Gurasoek dute giltza
Umeen hezkuntza gurasoon ardura da, lehenik. Nola hezi nahi ditugun erabakitzeko eskubidea izango dugu, bada, gurasoek, ezta?
Gehitxo delegatzen dugu bizitza, orokorrean, eta hezkuntza ere pakete horretan doa. Delegatutakoan, besteen lanari esker umeek jasotzen duten hezkuntza egoki baloratzen dugun bitartean, eroso bizi gara.
Baina jada abisatu digute, gure seme-alabak españolizatuko dituela eskolak. Espainiako Gobernuak erabakitako edukiak buruz ikasi eta transkribatu beharko dituzte gure umeek errebalidetan. Kritikotasuna, norberaren iritzia lantzea traba izango dute, sumisioan heziko dizkigute. Noiz arte ikasi ere ez dute ikasleek erabakiko: espediente brillanterik ez duena lehenbailehen eskola sistematik kanpo geratuko da (“lan mundura bideratuko da” esaten zaio, gazteentzako lan munduak existituko balu bezala).
Seme-alaben hezkuntza berriz geuregan hartzea. Ba al dago Wert erreformari aurre egiteko bide eraginkorragorik?
Wert erreformari aurre egiteko gurasook hamaika neurri har ditzakegu, erabat eraginkorrak direnak (zure ideiak bidali, eta zerrenda gizenduko dugu):
-Greba indefinitua hasi, umeak eskolara eraman gabe. Ez dezagun ahaztu eskola hiritarrak sortzeko Estatuak duen erreminta nagusia dela. Estatu batek ezin du onartu hiritar mordo bat eskola sistematik ateratzerik. Ikasle kopurua da, noski, gakoa.
-Ikasgai batzuetara umeak ez bidali (Espainiako historia ikasgaira, adibidez). Eta ordu horietan beste ikasgai batzuk eskaini, ikastetxeko beste gela batean (Euskal Herriko historia edo euskara, adibidez).
-Errebalidei uko egin, kontzientzia objekzioa argudiatzen duen testua aurkeztuz.
-…
Benetan baldin bagaude datorkigun eskola ereduaren kontra, ez ditzagun umeak eskola horretara bidali, eman diezaiegun gure balioekin bat datorren eskola.
Koherentzia eta intsumisioa gurasoek abiatu beharko dute, eta ekimen horien baitan irakasleek aukera eta erremintak izango dituzte euren alea jartzeko. Jaurlaritzari urratsak emateko ausardia (edo lotsa) ere hortik etorriko zaio.
Baina berriz ere ekimena delegatuta, ez ote gaude gurasoak irakasleei eta Jaurlaritzari begira, gela barruan Espainiako Gobernuak erabakitako curriculuma ez den beste zerbait emango den esperantzan?
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Erabat ados nago esaten duzunarekin. Hala ere, bada LOMCE legearen inguruan, aipatzen ez den eta nire iritzian, garrantzia handia duen beste aspektu bat: Lege honek zientzia eta teknologia arloekiko duen trataera hain zuzen ere.
Lege hau aurrera ateratzen bada, besteak beste, “Teknologia” arloaren presentzia, egun denaren erdia baina txikiagoa izango da DBHn eta batxilergoan desagertu egiten da “Mundu garaikideko zienntziak” irakasgaia.
Bide honetan hartutako neurrien ondorioak ere oso kezkagarriak direla uste dut eukal gizartearen hainbat ezaugarri kontuan izanik:
1.- Euskal gizartea, gizarte teknifikatua da eta langile kualifikatuak eskatzen ditu alor honetan baita ikerketa eta garapenean lan egingo dutenak ere (ingeniariak, lanbide heziketatik datozen teknikari kualifikatuak,…). Teknologia arloaren presentzia gutxitzeak, etorkizuneko langile hauek izango duten lorpen maila konpromezuan jartzen du ezbairik gabe.
2.- Etengabe ari dira politikariak erabakiak hartzen zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten hainbat arlotan (pasaiko super-portua, erraustegia, zentral nuklearrak,…) . Beharrezkoa da egungo gizartean alfabetizazio zientifiko minimo bat izatea erabaki hauen inguruko iritzi kritiko arrazoitu bat izateko eta batxilergotik kendu nahi den “Mundu garaikederako zientziak” irakasgaiaren desagertzeak hiritar alfabetatu gabeak eta erraz manipula daitezkeenak sortuko ditu.
Beraz, aldarrika dezagun HEZKUNTZAN GU GEU ERAGILE