Amilduz ikasten baita bertsotan
Harribitxi bat da Eskolarteko Txapelketa, lurraldetasun begiekin ikusita: herrialde bakoitzak bere moldean antolatzen du, oso balio diferenteekin, eta hor sailkatu direnek elkarrekin jokatzen dute Euskal Herrikoa. Finala plazer hutsa da belarrientzat: zenbat euskalki, zer hitz saltsa aberatsa! “Honek badu gaia!” da bertsotan hasi berri bati bota dakiokeen lorerik ederrena. Patxi Goikolearen entrenatzaile begiak sakon unkitu naute: urtero da bertan, ume bakoitzaren potentzialitatea intuitzeak asetzen duen seinale, artelanak oso bakanetan baina artista ukituak detaile txikietan apreziatzen baititu.
Helduoi erakutsi diguna
Lehiak beti sortzen ditu kriki-krakak. Helduok nork ahal duen eran daramagun afera horrek hesteak mugitzen dizkigu haurrengan islatuta ikusten dugunean. Herrialde batzuk hasi dira lehia ez den jaialdi motibagarriak antolatzen, eta badirudi gainerako herrialdeetan ere bide hori dutela helburu.
Ez naiz Eskolartekoan parte hartu nueneko penuriak kontatzen hasiko, “zutitzen erakutsi zidan” batek dena esaten du. Irakasle gisa joatea tokatu zitzaigunean beste aldea ikasi nuen: erori ez denik ez dagoela. Ikusi dut bertsotan hasi, bost minutu ixilik pasa, eseri eta saio horretan gehiago kantatu ez duena; kantuan hasi, bi minutu ixilik pasa eta bertsoa hasieratik bukaerara kantatu duena; kantuan hasi, lau minutu ixilik pasa eta esaldia utzitako hitzetik jarraitu duena…
Ikusiaren ikusiz, lorpenik handiena izan da jada ez dudala ezerekin sufritzen. Ez dizkidala tripak mugitzen. Ume bat erortzen ikustea bezala da, naturala, minarekin bizitzen ikasteko beharrezkoa. Helduok gara Eskolarteko txapelak ez baina ume txapeldunak, biharko bertsolariak ikusten ditugunak. Helduok gara, bertsotan trabatu den haurrarekin min hartzen dugunak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks