Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Galesen deialdia egin dute: "Planeta salbatzen laguntzeko, egin zaitez erlezain"

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Galesen deialdia egin dute: "Planeta salbatzen laguntzeko, egin zaitez erlezain"

2007-05-04

Britainia Handian, Galesko Erlezainen Elkartearen (WBA, ingelesezko sigletan) lehendakariak bilkura egin berria du Erresuma Batuan erle aferez okupatzen den funtzionari nagusiarekin, eta hura bukatutakoan deialdia zabaldu zien Galesko herritarrei, jende gehiago engaiatu dadin erlezain lanetan. Alde batera utzirik azken denbora hauetako erle galera handia, John Taylor erlezainen presidenteak adierazi zuen Varroa izeneko parasitoak akabatu dituela inguruetako erle basati gehienak, eta naturak hain beharrezkoak dituen erleek iraun dezaten gizakiaren laguntza behar dutela. "Gure erlauntzetan dauzkagunak -esan zuen Taylorrek- artatu ditzakegu botikaz, baina erlekumeetan atera eta basoetara joan diren horietatik gehienak hil egingo dira.  Gaur egun dauden erle gehienak erlezainon kofoinetakoak dira. (...) Erlezain gehiago behar ditugu, erleek egin beharreko lan guztia egin ahal izan dezaten", eta aipatu zituen horrela ez izatekotan zer nolako kalteak jasan behar dituzten baratzezain eta laborariek.

BBC-k "Welsh urged to become beekeepers"
titulupeko kronikan azaldu zuenez, Taylorrek gogora ekarri zuen Albert Einsteinen esaldi famatu hura, alegia, erlerik gabe gizadiak lau urteko bizia zeukala aurrean, polinizazioaren gehiena xomorro hauek bermatzen dutelako. "Geroztik jende batzuek ohartu dira kalkulu horiek ez zirela erabat xuxenak, behar bada zazpi urteko bizia geldituko litzaiokeela gizakiari, baina Einstein bide onean ari zen". Erleen biziraupenean laguntzeko, esan zuen erlezain izan nahi duen batek hiru gauza behar dituela: bat, liburu bat irakurri; bi, erlezain baten lagun egin; eta hiru, elkarte batean sartu. "Atzekoz aurrera hastea duzue onena: elkarte batera jo eta han aurkituko dituzue erlezainak, eta hauek esango dizuete zein liburu irakurri".

Entzule kaletarrak animatzeko, John Taylorrek azpimarratu zuen erlezaintza ez dela derrigorrez baserrilekuetako gauza. "Ingalaterrako Bankuaren goiko ganbaran ere eduki izan dituzte erleak, eta Londresko alderdi haiek ezagutzen dituzuenok ondo dakizue zelai askorik ez dela inguruetan". Bere mintzaldia bururatzeko, hau esan zuen: "Planeta salbatzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez erlezain".

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan