Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Julian Urkiola, Asiako liztorraz: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Julian Urkiola, Asiako liztorraz: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»

2011-02-14

Artikulu interesgarria eskaini du Hernaniko Kronika egunkariak liztor asiatiko edo Vespa Velutinaz. Bi ataletan banatuta dator, oso argazki ikusgarriz horniturik. Batak Julian Urkiolaren esaldi bat dakar izenburu: "Julian Urkiola - Gipuzkoako Erlazainen Elkarteko lehendakaria: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»". Bigarrena: "Erleak hil, kumeei emateko".

Liztor asiatikoa Hernanin da
Erleak hil, kumeei emateko

«Erlea erdibi egiten du. Hankekin heldu, eta aurreko bi pintzekin zatitzen du, gero kumeei emateko». Julian Ur­kio­la Epelen bizi den usurbildarrak azaldu dizkio xehetasunak Herna­ni­ko Kronikari. Urkiola, Gipuz­koako Erla­zainen Elkarteko lehendakaria da. Erleari bu­ruz gehientsuena dakienetako bat izango da Urkiola, eta buru-belarri ari da, liztor asiatikoa geldituarazteko bi­deak bilatzen.

Hernanira iritsi da

Gipuzkoara iaz iritsi zen. 14 liztor kabi aurkitu dituzte Gipuzkoa ekialdean. Herna­nin, Portu inguruan bota dute bat. Lasarte-Orian, 17 metroko alturan bilatu zuten beste bat. Agi­ñagan, Urnietan, Irunen... Bi­da­soa, Oarso, Donostia ingurura iritsi da, oraingoz, eta Nafarroan, Bortziriak eta Baztan ingururaino. Ez di­rudi hortik pasa denik. Piri­neoak gainditu ditu, 6 urte eta gero. 2004an iritsi zen Frantziara, Bordele ingurura, eta hegoalde osoa kolonizatu du, ordutik. Fran­tzian gogor saiatu dira, baina erremediorik ez dute bilatu.

Erlauntza ‘setiatzen’ dute
Liztor asiatikoak erle-hiltzaileak dira. Erleak airean harrapatzen dituzte, polenez karga-karga eginda datozenean, erlauntzara sartu baino lehen. Bi zati egin, eztena eta benenoa apartatu, eta kumeei eramaten dizkiete. Erlauntza baten aurrean 30 liztor jartzen badira, erleak ez dira atera­tzen, bildurrez. On­dorioz, er­laun­tzako probisioak bu­ka­tzen zaizkie, eta goseak hil­tzen dira. «Erlaun­tza setiatu egiten dutela esan liteke. Erleak ez dira atera­tzen, eta goseak hiltzen dira». Gero, barrura sartu, kumeak hartu, eta euren kabira eramango dituzte. Kalteak izugarriak dira erlazainentzat. Frantzian er­launtza osoak galdu dira, eta beste asko erdira etorri. Erleak nola jokatuko du? Ez dakite erleak nola jokatuko duen. 40 miloi urteko historia du erleak, eta beti aurrera atera izan da. Baina erlazainek ez dakite noiz eta nola erremediatuko duten erleek arazo hau. «Badakigu, asiako erleak aurre egiten diola liztorrari. Defentsa metodoak garatu dituzte. Liztorrari banaka eraso beharrean, taldeka erasotzen diote; 100 erle, liztor baten kontra. Lurrera bota­tzen dute, eta 45º-ko beroa sortzen dute hegoei eraginez. Liztorra ito egiten da». Badirudi, Frantzian dagoeneko, erleak jokaera hori bera hartzen ari direla. Hemengo erleak nola jokatuko duen, ez dakite, oraingoz.

Erremedioa, liztorra ondo ezagutzea
5.000 liztor klase baino ge­hiago daude munduan. Liztor asiatikoa edo erle-hiltzailea da horietako bat. Vespa velutina nigritorax du izen zientifikoa. Hemengo Vespa crabro liztorra adinakoa da, 4-5 cm-koa, eta joera berdintsuak ditu. Txina, India, eta Indonesiakoa da Vespa velutina. Liztorrak nola jokatzen duen ezagututa, erremedioa bilatu litekeela uste dute erlazainek.

Liztor guztiak hil egiten dira, erreginak izan ezik
Liztor kabi batetik 10.000 liztor berri jaioko dira urtero. Ne­guan, denak hil egingo dira, eta erreginek bakarrik iraungo dute hurrengo udaberrira arte. Kabi bakoitzetik 10 erregina atera­tzen dira. Horregatik, suposa­tzekoa da, Gipuzkoan 140 erregina inguru egongo direla, nonbait, lurrean edo enbor-zuloren batean, edo kabi zaharrean, negua pasa­tzen.

«Erreginen arteko borroka, laister hasiko da»

Udaberria ateetan dugu, eta erreginak laister esnatuko dira neguko lo-zorrotik. «Sahatsa loratu da; urritza ere bai, San Jose loreak, txikori-belarrak... mugitu dira. Liztorrak laister esnatuko dira. Esnatu, eta lehenengo, beren arteko bo­rroka hasiko dute, lurralde bat harrapatzeko. Hamarretik bik edo hiruk egingo dute aurrera, eta kabi berriak egiten hasiko dira. Hor jo behar dugu euren kontra», dio Julian Urkiolak.

Kabiak detektatu, GPS bidez markatu, eta tranpa onak jarri

Erlazainek diote, erreginak kabi zaharraren inguruan egongo direla hibernatzen. Horregatik, kabiak GPS bidez markatuko dituzte, lehenengo. Gero, tranpak jarriko dizkiete inguruan, eta inguruko er­laun­tzetan. Eta saiatuko dira erregina guztiak harrapatzen, gero beranduegi izan litekeelako. Tranpa horiek oso sinpleak dira, oraingoz. Erlazai­nek Insalus botilekin egin di­tuzte tranpak: «Inbutu bat egin behar zaio. Sartu dadila, baina atera ez. Barrura sartzeko, ontzi barruan zerbeza, glukosa edo horrelako zerbait jartzen zaie». Etxean egindako tranpa horiek arazo bat dutela dio Urkiolak, «liztorrak sar­tzen dira, baina erleak ere bai, eta baita beste zomorroak ere. Selektiboagoa behar dugu». Horregatik, Diputazioari eskatu diote, tranpa selektiboagoa prestatzeko, liztorra ba­ka­rrik harrapatzeko. Hilabete gutxi barru hasiko da beraz, liztorren kontrako gerra.

Hiltzaileari, tranpa

Liztorra harrapatzeko tranpak eginak dituzte dagoeneko hemengo erlazainek. Iaz jarri zituzten proban. Barruan zerbeza, glukosa, edo tankerakoak bota, eta liztorra hara sartzen da. ‘Inbutu’ moduko bat egiten diote, sartu ahal izateko, baina atera ez. Eta barruan hiltzen dira. Arazo bat du: erleak eta bestelako zomorroak ere sartzen direla. Horregatik, tranpa selektiboagoak eskatu diz­kiote Gipuzkoako Diputazioari.

Julian Urkiola - Gipuzkoako Erlazainen Elkarteko lehendakaria: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»

Globalizazioak ekarri omen du liztor asiatikoa Euro­para. «Bestela, ez zen inoiz iri­tsiko. Ez liztor hau bakarrik, baita landare edo animalia gehiago ere; orain sartzen ari dira. Adibidez, aurkitu berri dugu Agiñagan, beste liztor inbasore bat, arriskurik ez daukana, Sceliphron curvatum; mun­duaren beste muturreko liztor bat da, Vespa velutina be­zala, eta esanguratsua da hona orain iristea. Eu­ro­pa osoan za­baldu da, eta Eus­kal Herrian lehenengo aldiz aurkitu du­gu». Arrazoi bategatik edo bestegatik, kontua da, liztorra he­men dagoela, eta etxean bezala aurkitzen dela, klima honetan:  «han ere leku menditsuetan bi­zi da, baso eta hezetasun as­ko daukan lekuan. Paraje hau paregabea du bizitzeko».

Neguan, kabiak bistan
Negua iritsi denean hasi dira liztor kabiak aurkitzen. Orain agerian geratu dira, baina liztorra ez da orain iritsi, le­hen­go urtean baizik. Arbo­lan egiten du kabia, eta, osto-artean tapatuta egon dira, jendearen bistatik urruti. Kabi horiek hu­tsak daude, eta berriak egiten ekaina-uztailean hasiko dira erreginak. Erreginek, bakar-bakarrik egiten dute kabiaren hasiera. Zelulosa edo paperezkoa egiten dute (hemengo liztorrek bezala), eta lehenengo generazioa hortik jaiotzen da. Haiek jarraituko dute kabia egiten (70 cm luze eta 55 cm zabaleko pelota bat osatu arte). Erre­ginak arrau­tzak jarriko ditu 10.000 exagono txikietan (erleak bezalako exagonoak egiten ditu liztorrak; haundiagoak).

3 aldiz haundiagoa
Liztorra etsai gogorra du erleak, eta ez da gutxiagorako: hiru aldiz haundiagoa da (hemengo liztorra bezala), eta pintza in­dar­tsuak ditu aurrean (bi zati egiten du erlea horiekin). «Erleak etsai gogorra dauka aurrean. Ez dakigu nola erreakzionatuko duen. Erleak bi mo­du­tara jokatzen du. Batetik, in­formazio genetiko izugarria dau­ka: historian zehar tankerako arazoren bat izan badu, be­rriz berdin jokatuko du. Bestela, erremedioa bilatzen saiatuko da. Frantziakoak ari dira erreakzionatzen».

Hernaniko 300 erlauntzak arriskuan
Tranpak jarrita, eta erlearen erreakzioaren zain, erlazainak kezkatuta daude aurten zer gertatu behar duen. Hernanin, 14 erlazain badira, eta gutxi edo gehiago, 300 erlauntza inguru izango dira (erlauntza bakoi­tzak 50.000 edo 80.000 erle izan ditzake). Naparralden, Apa­rrain­en, Uxokoerrekan, Epelen, Osi­ñagan, Akarregin, Jaure­gin... Polinizazioa erleek egiten dute, neurri haundi batean, eta beraz, epe ertainean, uzta eta produkzioetan antzeman liteke, etsai berriaren eragina.

Liztor hiltzailea
(Vespa velutina nigritorax)
Jatorria: Asia (India, Indo­ne­sia, eta Txina).
Generoa: Vespidae,
liztor haundia.
Tamaina handiena: 3 cm langileek eta 5 cm erreginak.
Itxura: beltza, ertz hori-laranjak. Hanka muturrak horiak. Aurrean bi pintza indartsu. Eztena, 6 mm-koa.
Abitata: leku menditsuak, baso eta hezetasun haundiko lekuak.
Kabia: lurretik 15 metrora egiten du, zelulosazkoa. 70 cm luze, 55 cm zabal. 10.000 liztor kabitzen dira.
Janaria: frutetako glukosa eta erleak ematen dizkiete kumeei.

Liztor alfareroa, arriskurik gabeko liztor kanpotarra
Liztor alfareroa ‘ontzigilea’, Sceliphron curvatum aur­kitu du Julian Urkiolak Agi­ña­gan, bere lurrezko kabi eta guz­ti. Espezie hau inbasorea da, ez da bertakoa, eta Euskal Herrian ez dute beste inon aurkitu. Egur zerra edo zerrategi baten on­doan aurkitu zuen Urkiolak. ‘Inbasorea’ da, Europako lu­rralde asko konkistatu dituelako, baina ez dirudi bestelako arriskurik duenik. Lurrez egiten ditu kabiak, 25 mm ingurukoak, lurrezko-ontzi itxu­rakoak ˆhortik bere izena. Armiarma hilak sar­tzen ditu ontzi barruan, ku­meen­tzat jatena. Izatez, Asia­koa da (Kazajistan, Ta­yikistan, Kirguisia, Uzbekis­tan, Afganis­tan ekia, Pakistan, India eta Ne­paleko iparrak). Europa osoa konkistatu eta gero, 1999an, Giro­nan aurkitu zuten, ustez pirineoetatik sartuta; geroztik, Ara­gon, Avila, Soria, Teruel, Valla­do­lid, Burgos, Gua­dalajara, Madril eta Segovian aurkitu dute. Orain, Gipuzkoan.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan