Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (2)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (2)

2008-10-09

1889an Vienako unibertsitatean aurkeztu zituen erlearen pozoiaren erabileran egindako aurkikuntzak Philipp Tercek. Baina hotz hartu zuten haren kolegek. Honela esplikatu zuen maisuaren porrota Bodog F. Beck hungariarrak 1933an: “Probintziako mediku bat zetorren, unibertsitateko kide ez zen ‘sine cathedra’ bat, aldarrikatzera aurkikuntza historiko baten ohorea eta ospea, ordura arte sendaezina zen ‘arthritis deformans’ delakoarentzako osabidea zeukala esanez, eta halako ‘odious nostrum’ batez egin zioten harrera, mesprexatu eta gutxietsi zuten, hainbesteraino ezen eta hitzaldia ez baitzioten ohiturazkoa den gisan inprimatu ere egin erakundearen aldizkarian. Tercek esango zuen gero ez zela nahi ordurako atera Viennatik, beldur baitzen ez ote zuten zoroetxean giltzaperatuko”.

Egia da Tercek bazituela motiboak beldur izateko. Tokaio bati, Philipp Semmelweis-i, lehentxoago gertatua zerabilen buruan. Balio du Ignaz Philipp Semmelweis (1818-1865) doktorearena ezagutzeak, medikuen establishmentaren ontasun eta eskuzabaltasunaren mugez jabetzeko.

1847an, Vienako Ospitale Nagusian emakumeak erditzera bi klinikatara eramaten zituzten. “Lehen klinikan” ama erditu berrien %10 hiltzen ziren erditu ondorengo sukarrak jota eta, aldiz, "Bigarren Klinikan" hilkortasun tasa %4koa zen. Kalean jakina zen aldea, eta emakume askok nahiago zuen etxean edo karrikan erditu Lehen Klinika beldurgarrira joan baino. Semmelweis irakasle laguntzaile ari zen Obstetrizia sailean, eta hemen ikerketa egin zuten, ezberditasun hura argitzeko. Ezin zuten arrazoi egokirik aurkitu.

Argia lagun baten heriotzak piztuko zuen: Semmelweisen lagun mediku bat hil zen infekzioz autopsian erabilitako ganibetarekin zauria egin ostean. Jakob Kolletschka doktorearen autopsiak erakutsi zuen kliniketan hiltzen ziren ama edituberri askoren sintoma berak zituela. Hari hartatik tiraka, Semmelweisek nabarmendu zuen Vienako Lehen Klinikan erditzeetan aritzen zirela egun beretan autopsiatan ere jardundako ikasle asko, eta aldiz Bigarrenean ez. Hortik iritsi zen infekzio haiek orduan “jermenak” deitzen zirenei egoztera, artean ez baitzen bakterioez hitz egiten. Neurri xume bezain eraginkorrak proposatu zituen: mediku eta erizainek eskuak ur klorodunetan garbitzea, maindirak aldatu eta garbitzea, eta abar.

Ez zen Semmelweis izan asepsiaz mintzatu zen lehenbizikoa. Ingelesak ere ari ziren horretan. Eta lehenago, 1843an, Oliver Wendell Holmes doktoreak Bostonen publikatu zuen “The Contagiousness of Puerperal Fever”, han ere ortodoxia zaintzen zuten medikuen haserrea piztuz. Baina Holmesek ez bezala Semmelweisek praktikan jarri zuen teoria. Vienan estraina eta Budapesten gero, Pesteko ospitalean. Emaitza harrigarriak lortu zituen profilaxi neurri xumeokin. Baina medikuen agintari ortoxoek ez zioten bake onik eman. Klinikatik kanporatzea lortu zuten, hasteko, eta gero bata bestearen ondoren garaiko doktore famatuek artikuluak plazaratu zituzten Semmelweisen ideiak barregarri utziz. Ez zitzaion garrantziarik eman honek ospitalea utzi eta arduradun berriak profilaxi neurriak kendutakoan ama erdituberriak berriro hiltzen hasteari. Ia bakar doktore batek ez zuen eskatu profilaxiarena berriro ikusterik.

Semmelweisek kiroltasunez erantzun zien erasoei ahal izan zuen artean, artikuluak idatziz, bizimodua nola edo hala atereaz. Gero pixkanaka burutik nahasten joan zen, alkoholizatu egin zen, jokabide antisoziala erakutsi, familiakoak eta lagunak lotsakizun utzi... 46 urterekin egindako erretratoan aitona zaharkitua ageri da. 1865eko udan Vienako eroetxe batean sartu zuten, bisitan zeramatelakoan. Preso zegoela konturatuta, medikuak ihes egin nahi izan zuen, harrapatu zuten eta asiloko gorilek –orduan ohitura zenez- jipoitu egin zuten. Zauri gangrenatuen ondorioz hil zen zoroetxean itxi eta hamabost egunera.

24 urte geroago, 1889an, Philipp Tercek ez zekien Semmelweis handik ehun urtera Budapesten ohoratuko zutela, etxea museo bihurtuta eta aurreko lorategian heroiei bezala estatua eskainirik. Jakin balu ere, kontsuelo ahula. Bazpare, ez zen gehiago borrokatu medikuen gehiengoarekin eta buruzagiekin. Baina lanean eta ikertzen segitu zuen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan