzaidala. Bai, iratzargailua erabiltzen duten horietakoa naiz. Teknofiloa ere banaiz, hortaz, iratzargailu adimendun baten bila hasi nintzen, gaur egun dena izan behar delako adimenduna.

Mundu mailako punta-puntako enpresa desberdinen iratzargailuak ikusi nituen. Egiari sor, ez espero bezain beste. Adimen handiko mundu honetan iratzargailu adimendun baten lana, ordua eman eta bip bip bip jotzeaz gain, bere baitan bozgorailu bat eramatea omen da. Besterik ez. Harri eta zur.

Jakin badakigu mundu kapitalista honetan aldaketarik txikienak ere balio duela produktu teknologiko baten bertsio berria merkaturatzeko, eta iratzargailuen kasuan badirudi bi produkturekin bakarra sortzea ere, nahikoa dela. Baina tira, ekintzailetza ikastaro onenetan, eta txarrenetan, karamelu bati palo bat jartzea munduko berrikuntza adibide nabarmen moduan erakusten duenarentzat, ordulari bati bozgorailu bat jartzeak la ostia izan behar du.

Eta guk erosi.

En fin, iratzargailu adimendunen mundu liluragarri honetan zein berrikuntza zegoen jakin besterik ez nuen nahi, egongo zirelakoan.

Eta zergatik kontatzen dizuedan hau guzti hau… ba tira, batzuetan teknologiarekin egiten dugunaz, berarekin nola jolasten dugun (edo nola garen bere jostailu), ohartzen ez garela pentsatzen duen konspiranoiko horietakoa naizelako.

Hori izango da blog honen helburua. Teknologiak gizartearengan duen inplikazio sozial eta politikotaz berba egiteko, sare banatu izan nahiko lukeen, Interneteko txoko bat. Argian. Pribatutasuna eta software librea izango dira blog honetako ardatz nagusiak. Eta ez, ez da teknologia albistegi bat izango. Informazio amaraun honetan, badugu hausnartu gabeko informazio nahikoa. Teknologia eta bere erabileren inguruko esparru kritiko bat sortzea da helburua. Lortzen dudan zuok erabaki beharko duzue.

Agian, noizean behin nire bizi pertsonaleko daturen bat emango dizuet. Adibidez, iratzargailu adimendunak erosten ez dituen horietakoa naizela (momentuz). Edo palodun karamelua baino, nahiago dudala ahoan enbarazu egiten ez didaten karamelu ez berritzaileak jatea. Bi datu oso interesgarri.

Eurak dira adimenik gabeko gauza adimendunak sortzen dituztenak, guk beste gauza batzuk sortzen saiatu behar gara. Hona hemen nire saiakera.