%0,47 inbertitzen dute erakunde publikoek euskarazko prentsan, herritar askok %4
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014rako aurrekontuak aurkeztu dituzte. Euskarazko hedabideentzat diru poltsa bera mantenduko dutela eta txanpaina atera behar ote dugun… Aparraren azpiko likidoa neurtzera jo arte:
Eusko Jaurlaritzak aurrekontu osoaren (10.215 milioi euro) %0,047 (4,87 milioi euro) inbertituko du euskarazko hedabideetan (EITBren 121,8 milioiak aparte).
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu osoaren (758.641.970 euro) %0,47 (3.579.465 euro) inbertituko du euskarazko hedabideen diru-laguntzetan.
Herritar askok hileko soldataren (1.200 euro) %4 (48,1 euro) ordaintzen du (Berria, Argia eta herri prentsa erosten duenak).
Erakunde publikoek eredu behar dituzte euskara biziberritzeko nukleo diren herritar hauen aurrekontuak. Euskara sailen barruan hedabideak dira eremu nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak %0,7 inbertitzen du euskaran. Eusko Jaurlaritzak euskarari osotasunean zenbat eskaintzen dion daturik ez dut lortu. Ordezkari politikoek azaldu dezakete euskara zer epetan eta noraino biziberritu daitekeen %0,7 inbertituta. Euskarak zer pisu duen lantzen ari diren herri ereduan. Zergak ordaintzen eta bozka ematen duten herritar askok euskaran dezente gehiago inbertitzen dute (aski luke 1.200 euroko soldata duen herritarrak hilean 8,4 euro jartzea euskarazko hedabideetan, euskaltegian, euskara elkartean…). Herritar euskalzale moduan, estimatuko genuke ikerketak egitea euskararen berreskurapenean eta garapenean proiektu bakoitzak duen pisua ezagutzeko, bai kuantitatiboki zein kualitatiboki. Diru publikoa banatzerakoan irizpide sendoa litzateke.
2014ko aurrekontuak badoaz, baina 2015ekoak hobetu eta 2020rakoak benetan eraginkorrak izango badira, bil gaitezen Euskara saileko arduradun politikoak, euskarazko hedabide eta elkarteetako ordezkariak, eta bil dezagun baita ere herritarren ahotsa, euskarak, biziko bada, dagokion aurrekontua izan dezan. Eta euskarazko hedabideak, hizkuntzaren garapenerako funtsezko izanik, ahalik sendoenak izan daitezen.
Artikulu bikaina, eta ez nioke edukiaren indarra apaldu nahi. Dena den, EITBrena aparte uzteak kopuruak desitxuratzen ditu, besterik ez!
Eskerrik asko eta izan ongi!
Kaixo Estitxu
Mila esker EITBrena planteatzeagatik. Bide batez baliatuko dut aukera adierazteko defendatzen dudala telebista, irrati eta web orri publikoaren funtzioa eta are aurrekontua (Haritz Agirre Euskadi Irratiko albistegi buruak bere medioa txikitzat definitu zuen Argiako elkarrizketan eta Tolosaldeko Atariak antolatutako mahai-inguruan, gainerako irrati-telebista publikoekin alderatuta. Ez naiz ni medio horretako profesionalei hori eztabaidatuko diena).
Titularrera euskarazko prentsa atera dut, EITBren datua aparte aztertu behar dela uste dudalako. Beraz, desitxuratzea prentsaren titularrari EITBren kopuruak gehitzea litzateke, orain arte papereko kazetaritzarik ez baitu landu.
Herri ekimenekoak dira EITB ez gainerako euskarazko hedabideak. Herri ekimenekoak baina funtzio publikoa betetzen dutenak, eta adierazpen askatasunaren aldetik aniztasuna aberasten dutenak. EITBren funtzioa ezinbestekotzat dudan bezala, herri ekimeneko hedabideak ez ote dira neurri berean premiazko? Zertarako euskaldundu haurrak, heldutan euren errealitatearen berri erdara jatorrean irakurri-idazteko? Nola garatu hizkuntza gaurko eta helduen mundua islatu behar ez badu? Ezaguna da medio bakoitzak berezko dituela ezaugarri batzuek, eta justu prentsa da errealitatearen irakurketa pausatu eta sakonena eskaintzeko aproposena. Horrelako kazetaritzarik ez dugu euskaraz garatu behar? Aldiz, eta hau da datuak bereiziz argi adierazi nahi nuena, erakunde publikoek EITBn eta euskarazko prentsan egiten duten inbertsioa oso desproportzionatua da.
Eskerrak Eusko Jaurlaritzak bermatzen duen EITBren iraupena. Herri ekimeneko hedabideen iraupena herritarrek eta langileok bermatzen dugu, zatirik handienean. Herritarrek diruz babestuta, eta langileok gure lan baldintzekin.
Horregatik, ikerketen premia: agertu dezaten medio bakoitzak zer ekarpen egiten dion euskararen berreskuratzeari. Diru publikoa medio batean edo bestean inbertitu, zer emaitza lortzen ditugun jakin dezagun. Eta hor bai, hor zaku berekoak gara EITB eta herri ekimeneko hedabideak. Euskarazko hedabideon biziraupenerako baldintza nagusia horixe baita, euskararen ibaia itsaso bihurtzea, ogi apurren menpe egon beharrik ez izateko.
Gai hauei buruzko iritzirik partekatu nahi baduzu, ongi etorria zara!