Covid-19 denontzat?

Hasi aurretik: barkatu ironia. Ohikoa dudana baino askoz sinpleagoa baita.

Aurreko astean esan nizuen bezala, Covid-19aren inguruan zero baino hitz-kopuru txikiagoa idaztea zen nire helburua. Errespetu gutxi izan behar dut nire buruarekiko, hemen baitoa zomorroa kontrolatzeko aplikazioei buruzko bigarren iritzi artikulua. Bi. Bi astetan.

Eskema honekin -eta beste zenbaitekin-, gau eta egun kontrolatzen gaituen aplikazio baten beharra justifikatu nahi da. Baita gu jarraitzearekin pozik ez, eta hirugarrengoei gure mugimenduen berri eman nahi diona. Metatuak ala ez. Badirudi Google eta Apple prestatzen ari diren APIa maiatzean jarriko dela martxan. Eta ez zara harengandik libratuko, ez bada, dirudienez, Google Services ez darabilzulako.

Onartuko didazu eskema hori komentatzea (eskema horretan bakarrik zentratuko naiz).

Irudi horrek pentsatzera ematen didanaren azalpen laburra nahi baduzu, bi esaldi hauek irakur ditzakezu. Zu konbentzitzeko nahikoa balitz, ez dizut artikulu hau irakurtzera derrigortuko. Bestela, segi.

Egia da grafikoak soilik esplotatzen gaituzten soldatak lortzeko egin behar ditugun mugimenduak aipatzen dituela. Zerbaitengatik aukeratu dut. Zertarako hitz egingo dugu kalean pixka bat aireztatzeaz eta, segundo batzuez bada ere, zomorroaz kezkatzeari uzteko eguzkia hartzera irteteaz? Produktibitatea beti!

Amen.

A subjektua da pelikula horretan Covid-19 gaixotasuna hartuko duena, eta grafiko horren arabera, lan egitera joateko betebeharra duelako hartuko du -ez dut uste inor doanik lanera sinpleki gustuko duelako-. A subjektua B, C, D, E, F, G, H eta I subjektuekin egongo edo gurutzatuko da lehen egunean. Pentsatuko dut ez dela gai izan beste subjektuekiko 2 metroko segurtasun-distantzia mantentzeko. Izan ere, ulertzen dut A subjektuak segurtasun distantzia hori jartzeko behar diren neurriak eskura izango balitu, ez litzatekeela, zera hori gustuko duelako, kutsatuko. Trenean, C eta D kutsatu ahal izan ditu, bere bluetooth-aren (adibidez) eta gainerako subjektuen bluetooth-aren arteko distantziak hala adierazten duelako. Gauza bera gertatzen da E, F, G, H eta I-rekin, baina lanpostuan. Eta B-rekin etxean.

Bigarren egunean, A-k sukarra du eta test bat egin diote -duela gutxi Osakidetzako langileentzat egiten ez zituzten horietakoa-, eta, zoritxarrez, positiboa ematen dio. Antza, A-k sintoma horien berri ematen du aplikazioan. Suposatu nahi dut eragiketa hori eskuz egiten duela aplikazioan bertan. Pentsatu nahi dudalako zentzugabekeria dela aplikazioak bere historia medikorako sarbidea izatea. Eta eskuz egindako ohar horri esker, B, C, D, E, F eta G-k 14 eguneko berrogeialdi politaz goza dezakete. Etxean baina lanean. Gogoratu mantra: produzitzeko adinean daude.

Eskema horretan pertsona bat falta da. Baliteke bat baino gehiagoren falta egotea ere. Aztertu dezagun X jauna. A lanera segurtasun-neurriak bete gabe joatera behartzeko legislatu duen subjektua. Legegilea. Legegile horrek, ezin baditu A-k eta gainerako subjektu guztiek behar dituzten segurtasun neurriak bermatu, A-k ez luke lanera joan behar.

A beldur da eta larunbat gauetan ere ez da dantzatzera irteten.

Beharbada, bi metroko distantzian egongo da irtenbidea. Ez aplikazioan. Eta, agian, hori nahikoa izango da, alfabeto guztia etengabe monitorizatu behar ez izateko. A-tik Z-ra. Baina egia da, baita ere, bi metroko segurtasunak ez diela balio ekonomikorik ematen alfabetoko datuak ustiatuko dituzten enpresei (ez baituzue pentsatuko aplikazio hauek sortu eta kudeatu administrazio publikoak egingo duenik, ezta? JA!).

Edo X-en lagunak diren epaile eta poliziei.

Onartzen dut nire argudioak akats bat duela: B subjektuarteko distantzia. Izan ere, etxean zaila izango da bi metroko tartea gordetzea. 30 metrotan, balkoirik gabe, bizi dira A eta B. Are zailagoa, A-ren eta B-ren artean larrutan egin nahi badute. Baina okerrenean ere, eskema horretan bi kutsatu posible daude. A eta B. Ez zortzi. Era berean, espero dut grafikoa proposatu duen horrek onartzea A trenera jaisten denean baranda ukitzen badu eta ordu batzuen buruan J-k baranda beretik eskua pasatzen badu, ezer gutxirako balio diola J-ri kontaktuen arakatze-aplikazioa.

Tira, nik argi daukat: ahal dela bi metroko segurtasun distantzia jartzea eta nork bere burua masturbatzea. Eta proposatzen dudan protokolo honek, lanera joatea bideratuko luke, beharrezkoak diren segurtasun baliabideak baleude.

Ez horregatik.

Ondorio oker batetik abiatuz

Jainkoa hil egin da

Nola adiskidetu gaitezke, hiltzaile guztien artean hiltzaileenak? Munduan izan den santuena eta boteretsuena gure ganibeten azpian geratu da: nork garbituko du odol hori? Zer urak garbituko gaitu? Zer erritu sakratu asmatu beharko genuke? Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?

Nietzsche

Ez nuen SARS-CoV-2 birusaz edo Covid-19 gaixotasunaz idazteko asmorik eta azkenean, zeharka bada ere… Egin dut.

Asko dira gaiari buruz hitz egin duten komunikabideak edo gai horri (baita teknologikoari ere), akaso, nik baino askoz ekarpen handiagoa egin diezaioketen adituak. Hala ere, esaldi sinple honek, “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira irtenbidea”, hain da bortitza, hain da arrunta eta hain da gezurra, ezen idatziz aurka egitea erabaki dudala. Eta saiatuko naiz pandemiari buruz gehiegi ez hitz egiten.

Berrogeialdia bukatu ostean, Covid-19 gaixotasun-gorakadaren irtenbidea, besteak beste, kontaktuen arakatze-aplikazio baten eskutik datorrela pentsatzen dute askok. Eta onartuko diet ondorio bera lor daitekeela, ikuspuntu desberdin eta erabat distanteetatik abiatuta ere. Adibidez, badago uste duenik kontaktuen arakatze-aplikazio horrek EZ duela erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar. Beste zenbaiten usteak, ordea, BAIETZ, aplikazioak erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar duela. Batzuek, zein besteek, ondorio beharko lukeen zera horretatik abiatzen dira: kontaktuen arakatze-aplikazio bat behar dugula.

Eta ondorioa borobiltzeko, ondorio kontzeptua zer den ulertu zuen batek -gurean ezagunegia den epaile ohiak-, uste du, gainera, datu horiek, hala badagokio, helburu polizialekin ustiatu beharko liratekeela. Baina ez naiz horretan sartuko. Fernandoren kontra argumentatzeak, dakizuen bezala, ezer gutxirako balio ei du.

Ondorioa, hiru kasuetan, okerra dela uste dut.

Argi dago azken aste hauetan protagonismo handiagoa eman diogula teknologiari. Eta logikoa da. Baina teknologiari botere gehiago emanez gero, teknologia dena ahal duen eta dena salbatzen duen Jainko moduko bat dela -edo teknokrazia madarikatu batean bizi garela- pentsatzen buka genezake. Kontzeptu bien artean, alde izugarria dago.

Eta helburua zehazki, zein da, gaixotasunaren gorakada etetea ala aplikazioa sortzea? Galdetu diet.

Baliteke gure itzala monitorizatuko duen aplikazio bat behar izatea. Berau ikusezina izan ala ez -ikusezina aplikazioa, ez itzala-. Hala ere, oraindik ez dut inor aurkitu, aplikazioa ezinbestekoa dela pentsatuz, aplikazioa gaixoen (edo hildakoen, agian garrantzitsuena dena) kopurua arintzeko baliozkoa dela konbentzitu nauenik. Eta konbentzitu ez nauten horiek, gehienetan -eta ez beti modu atseginenetan-, esan didate ni naizela haiek konbentzitu behar dituena. Bistan denez. En fin.

Komunitate bat osatzen duten norbanakoen % 60k, gutxienez, aplikazio hori erabili beharko luke eraginkorra izan dadin. Behintzat hori irakurri nuen herenegun. Nire ustez, aplikazioa erabiltzen ez duen norbanako bakarrak, zulo nabarmena sortzen du kontaktuen arakatze-aplikazioen aldeko argudiaketan. Baina tira, jarrai dezagun. Komunitate baten % 60ko erabilera bermatzea lan zaila da. 2015ean gutxienez munduko biztanleriaren % 36 muturreko pobrezian bizi zela onartzen badugu behintzat (dolar bat baino gutxiago egunero). Kasurik onenean, artikulu hau irekitzen duen esaldia alda nezake: “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira gizon zuria ez desagertarazteko irtenbidea”.

Eta jasota gera dadila: zalantzan jartzen dut kontaktuen arakatze-aplikazio bat ezinbestekoa denik gizon zuria desager ez dadin. Besteak beste, muturreko pobrezia neurtzeko eskalak zalantzan jarri daitezkeelako (hau da, onartzea, muturreko pobrezia onartutakoa baino handiagoa dela, baita geurean ere) eta aplikazioak gezurrezko lasaitasun oso kaltegarria sor dezakeelako. Era berean, eta alde moralari jarraiki, aplikazio hauek gaixoaren estigmatizazioa eta gaixo ez dagoenaren kriminalizazioa suposatzen dutelakoan nago. Agian azken ideia honek, bizi gaituen gizarte ekonomizatu honetan, maila praktikoan, ez du berebiziko arazoa plantatzen. Honen inguruan hausnartu beharko genukeela esango nuke.

Esateak libre diren egunotan: “Kontsentsu bakarra dago: Jainkoa ez da hil egin … Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?”.

Euskal hezkuntzaren egoera teknologikoa kontutan hartuta…

Aurreko blog bidalketa baten aurreratu nizuen moduan, Durangoko Azokako igandean, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken asteotan landutako komunikatuaren berri eman zigun. Sarean aspaldi irakurri daiteke komunikatu hori, izan ere, eragile desberdinei berau aurkeztu eta sinatze fasean egon da taldea Durangon aurkeztu orduko.

Bost dira Hezkuntza ere Librezale taldeak plazaratzen dituen hausnarketak, Administrazioari eskari zuzena eginez eta irakaskuntza komunitateari ohar desberdinak luzatuz. Honela laburtu genitzake: ikasleen datuak esku pribatuetan utzi ordez, datu horien pribatutasuna bermatuko duen sistema baten alde egitea. Chromebook gailuen zaharkitze programatua dela eta, arduragabekeria dela berauen alde egitea. Gailu horietan euskararen presentzia enpresa zehatz batzuen eskutan geratzen dela salatzea, are gehiago, gailu hauen zenbait atal euskaraz ez daudela ohartaraztea. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinetara mugatzea hezkuntza digitalaren murrizketa ekarriko duela. Bukatzeko, Microsoft-en eta Google-en azpiegiturak erabiltzea, hezkuntza komunitatearengan, dependentzia sortuko duela.

Argi dago Hezkuntzan ere Librezale taldearen komunikatuaren kontra argumentatu nahi duenak, ezin izango duela egin dokumentuaren argumentu faltagatik.

Administrazioari interpelazio zuzena eginez, honela bukatzen da komunikatua: Administrazioari dei egin nahi diogu digitalizazio prozesuan gidaritza eta laguntza teknikoa egin dezan, azpiegitura libre, jasangarri eta ahaldunduko gaituena ezartzeko; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi gure ikasleon hezkuntza digitala.

Gogoratu Hezkuntzan ere Librezaleren komunikatu osoa irakurri nahi duenak, sarean duela eskuragarri. Irakurketa bat, gutxienez, merezi du. Are gehiago kontuan hartzen badugu, ez direla gutxi izan komunikatu honen alde beraien sinadura utzi duten eragileak.

Bada, bat egiten dut, hitzez-hitz, komunikatu honekin, eta nik ere uste dut badela garaia prozesu honen inguruko eztabaida emateko. Hain zuzen ere, hori da, Kabi@ gunean eztabaidatu genuen gaietako bat eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausuak zeintzuk diren zirriborratu genituen. Hala nola, hurrengo bileraren data otsail aldera zehaztu genuen, posibleki Eibarren.

Beraz, adi ibili, eta ni/gu bezala bost puntu nagusi eta eskari hauekin bat egiten baduzu, Hezkuntzan ere Librezale-ren Telegram taldean edo Matrix gelan sartu, informatu eta zure ingurua aktibatu.

Algoritmo Lehendakaria

Nire teilatura harriak botako baditut ere, gaurko irakurketa erraztuko dizuet. Hau da, funtsean, artikulu honetan – eta datorren hilabetetan etorriko diren hausnarketetan -, defendatu nahi dudan ondorio nagusia: Aitortuko dizuet. Nazkatuta nago. Oso nazkatuta, data zientzia, hausnarketa etikorik, filosofikorik edo politikorik egin gabe, edozein esparrura moldatu daitezkeen matematika hutsak direla uste duten horietaz. Etorkizun teknologiko bat, halabeharrez, perfektua izango dela uste duten horietaz hain zuzen ere.

Spoilerra eginda. Hemendik aurrera irakurri nahi ote duzuen, zuok erabaki.

Aurrekoan TED hitzaldi bat entzun nuen. Normalean ez dut ezer interesgarria aurkitzen gehienetan kapitalismoa teknologikoa zuritzeko ezinbestekoak diren hitzaldi horietan, ezta ere, teknologiaren inguruan hausnartzen dutenean. Baina noizean behin sorpresatxoren bat edo beste eman izan didanez, noizbehinka podcast zerrenda errepasatu eta interesgarri iruditzen zaidana entzuten dut. Autobusean edo. Baina, gehienetan hautaketan, kale egiten dut. Oraingo honetan nire jakin-mina piztu zuenak César Hidalgo-ren “Politikariak ordezkatzeko ideia ausarta” izan zen. Entzun ostean, titulu aldaketa proposamen bat egingo nioke: “Algoritmo matematiko lehendakari”.

Galdera batekin hasten du bere hitzaldia: “Ni bakarrik naiz, ala beste pertsona batzuk daude hemen apur bat etsita demokraziarekin?“. Mundu mailan azken 30 urteetan egindako azken hauteskundeen datuak aztertuz, parte-hartze datu hotz batzuk bota ditu. M15 bezalako mugimenduak aztertzeko parada hartu izan balu agian, galdera onartuko nioke. Baina ezta hori ere. Berriz diot: datu hotzak. Bere hurrengo esaldia beste hau da: “Eta ezin zaie errua egotzi, jendea nekatuta dagoelako politikariekin…“. Momentu honetan bertan, hitzaldiko lehen akatsa egiten duela uste dut: demokrazia eta politikari hitzak sinonimo perfektutzat erabiltzea. Tranpa egitea nire aburuz. Eta esango nuke berak ere badakiela. Bideoaren 01:09 minututik aurrera bere hausnarketa helarazten digu.

Erabat ondorio okerrekin, politologoa ez den aktibista honen uste apalean.

Paragrafo hau oso esanguratsua iruditu zait: “Baina praktikan, botere hori gure izenean erabil dezakeen ordezkari baten esku utzi behar dugu. Ordezkari hori botila lepo bat da, edo puntu ahul bat. Demokraziari eraso egin nahi bazaio, leku horretara jo behar da, demokrazia harrapa baitaiteke, dela ordezkaria harrapatuz, dela jendeak ordezkaria aukeratzeko erabiltzen duen modua harrapatuz.“. Eta agian ni izango naiz, eztakit, baina esango nuke zutabe horretan oinarritzen dituela bere argumentu guztiak. Kontuan hartuta – lehen paragrafoan aipatu dudan bezala -, bere ekarpena algoritmo lehendakaria dela, oso arrazoitze pobrea eta eskasa deritzot (ez dut uste nire azken baieztapen honek azalpen handirik behar duenik, baina behar duenak, utzi dezala iruzkin bat eta azalduko diot).

Eta sarrera luze honen ondoren, gaurko artikulu honen ardatzera heldu gara. Hidalgo-k planteatzen digun galdera nagusia erantzuteko ariketa kolektibo proposamenera: “Eta politikariak saihestu beharrean, horiek automatizatzen saiatzen bagara?“. Nik badut galdera horrentzat iritzi bat. Eta ezin dudanez dena aztertu, hiru zutabe nagusitara mugatuko dut erantzuna. Baina ez gaur. Hilabete barru.

Bitarte horretan, zuon buruari galdera bat egitea eta erantzun bat hausnartzea proposatzen dizuet. Zientzia fikzio jokoetan arituko gara:

Eta EAEko lehendakaria algoritmo bilakatuko bagenu? Hau da, eta hurrengo lehendakaria Algoritmo Lehendakari izango balitz?

Nahi baduzue utzi zuon hausnarketak iruzkinetan. Hilabete barru neureak. Punkamine-ren arkakuso lehendakari nahiago dudala aurreratuko dizuet.

Hodeia ez da existitzen

…beste norbaiten ordenagailua da.

Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.

Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!

Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.

Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.

Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.

Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.

Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.