Algoritmo Lehendakaria

Nire teilatura harriak botako baditut ere, gaurko irakurketa erraztuko dizuet. Hau da, funtsean, artikulu honetan – eta datorren hilabetetan etorriko diren hausnarketetan -, defendatu nahi dudan ondorio nagusia: Aitortuko dizuet. Nazkatuta nago. Oso nazkatuta, data zientzia, hausnarketa etikorik, filosofikorik edo politikorik egin gabe, edozein esparrura moldatu daitezkeen matematika hutsak direla uste duten horietaz. Etorkizun teknologiko bat, halabeharrez, perfektua izango dela uste duten horietaz hain zuzen ere.

Spoilerra eginda. Hemendik aurrera irakurri nahi ote duzuen, zuok erabaki.

Aurrekoan TED hitzaldi bat entzun nuen. Normalean ez dut ezer interesgarria aurkitzen gehienetan kapitalismoa teknologikoa zuritzeko ezinbestekoak diren hitzaldi horietan, ezta ere, teknologiaren inguruan hausnartzen dutenean. Baina noizean behin sorpresatxoren bat edo beste eman izan didanez, noizbehinka podcast zerrenda errepasatu eta interesgarri iruditzen zaidana entzuten dut. Autobusean edo. Baina, gehienetan hautaketan, kale egiten dut. Oraingo honetan nire jakin-mina piztu zuenak César Hidalgo-ren “Politikariak ordezkatzeko ideia ausarta” izan zen. Entzun ostean, titulu aldaketa proposamen bat egingo nioke: “Algoritmo matematiko lehendakari”.

Galdera batekin hasten du bere hitzaldia: “Ni bakarrik naiz, ala beste pertsona batzuk daude hemen apur bat etsita demokraziarekin?“. Mundu mailan azken 30 urteetan egindako azken hauteskundeen datuak aztertuz, parte-hartze datu hotz batzuk bota ditu. M15 bezalako mugimenduak aztertzeko parada hartu izan balu agian, galdera onartuko nioke. Baina ezta hori ere. Berriz diot: datu hotzak. Bere hurrengo esaldia beste hau da: “Eta ezin zaie errua egotzi, jendea nekatuta dagoelako politikariekin…“. Momentu honetan bertan, hitzaldiko lehen akatsa egiten duela uste dut: demokrazia eta politikari hitzak sinonimo perfektutzat erabiltzea. Tranpa egitea nire aburuz. Eta esango nuke berak ere badakiela. Bideoaren 01:09 minututik aurrera bere hausnarketa helarazten digu.

Erabat ondorio okerrekin, politologoa ez den aktibista honen uste apalean.

Paragrafo hau oso esanguratsua iruditu zait: “Baina praktikan, botere hori gure izenean erabil dezakeen ordezkari baten esku utzi behar dugu. Ordezkari hori botila lepo bat da, edo puntu ahul bat. Demokraziari eraso egin nahi bazaio, leku horretara jo behar da, demokrazia harrapa baitaiteke, dela ordezkaria harrapatuz, dela jendeak ordezkaria aukeratzeko erabiltzen duen modua harrapatuz.“. Eta agian ni izango naiz, eztakit, baina esango nuke zutabe horretan oinarritzen dituela bere argumentu guztiak. Kontuan hartuta – lehen paragrafoan aipatu dudan bezala -, bere ekarpena algoritmo lehendakaria dela, oso arrazoitze pobrea eta eskasa deritzot (ez dut uste nire azken baieztapen honek azalpen handirik behar duenik, baina behar duenak, utzi dezala iruzkin bat eta azalduko diot).

Eta sarrera luze honen ondoren, gaurko artikulu honen ardatzera heldu gara. Hidalgo-k planteatzen digun galdera nagusia erantzuteko ariketa kolektibo proposamenera: “Eta politikariak saihestu beharrean, horiek automatizatzen saiatzen bagara?“. Nik badut galdera horrentzat iritzi bat. Eta ezin dudanez dena aztertu, hiru zutabe nagusitara mugatuko dut erantzuna. Baina ez gaur. Hilabete barru.

Bitarte horretan, zuon buruari galdera bat egitea eta erantzun bat hausnartzea proposatzen dizuet. Zientzia fikzio jokoetan arituko gara:

Eta EAEko lehendakaria algoritmo bilakatuko bagenu? Hau da, eta hurrengo lehendakaria Algoritmo Lehendakari izango balitz?

Nahi baduzue utzi zuon hausnarketak iruzkinetan. Hilabete barru neureak. Punkamine-ren arkakuso lehendakari nahiago dudala aurreratuko dizuet.

Arduragabekeria digitala

Esango nuke telefono mugikorrean instalatzen ditugun aplikazioak arduragabekeria handiz instalatzen ditugula.

Hau da, gure telefonoan aplikazio bat instalatu orduko ez dugula sakoneko – kasu gehienetan ezta azalekoa ere – azterketa burutzen. Garatzailea nor den, aplikazioak zer egiten duen, nora konektatzen den, zertan lagunduko digun edo zein den garatzailearen etekina – gehienetan doako – aplikazio hori instalatzekotan.

Yonki digitalak garela onartu beharrean gaude. Ezinbestekoa zaigun dosi berriaren bila. Etengabe.

Gure telefono mugikorretan azken aplikazio moloia instalatuta nahi dugu. Eskaintza agortu orduko. Ustez, gainera, gure sistema eragilearen aplikazio dendan dauden produktu guztiak seguruak eta pribatuak direla.

Baina, lagunok, hori ez da inondik inora denda hauen errealitatea.

Azken egunotan Face App aplikazioa bolo-bolo ibili da gure telefono mugikorretan. Igandean nire gurasoekin jaten nengoela, ea probatu nuen galdegin zidaten. Aho bete hortz utzi ninduten. Denok nahi izan dugu – behintzat askok nahi izan dute – Face App aplikazioak erabiltzen duen adimen artifizialak norberaren selfiearen prozesamendua burutzea. Atso horrek zein itxura izango duen jakiteko asmoz.

Behar horrek zein fetitxismori erantzuten dion psikologo on batek azaldu beharko digula uste dudanez, pribatutasunean zentratuko naiz.

Face App bezalako aplikazioen helburua ez da edadetzen garenean nolako aurpegia izango dugun erakutsiz gure barreak – edo beste batzuenak – eragitea. Barre horrek ez diolako garatzaileari inongo etekin ekonomikorik uzten. Lagunok, mundu puta honetan, app garatzaile gehienek, etekin ekonomikoa nondik aterako den pentsatzen dute kode lerro bakarra idatzi orduko.

Aste bakarrean zaku bete selfie lortu dituen Face App-ak, mundu mailako profil desberdinak lortzeko aukera izan du: umeak, gazteak, helduak. Zuriak, beltzak, mestizoak. Emakumeak, gizonak. Bururatzen zait, big data teknikak aplikatuz, asko ikasi dezakeela aurpegi ezagutza hardwareak saltzen duen enpresa batek. Edo bere biztanleria zelatatu nahi duen gobernu totalitario – edo ez hain totalitario – batek.

Kasurik onenean zure telefonoan spywarea instalatzeko aukera handiak dituzu.

Baina ez da aplikazio hau etorkizunean arazoak sortu ditzakeen lehen aplikazioa. Hala balitz gaitz-erdi! Egiari zor, beldurra ematen didate eskumuturrean eramaten ditugun kirol monitore horiek. Guraso batzuek beraien seme-alabak non dauden jakiteko erabiltzen dituzten GPS jarraipen sistemek. Irensten ditugun kalorien zenbaketa egiten duten aplikazioek. Beraien etxeetan lagun batzuek jartzen hasi diren bozgorailu adimendunek… eta luze jarraitu nezake.

Beldurra ematen dit, laburbilduz, jendarte honek datuak modu hain arduragabean oparitzea. Kappitalismoaren erroak gure sukalderaino sartu izanak beldurtzen nau. Funtsean, zure selfie horrekin, nire aurpegiaren azterketa sakona egiteko aukera oparitu izana.

Adimenik gabeko gauza adimendunak

Badira bi aste iratzargailua ondatu zitzaidala. Bai, iratzargailua erabiltzen duten horietakoa naiz. Teknofiloa ere banaiz, hortaz, iratzargailu adimendun baten bila hasi nintzen, gaur egun dena izan behar delako adimenduna.

Mundu mailako punta-puntako enpresa desberdinen iratzargailuak ikusi nituen. Egiari sor, ez espero bezain beste. Adimen handiko mundu honetan iratzargailu adimendun baten lana, ordua eman eta bip bip bip jotzeaz gain, bere baitan bozgorailu bat eramatea omen da. Besterik ez. Harri eta zur.

Jakin badakigu mundu kapitalista honetan aldaketarik txikienak ere balio duela produktu teknologiko baten bertsio berria merkaturatzeko, eta iratzargailuen kasuan badirudi bi produkturekin bakarra sortzea ere, nahikoa dela. Baina tira, ekintzailetza ikastaro onenetan, eta txarrenetan, karamelu bati palo bat jartzea munduko berrikuntza adibide nabarmen moduan erakusten duenarentzat, ordulari bati bozgorailu bat jartzeak la ostia izan behar du.

Eta guk erosi.

En fin, iratzargailu adimendunen mundu liluragarri honetan zein berrikuntza zegoen jakin besterik ez nuen nahi, egongo zirelakoan.

Eta zergatik kontatzen dizuedan hau guzti hau… ba tira, batzuetan teknologiarekin egiten dugunaz, berarekin nola jolasten dugun (edo nola garen bere jostailu), ohartzen ez garela pentsatzen duen konspiranoiko horietakoa naizelako.

Hori izango da blog honen helburua. Teknologiak gizartearengan duen inplikazio sozial eta politikotaz berba egiteko, sare banatu izan nahiko lukeen, Interneteko txoko bat. Argian. Pribatutasuna eta software librea izango dira blog honetako ardatz nagusiak. Eta ez, ez da teknologia albistegi bat izango. Informazio amaraun honetan, badugu hausnartu gabeko informazio nahikoa. Teknologia eta bere erabileren inguruko esparru kritiko bat sortzea da helburua. Lortzen dudan zuok erabaki beharko duzue.

Agian, noizean behin nire bizi pertsonaleko daturen bat emango dizuet. Adibidez, iratzargailu adimendunak erosten ez dituen horietakoa naizela (momentuz). Edo palodun karamelua baino, nahiago dudala ahoan enbarazu egiten ez didaten karamelu ez berritzaileak jatea. Bi datu oso interesgarri.

Eurak dira adimenik gabeko gauza adimendunak sortzen dituztenak, guk beste gauza batzuk sortzen saiatu behar gara. Hona hemen nire saiakera.