Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Propolia - Osamu Mizukami doktorea: Propolia kantzer aurreratuetan (eta 2)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Propolia

Osamu Mizukami doktorea: Propolia kantzer aurreratuetan (eta 2)

2010-05-12

2009ko irailean Montpelierren (Frantzia) Apimondia ekitaldiaren barruan burutu zen Apiterapiazko sinposiumean hitzaldi gogoangarria eman zuen Osamu Mizukamik. Medikuntza alopatiko edo konbentzionalaren teknikak eta beste erremedio osagarriak erabiltzen ditu. Lehen atalaren ondoren, bigarren atal honetan,  gaixoekin izandako esperientzien berri ematen du. Montpellierreko saio haren laburpena, Power-Pointez eta ingelesez, Internetez ikus daiteke "My clinical experiences using propolis in the treatment of patiens with advanced cancer" izenburupean; hartan daude artikulua argitzen duten irudiak ere.

Mizukamiren esperientzia propoliarekin

50 gaixo baino gehiago artatu ditut propolia usatuz. Eriok askotariko minbiziak zeuzkaten, birikakoa, urdailekoa, kolonekoa, prostatakoa, bularrekoa, obariokoa, pankreakoa... Onartu beharra daukagu gaixook terapia bat baino gehiago burutuko dituztela, bai konbentzionalak eta bai osagarriak. Horregatik ezin da neurtu propoliak bakarrik gaixo horietan daukan eragina, ez baita etikoa nire ustez kantzer aurreratua daukaten erien artean “double-blind” gisako testak egitea.

Kantzerdun askok tratamendu konbentzionalak jarraitzen dituzte eta horiei gomendatu diet propolia hartzea terapia osagarri gisa. Hori egin dutenei bizi kalitatea hobetzen zaie, oinazea gutxitzen, nekea txikiagotzen eta gosea hobetzen. Propolia hartu duten gaixoek gehienetan biziraupena luzatzen dute, batzuetan espero baino bi, hiru edo 10 halako denboran.

Gaixoetako gutxi batzuek tratamendu konbentzionalik gabe lortu dute tumoreak neurri batean txikiagotzea eta horietako batzuei beren kantzerra (zentimetro bat edo gutxiagokoa) erabat desagertu zaie.

Kimioterapia edo erradiazioa popoliarekin osatu duten gaixoek joera dute tratamendu horien emaitza hobeak edukitzeko eta alboko eragin txikiagoak.

Nik erabili izan dudan propolia etanoletan (alkohol etilikoa) erauzitako %30eko (w/v, bolumenetan) Brasilgo propolia da, Baccharis dracunculifolia landaretikoa. Nahiz eta nik normalean eguneko 10 mililitro (3 gramo propoli) gomendatu izan dudan, kantzer aurreratua duten gaixoetan 30 mililitro (9 gramo propoli) erabili izan dut.

Propoliaren alboko kalte posibleak

Bi gaixo kexatu ziren propolia hartuz geroztik azaleko negelak atera zitzaizkielako. Pertsona horiek kimikoren batekiko hipersentiberatasuna eduki behar zuten. Alergiak nozitzen dituzten gaixoak arretaz artatu behar dira.

Eri bakan batzuek kexatu ziren propolia hartu ondotik, bereziki tripa- hutsik, urdaileko nahigabea nozitu zutelako.

Bestelako ezein erreakzio txarrik ez dugu nabarmendu.

Sei kasu bikain

Kantzer kasu asko eta askotan usatu dut urte luzez propolia. Gaur erakutsiko dizkizuet nire sei kantzer kasu bikainenak.

1 gaixoa: Gibeleko minbizia.


46 urteko emakumea, C hepatitisa zeukana eta ondorioz gibeleko karzinoma garatu zuena, nire hospitalera iritsiz 1998an. Ordenagailu bidezko Tomografia Axialak (OTA euskaraz, TAC gaztelaniaz) azaldu zuen 3 tumore zeuzkala zentimetro banakoak. Gomendatu nion egunero hartzea 10 ml propoli (3 gramo).

Bi hilabete beranduago egindako OTA edo TACak erakutsi zuen gibeleko tumorrak erabat desagertuak zirela, eta tumoreen markatzailea, alfa-ferroproteina, kopuru normalen barruan zegoela. Emakume hori osasuntsu dago geroztik.

2 gaixoa: Urdaileko minbizia.

52 urteko emakumea, “Scirrhous” edo “Ductal” motako urdaileko kantzerra nik neuk 1997an diagnostikatu niona. Haren minbizia III. fasean zegoen eta urte beterako bizi iraupena %10an aurrikusten zitzaion.

Urdaila osorik kendu zitzaion eta ikusi zen minbizia peritoneora metastasiaturik zeulaka. Operazioaren ondoren, egunero 10 ml (3 gr) propoli hartu zuen. Geroztik, 12 urte pasa direnean, gaitza ez zaio berriro azaldu.

3. gaixoa: Urdaileko minbizia

49 urteko gizonezkoa, 2006an urdaileko kantzerra (III. fasean) diagnostikatu zitzaiona. Kirurgia egiteko gomendatu zitzaion baina gaixoak berak erabaki zuen ezetz. 6 hilabetez 30 ml (9 gr) propoli hartu zuen. Haren urailaren X izpiek ez zuten aldaketarik erakusten.

Orduan gizonak erabaki zuen operatzea, baina kirurgia burutu bezperako egunean egin beharreko gastroskopiak ez zuen aurkitu ezer okerrik urdailean. Biopsiak ere ez zuen erakusten kantzer zelularik. Kirurgialariek esan zuten miraria zela, eta operazioa bertan behera utzi zuten. Gizona osasuntsu bizi da gaur.

4. gaixoa: Mieloma anizkoitza

46 urteko gizonezkoak pelbis hezurra hautsi zuen 2003an eta ondoren mieloma anizkoitza diagnostikatu zioten (IV. fasean). 5 urte gehiagoz bizitzeko aukerak %25ean kalkulatu zizkioten.

Ospitalean egon zen denboran egunero 45 ml (15 gr) propoli hartu zuen. Lau kimioterapia ziklo hartu zituen eta horietan ez zuen kontrako erreakziorik erakutsi, ezta leukopenia ere (odoleko globuru zurien gutxitzea). Geroztik ondo dabil.

5. gaixoa: Maxkuriko minbizia


81 urteko gizonezkoak puxika edo maxkuriko kantzerra zeukan eta operazio endoskopikoa egin behar zioten 2006an. 12 propoli kapsula hartu zuen (5 gr) egunero hilabetez. Operazioa baino lehen zitoskopia egin zioten eta haren kantzer tumorea erabat desagertua zen, bitsaren itxurako sustantzia bat pixarekin jaurti ondoren. Gaur egun osasun onez dago.

6. gaixoa: Obarioetako kantzerra

57 urteko emakumea, obarioetako minbizia diagnostikatu ziotena. Obarioak eta uterusa kendu zizkioten 1990ean. Kimioterapia eman zioten ondoren eta bitartean sukarra, diarrea eta leukopenia jasan zituen.

2002an ikusi zen kantzerra heste itsura metastasiaturik zeukala eta hasi zen 6 ml (2 gr) propoli hartzen egunero. Bigarrenez operatu zuten. Berriro eman zioten kimioterapia baina oraingoan ez zuen erreakzio txarrik izan. CA19-9 tumore markatzailea gutxitu zaio eta orain kopuru normaletan dauka. Emakumea osasun onez dago gaur.

Minbiziaren prebentzioa eta propolia

Kantzerraren prebentzioa izugarri garrantzizkoa da, batez ere lehenbiziko fasean, alderatzen badugu bigarren eta hirugarren faseetako prebentzioekin.

Aldi berean, ezaguna da bitaminak eta mineralak hartze hutsarekin ezin direla kantzer batzuk prebenitu.

Uste da propolia eraginkorra dela lehen mailako prebentzioan dauzkan kantzerraren kontrako, immunitatea indartzeko eta anti-oxidatzaile propietateengatik.

Propolia oso erabilgarria da kantzerraren tratamenduan, gaixotasun hori prebenitzeko aukera handiak dauzkalako.

Ondorioak

Ikerketa kliniko gehiago behar dira propoliaren eraginkortasuna zehazteko.

Kantzer aurreratua duten eta kimioterapia edo erradioterapia hartzen duten gaixoek propolia hartzen dutenean, badirudi honek indartu egiten duela tratamendu horien eraginkortasuna eta gutxitzen dituela kontrako erreakzioak.

Hutsik beste tratamendurik gabe hartuta propoliak badirudi hobetzen duela bizi kalitatea, biziraupena luzatzen duela eta gaitzaren desagertzea ere ekar dezakeela.

Minbizi aurreratua daukaten gaixoetan badirudi eraginkorragoa dela propolia egunean 10 gramo edo gehiagoko dosian hartuta.

Konbentzituta nago egunero propoli dosi bat hartzeak kantzerra prebenitzen duela eta oso gomendagarria dela osasun oneko jendeek propolia hartzea.

Kantzer aurreratua nozitzen duten gaixoek ere itxaropena eduki behar dute propolia usatuz sendatzeko, zeren eta ezin baikara itxaropenik gabe bizi.


© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan