Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (1)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (1)

2008-10-02

Gaur Txekiako errepublikan dagoen eta orduan Inperio Austriar-Hugariarreko herria zen Praporiste-n sortu zen Philipp Tec, 1844ko martxoaren 30ean, Bohemia eskualdean. Izena Filip Tersch ere idatzi izan zaion hau 35 urte bete zituenerako mediku ospetsua zen Marburg-en. Hiri hau orduan Styria eskualdearen zati zen eta I. Mundu Gerraz geroztik Eslobeniako mugen barruan dago. Terc izan da erlearen pozoia gizakiak sendatzen erabiltzeko terapia modernoa sortu duena.

Mediku gaztea erreumatismoagatik oinazetan bizi zen. Arik eta behin lorategian zegoela erleek ziztatu zuten arte. Haren harridurarako, min guztiak desagertu zitzaizkion. Tercek berak aitortua da lehendik entzunak zituela erleen eztendakaz sendatutako artritikoen ixtorioak, baina barregarri zitzaizkiola. Bere larruan frogatutakoan, arreta handiagoz aztertu zuen kontua eta ziur zekien ikerketa sakonagoa merezi zuela. Baina aurrera nola egin asmatu ezinik, bazter batean ahaztuta omen zeukan.

1879an emakume aberats bat joan omen zitzaion bulegora, buruko neuralgia sofritzen zuena eta gainera erabat sorra. Emazte harekin gertatua 1904an kontatu zien erlezainei hitzaldi famatu batean:

“Emakume honek, oso aberatsa bera, lehendik mediku asko bisitatu eta erremedio anitz zituen probatuak. Nik bide beretik proposatu nizkion gomendio guztiei ezetz erantzun zien, bururatu zitzaidan tratamendu orori ‘ez dit balio’ egiten zion arrapostu. ‘Zuregandik zerbait berria espero nuelako etorri naiz honaino’ esan zidan. Orduan gogoratu zitzaizkidan erleen ziztadak eta proba egin genezakeela esan nion. Aipatu nizkion, atzera egingo zuelakoan, tratamenduan jasan beharko zituen handitu eta gainerakoak. Baina berak onartu egin zuen erleen eztenkadak hartzea, ordura arte horrelakorik saiatu gabea zelako.

Ondoren, egunero etorri zitzaidan tratamendua hartzeko. Bere minek ez zuten hobera egiten, baina handiturik ere ez zitzaion azaltzen eztenkatetan. Aitortu nion zalantzak nituela sendatzeko posibilitateaz, ordurako 90 erle ziztada ipiniak nizkion buruan, baina berak esaten zidan aurrera egiteko.

Goiz hartan, eztenkada kopurua eten gabe handitzen joana bainintzen, 13 erle ipini nizkion. Hurrengo goizean bere hotelera joan nendin deitu zidaten. Aurpegia izugarri handituta zeukan, azala belzturik eta kasik ezin zituen begiak zabaldu. Hala ere emakumea alai zegoen. ‘Ez daukat batere minik’ esan zidan, ‘eta entzun berria dut elizako kanpaia ordua jotzen’”.


Tercen hitzaldia bere osoan Joseph Broadman doktoreak zabaldu zuen 1962an "Bee Venom, The Natural Curative for Arthritis and Rheumatism” liburuan. Lerrook idazteko unean (2008ko urrian) Internet bidez eskuratu zitekeen.

Emakume hau izan zen Philipp Tercek, bere buruaz landa, erlez sendatu zuen lehen gaixoa, eta balizko terapia hartaz gehiago ikasteko bidean jarri zuena. Galdera asko zeuzkan erantzungai. Hasteko, ezin zuen ulertu zergatik emakume hark ez zuen hasieran erreakzionatzen erlearen pozoiarekin gainerako pertsona “normalek” erakusten dituzten sintomekin. Zergatik behar izan zen hainbeste denbora eta hainbeste eztendaka emakume hark hanturak garatzeko? Zergatik azaldu zen hobekuntza, hain nabarmen eta hain bapatean?

Geroztik, gaixo gehiagorengan terapia bera erabili eta ondorioak aztertuz hasi omen zen jabetzen Philipp Terc doktorea erreumatismoaren eta pozoiaren artean dauden loturez. Eta terapiako saioetan behin eta berriro errepikatzen ziren arauez. Lehena: eritasuna zenbat eta zaharragoa eta gogorragoa izan, orduan eta erle eztenkada gehiago behar zirela erreakzioa lortzeko.

Esperimentuak egiteko gairik ez zuen eskas, gero eta kopuru handiagoetan hurbiltzen baitzitzaizkion beste sendabide guztiez etsitako jende oinazetuak. Gaixoentzako gogorra zen, doktorearentzako neketsua: erreferentzia gutxi, dena berak egin behar, erleak ekarri, erleak jarri, gaixoak kontrolatu, ikertu... Dirua urri zuen eta inguruko medikuek ixeka egiten zioten, petrikilotzan ari zelakoan. Tercekiko mirespenez, Bodog F. Beck doktore apiterapeuta handiak bere liburu klasikoan idatzi zuen: “Bidegileek nozitu izan dituzten herio eta martiritzan barrena ibili behar izan zuen”.

Hamar urteko lanaren ondotik, 1888an, idatzizko lehen txostena plazaratu zuen Tercek Vienako aldizkari medikuan: “Über eine merkwürdige Beziehung des Bienenstiches zum Rheumatismus” (Erleen eztenkaden eta erreumatismoaren artean dagoen harreman bereziari buruz). Hurrengo urtean lortu zuen hitzaldia ematea Austria-Hungariako hiriburuko unibertsitatean, mediku ospetsuenen aurrean. Hura izan zuen Tercek purgatoriorako ataria.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan