Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Propolia - Propolia: urre gorrizko erremedioa

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Propolia

Propolia: urre gorrizko erremedioa

2006-11-26

"Apis Mellifera" erle motaren bertuteak famatzen dituztenek «erleen botikina» deitzen diote propoliari. Gaitz guztientzako panazea dela aldarrikatu gabe, erabiltzen duten herritar horiek guztiak harritu egingo lirateke propoliaren propietate denak ezagutuko balituzte. Milioika urte dituen ore horrek indarra du gaur ere.

  Propolia kontsumitzen duten herritarrei galdetzen badiezu, mila gaitz ezberdinetarako erabiltzen dutela jabetuko zara. Batzuek larruazalean igurzten dute, zauriak eta beste sendatzeko, krematan bezala olio edo alkoholetan nahastutako formulazioetan. Gehienek ahotik hartzen dute. Askok, infekzio kontuetarako: marranta, eztarriko min, gripe edo zistitisa artatzeko, adibidez. Beste askok defentsak hobetzeko. Badira immunitateari lotutako eritasunen bat goxatzen diela diotenak: neke kronikoa, artritisak, psoriasia... Zenbaitek esango dizu odoleko arazoak hobetzen dizkiola, kolesterola, hipertentsioa, eta abar. Badira gaitz konplexuagoak artatzeko usatzen dutenak, endekapenezko eritasunak adibidez, edo menopausiaren sindromea. Kantzerra ere bai.

Babes sozialaren emaitza

  Erleak, banaka hartuta, antzeko beste intsektu eta xomorroak baino ahulagoak dira ingurutik iristen zaizkien gaixotasun eta parasitoen aurrean. Aldiz, duela 50 milioi urte taldean aberaska osatuz bizitzen hasi ziren -gaurko erlea duela 40 milioikoaren berdina omen da- eta banakako defentsa baino taldeko defentsa garatu zuten eritasunen aurrean. Garapen sozial horren fruitua da propolia.

  Erleak zenbait landareren azal, erretxin eta pipien azaletako substantzia bereziak harraskatu eta ahoan mastekatuz fabrikatzen du propolia. Esaten da gure artean makalari, lertxunari, haltzari eta sahatsari ateratzen diola gehienbat erretxin baltsamiko hori. Horregatik dira ezberdinak propoliak, leku bakoitzeko landareen arabera. Baina adituek diotenez, ukatu gabe propoli batzuk eritasun batzuentzako bereziki onak izatea -Kubako propoli gorria famatzen dute batzuek, Brasilgo propoliaren propaganda egiten dute bertakoek...- propoli guztiek dauzkate oinarrizko ezaugarri berdintsuak.

  Landareen erretxin horiek erleak nahasten ditu berak bere soinean sortzen duen argizariarekin eta ahoan murtxikatzean entzimak erasten dizkio oreari. Entzimak katalizatzaile biologikoa dira; hau da, zelulen barruan molekulei aldaerazteko erreakzioak hasi edo indartzeko beharrezko proteinak dira. Izaki bizidunen funtzio gehienetan hartzen dute parte milaka entzima ezberdinok. Propoliaren kasuan, erretxin aberatsak+argizaria+entzimak multzoa sekulako indarra daukan mastika bihurtzen du erleak.

  Propolia da erleak daukan osasun defentsa edo immunitate sistema sozialaren tresna nagusia. Hori erabiltzen du erlauntzeko zirrikitu oro estaltzeko, kofoin edo erlauntza barruko tenperatura eta hezetasuna hobeto mantentzeko. Erleak maite ez dituen bibrazio eta dardarak goxatzeko ere bai. Erlauntza barru osoa horrekin desinfektatzen du, erlezainak sartutako tresna bakoitza igurtziz; koloniako atakan halako tapiz bat ere antolatzen dute, kanpotik datozen erle guztiek sarreran oinak garbitu ditzaten.

Medikuntzan, klasikoa

  Gizakiei propoliaren ahalmenaren pista bat momifikazioak eman zien. Erletxean gozo bila sartu diren xomorro edo animaliatxoak (sugandila, sagu, mitxeleta, eta beste) beren eztenez errez akabatzen dituzte erleek, baina horiek kanpora ateratzeko nahikoa indar ez dutenez, hil ondoren momifikatu egiten dituzte. Ez da kasualitatea duela milaka urte erleari kopiatuz, Egipton faraoien gorpuak momifikatzeko propolia erabili izana. Egiptoko momia horietan aurkitu dira propoliaren erabileraren frogarik antzinakoenak.

  Aipamen idatzirik utzi ez arren, beste herri askok ere usatu zutela pentsatzekoa da. Milaka urte beranduago, adibidez, Amerika berenganatzen ari ziren espainiarrak ohartu ziren Andeetako inkek erleen ore horrekin goxatzen zutela zenbait gaitz. Moises Asis aditu kubatarrak idatzi du Biblian Genesia liburutik hasita sarri aipatzen dela propolia, hebreeraz «tzori» esaten den erretxina izenarekin batzuetan, perfume edo baltsamo izendatuta bestetan. Inguru haietako komertzioan garrantzia omen zuen, eta sendaketarako erabiltzen zuten.

  Geroago, Grezia klasikoan, Aristoteles filosofoak xehetasunez deskribatu zuen propolia nola eta zertarako ekoizten zuten erleek. Erromatarrek ere ezagutzen zuten. Legionario askok sendagaitzat eramaten zuten beren zakutoetan. Erabilera enpiriko honetaz gain, jakitunek ere aztertu zuten. Pliniok eta Dioskoridesek, adibidez, polemika eduki zuten propolia zela eta. Haiek idatzitakoa gaur irakurriz ohartzen gara asko zekitela gai honetaz. Erleak nola sortzen zuen ezagutzeaz gain, Pliniok idatzi zuenez, propolia «probetxu handiko sendagaia da, usain txarra dauka (...) Haragian sartutako ezten eta ezpalak ateratzen ditu, hanturak hertzen eta larruazaleko gogordurak gozatzen. Nerbioetako minak kentzen ditu, eta sendaezinak diren ultzera, zorne-zorro eta erlakaiztenak sendatzen».

  Koranak ere aipatzen omen du «kitharpikse» izenarekin erleak sabeletik -Mahometen ustez- jariatzen omen zuen lika hau. Mahomet honetan oker egotea ez da harritzekoa: oraindik XX. mendeko liburu batzuetan irakur daiteke propolia erleak bere baitatik ateratzen duela. Jakintsu mahometar handi batek, Abu Ali Ibn Sina edo Avicenak, «mum» deitzen zion arabieraz, «argizari beltza», eta bere ahalmen terapeutikoez izkiriatu zuen. Pertsiarrek eta inkek erabili zutela badakigu, eta XII.ean, Itsaso Beltzean, Georgiako liburu zaharretan aipatzen zuten, besteren artean ahoko zauri eta txantxarrak artatzeko.

  Geroztik bernizetan, zurgintzan eta abar, usatu izan da luzaz. Osasunerako, Europa modernoan, XVI. mendean tiro eta balen zauriak artatzeko erabili zuen propolia Ambroise Paré zirujau frantsesak, arterien kauterizazioa asmatu zuenak. XIX. mende bukaeran ingelesek Hego Afrikan boerren kontrako gerran zauriak propoliz igurzten zituzten, eta XX.ean Sobiet Batasuneko tropek nazien kontrako gudu odoltsuetan ere bai.

Erlea, gure naturopata

  Landareekin eta beste erremedio antzinako edo herrikoiekin gertatu den bezala, beren eraginkortasuna enpirikoki frogatzearen ondorioz hasi dira zientzialariak propoliaren ezaugarriak aztertzen. Apiterapiaz eta zehazki propoliaz zientzia-dokumentazio asko dago gaur publikatua -bibliografia zabala eskaintzen du Sareko Argiaren guneak Apiterapia atalean-. Egunero plazaratzen dituzte ikerketa eta esperimentu berrien emaitzak aldizkari zientifikoek.

  Oro har, oso aztertuta dago propolia. Horrela, identifikatu zaizkio 160 osagai baino gehiago. Horietan badira flabonoide anitz, azidoak, alkoholak eta glukosidoak, mineralak, bitaminak eta beste hainbat. Berrikitan Euskal Herritik pasea den Julio Cesar Diaz doktoreak Erlea gure sendagile liburuan zerrendatzen ditu propoliaren 47 flabonoide, 76 azido eta beste 43 molekula ezberdin. Entzimak ere badituenez, propolia «gai bizia» dela esan daiteke.

  Apiterapeutek -eta laborategietan propoliarekin esperimentuak egiten ari diren gainerako ikerlariek- uste dute aipatu flabonoideetan daudela propoliaren sendatzeko ahalmenak. Osagaien artean %7-10ean olio esentzialak dira. Beste hitzetan, propolia esplikatu daiteke esanez «erleek guretzako prestatutako naturopatia edo aromaterapia» dela.

  Izaera konplexu hori duelako, propoliak emaitza asko eta oso ezberdinak dauzka. Duela gutxi arte hemengo belar-dendetan propolia eskatzen genuen eztarriko minak edo marrantak uxatzeko, edo larruazala desinfektatzeko. Baina gero eta gehiago dira bestelako propietateak aurkitu dizkioten herritarrak, bai nonbait irakurrita frogatu dituztelako edo bai gauza baterako erabiltzen hasi eta bestelako ondorio onekin topo egin dutelako. Horrela, adibidez, adineko zenbait jendek badaki txiza egiteko nekeak sortzen dizkion zistitisa hobetzeko hartzen hasi eta propoliak lagundu diola tentsioa kontrolatzen ere.

Kantzerra artatzeko lagungarri

  Propoliak infekzioak borrokatzeko balio du. Ezagunena da bakterioen kontra daukan ahalmena, kasu askotan farmaziako antibiotikoen pare jarri daitekeena. Baina onddoen kontra eta parasitoen kontra ere egiten du lan, eta tuberkulosiaren eta birusen kontra ere bai. Honek abantaila nabarmena ematen dio. Izan ere, askotan gertatzen da halako bakterio baten kontra hartu den antibiotiko batek hestearen flora «garbitu» egiten duela, eta holakoetan onddoak -«Candida Albicans» da klasikoetako bat- ugaritzen direla libre aurkitu lekuan. Propoliak izaera hain ezberdineko «xomorroak» kontrolatzen laguntzen du. Hori bai, erremedio naturalek denbora luzeagoa eskatzen dute botika sintetiko askok baino.

  Odolaren zirkulazioan, kolesterola jaisteko erabiltzen da eta tentsioa jaisteko ere bai. Hipertentsio krisi baterako botika ez da, propoliak mantsoago egiten du lana, baina eraginkortasunez. Hala ere, zirkulazioaren hobekuntza orokorra eragiten du, tentsioa erregulatu egiten du, koagulatzeko ahalmena bezala. Bestalde, propolia nahiko era puruan erabili dutenek dakitenez, analgesiko eta anestesiko lokala ere bada. Gainera, apiterapeutek diotenez eragin antiinflamatorioak eta antioxidatzaileak ditu, eta immunitate sistema normaltzen laguntzen du. Alergiak artatzeko ere erabiltzen dute.

  Azken urteotan ikerketa asko egiten ari dira propoliak kantzerraren kontra egin dezakeen onura zehazteko. Apiterapeutek propolia -polenarekin batera- erradioterapiaren eta kimioterapiaren osagarritzat gomendatzen dute. Baina aldizkari zientifikoetan gero eta informazio gehiago plazaratzen da laborategietan propoliaren osagaiek tumoreak borrokatzeko lortzen dituzten emaitzez.

  Propoliak daukan bertuteetako bat da -apiterapeuten aburuz- familiako medikuak ematen dituen botikekin kontraindikaziorik ez duela. Bestetik, oso zaila da berekin intoxikatzea, ezin pentsatuzko dosietan hartzen ez bada behintzat. Medikuek agindutako beste erremedio eta terapia «normalekiko» osagarritasun hau da ziurrenik erleen masillak duen arrakastaren gakoetako bat. Gainera, bere osasuna -eritasuna barne- auto-kudeatu nahi duen herritarrari urre gorrizko erreminta eskaintzen dio. 40 milioi urte eta gero, iraungipen datarik ez du.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan