Eta ama denak batuko bagina?
Azaroak 7ko Berrian Idurre Eskisabelek eta Zihara Enbeitak argitaratutako iritziek eragin didate artikulu hau (eskerrak, biei!). Gaurko amak, lan munduan bidea ireki zuten emakume haien eta etxeko andreen alabak gara. Ama bakoitzak egin genezake galdera gure amaren adibideari jarraitu diogun lana-familia orekatzerakoan, edo juxtu umetan izan ez genuena bilatu dugun. Baietz erantzun denak izan ederrak.
Eskerrak!
Eskerrak munduak eurekiko zituen espektatibak hautsiz Michelinera, Fagorrera, Tabacalerara joan ziren ama haiek galtzak jantzita. Eskerrak zaintza gutxietsi duen kapitalismoaren balioak zalantzan jarriz umearoari denbora eskaintzea erabaki zuten beste ama haiek. Eskerrak ume-zintzilik lanera, kontzertuetara eta nonahira joan diren beste ama haiek. Eskerrak zientzia aurreratu zuten beste haiek, nahi ez dutenak ama izan ez daitezen, eta nahi duten ahalik gehienek ama izatea lortu dezaten. Eskerrak biberoiarekin utzita eremu publikoan jarraitu duten beste ama haiek. Eskerrak esne artifizialen industriaren lobbya, elizaren presioa eta tetinen negozioari aurre eginaz titibixtan egotearen onurak azaldu dizkieten amagaiei emagin haiek. Eskerrak besteren umeei biberoikada bat edo bularra eman dieten ama haiek. Eskerrak dibortziatu ziren ama haiek, eskerrak bakarrik eta ama izatea erabaki zuten beste haiek, eskerrak abortatu zuten beste haiek, eskerrak adopzioan ama egin ziren beste haiek…
Denak eredu, denak larri
Gaurko amak haien denen alabak ere bagara. Patriarkatua deskojonatzen da bide bat hartu duen ama beste edozein bidetan doan ama epaitzen ikusita: “feminismoaren kontrakoak!” batzuk, “umeei bere beharrak asetzen ez dizkietenak!” besteak, “esklabu estremistak!” hauek, “Nestleren kontsumistak” haiek. Patriarkatua ipurdibistan jarriko genuke besteen bizipenetatik, besteek urratutako bideetatik aberastuko bagenu gure aukera. Zorionez ama adina eredu baitauzkagu gaur. Urtetan jenialtzat izan dugun Uztapideren bertso hark “dana esana dago esanikan ama”, zorionez gaur ez du ezer esaten. Ama bakoitza da bakarra, eta denak ama. Amen arteko konplizitatetik eta elkartasunetik egin beharko dugu denean lekua, gaurko Euskal Herrian ez baitago hankapean harritxintxarrik ez duen amarik. Edo bestela, pertsona gisa osotasunean garatu eta aldi berean umeak hazteko bidea aurkitu duen amarik bada, formula magikoa idatzi dezala.
Oso ederra eta oso orekatua iruditu zaidan hire idazkia, Estitxu. Eta azkeneko bi esaldiak itzelak:
“Amen arteko konplizitatetik eta elkartasunetik egin beharko dugu denean lekua, gaurko Euskal Herrian ez baitago hankapean harritxintxarrik ez duen amarik. Edo bestela, pertsona gisa osotasunean garatu eta aldi berean umeak hazteko bidea aurkitu duen amarik bada, formula magikoa idatzi dezala.”
Eskerrik asko
Mila esker zuri, ikasares
Erraietatik bizi ditugun gaiak pantailaratzean ez da jakiten erraietatik bizi dituztenek nola irakurriko dituzten. Beste baterako animatu nauzu!
EStitxu aspaldiko!! Izugarri gustatu zaidan hire idatzia niri ere. Arrazoi den! Erraietatik bizi duen baten hitzak hauetxek.
Aupa Irantzu! Ea denon artean erraietako gaiak hedabideetako gai ere bihurtzen ditugun! Ondo segi eta Egunen batean (Erle Eguna, Sagardo Eguna, Egunen Eguna…) berriz topo egin arte!