Beti pottorbero izango garen pozez
90 urteren bueltako Mikela Elizegi asteasuarrari arpa-joz joan omen zitzaizkion gazteak, ea larrutarako gogoa noiz galtzen den galdetuz. Pello Errota bertsolariaren alabak neurriko erantzuna eman zien: “ni baino zaharrago bati galdetu beharko diozue…”.
Anna Freixas Farré-ren (Bartzelonako Unibertsitatean Psikologian doktore, Espainiako estatuan gerontologia feminista lantzen aitzindaria) azken ikerketak gai hau berau jorratu du. Honek Donostian eman zuen hitzaldiaren ideia nagusiak bildu ditu Anaitze Agirre Larreta kazetariak Pikara magazinen argitaratutako artikuluan. Hona hemen gure uste ustelak agerian jartzen dituzten 9 ondorio, laburtuta:
1-Desira ez da inoiz agortzen: Freixas Farréren ikerketak 50 urtez gorako emakumeen sexualitatea landu du. Espainiako estatuko 730 emakumek hartu dute parte hiru taldetan banatuta (50, 60 eta 70 urtez gorakoak). Ondorioa: menopausiarekin sexualitatea bukatzen dela dioen ideia hain zabaldua “txorakeria galanta da. Ez sexualitatea ez desira, ez dira inoiz agortzen. Frogatu dugu jarduera sexual bizia dagoela baita 70 urtez gorakoetan ere. Kontua da baldintza sozialek emakumeei ahalbidetzen dioten bere desira burutzen edo sexurako bikotea bilatzen”.
2-Amatasunarekin lotzen delako uste da menopausian desira agortzen dela: Ikerketan parte hartu duten emakumeak frankismoaren eta katolikotasunaren alabak dira. Jasotako heziketan sexua pekatuarekin, kulparekin eta desinformazioarekin lotu da. Horrek sexua ulertzeko maneran eragin du: sexualitatea genitalekin eta ugalketarekin lotuz. Amatasunarekin lotzearen ondorio da menopausiarekin sexua agortzen deneko uste okerra, desirari legitimotasuna ukatzen zaio hortik aurrera eta horren ondorioz emakumeek bere nahiak itzaltzera jotzen dute.
3-70 urtez gorakoen %40ak masturbazioa praktikatzen du.
4-Prostituta ez dela frogatzen aritu beharra, sexu mugen zaintzaile. Maitasuna ez da ikerketaren aztergaia. Aldiz, galdera irekien erantzunetan izugarri agertu da. Emakumeentzat historikoki lotura zuzena egon da sexuaren eta maitasunaren artean. Gizonezkoek bere seme-alabak zein diren jakiteko eta patrimonioari eta linajeari eusteko izan duten beharrak ekarri du emakumeen sexualitatea, gorputza eta desira kontrolatzea. Horretarako modurik eraginkorrenak beldurra (eremuz kanpo zebilen emakumeei umeak kenduz eta zigortuz) eta desira estigmatizatzea zen, emakumeen sexu askatasuna mugatzea prostituzioaren mamuarekin.
5-Adinarekin hobe bereizten dira sexua eta maitasuna. Ikerketan parte hartutako emakumeek bikote eredu anitza dute. Badira elkarrekin oso luze daramaten bikoteak, bikote hasi berriak, bakarrik bizi direnak, aldian aldiko bikotea dutenak… denek “betiko maitasuna”rekin uztartu behar dute bere egoera. Askok bereizten dute maitasun lotura sendoak dituzten bikotearekin sexua aspaldi bukatu zela eta harremana birnegoziatzen dute maitasuna eta sexualitatea bereiziz. Bizitzako eskarmentuarekin, bikotea bilatzerakoan konpainia, zaintza eta gizartean ematen duen posizioa baloratzen dute, baina ez daude prest zama denak eurengain hartzeko. Askok bilatzen dituzte konpromezu afektiboko harremanak baina egunerokotasunik gabeak, eta helduenek konpromezu afektiborik gabeko sexu harremanak. Bikotea bilatzen dutenek baldintzak jartzen dizkiote.
6-Inposatutako eredua vs gogoak emandakoa egitea. Derrigorrezko heterosexualitateak desiraren jarioa zailtzen du adin guztietan. Koitoz kanpoko aukerak ez dira sexutzat hartzen, nahiz eta batez ere emakume helduentzat oso baliagarri diren. Heziketak autoerotismoa bekatuarekin lotu du, eta hau da askoren plazerraren iturri bakana. Zaila da arauak eraitsi eta ongizatea aurkitzea, heterosexualitatetik lesbianismora gogoak emandakoan barna ibiliz.
7-Desiratzea ez da “femenino” geratzen. Emetasuna pasibotasunarekin lotzen du gure kulturak, azpimarratuz ekimenik eta interes sexualik eza emetasun seinale direla. Ez dela polita emakumeek desiratzea, desira agertzea edo praktikara eramatea. Emakumeek estigmak barneratzen dituzte, puta izatearen edo adinari ez dagozkion gauzak egitearen estigmak. Bere burua baztertzen dute, desioaz lotsa dira. Gehitu honi edertasunaren agindua, zeinaren osagai nagusia gaztetasuna den. Sasoiko emakumeek euren burua ez dute sexualki erakargarri ikusten eta amorru eta lotsa sentimenduak eragiten dizkie.
8-Zaharren etxean zaharren sexualitate gutxi. “Zaharren etxera sartzen zaituztenean komentura zaramatzate” dio Freixas Farrék.
9-Sexuarekiko harremana nola aldatzen den adin bakoitzean. 50 urteko emakumeak sexuaren plazan daude, bertan parte hartzen dute eta beren lekuari eusteko borroka egiten dute edertasunean, gorputzean, maitasunean… sexualitateagatik borrokatzen dute. Askok beste bide batzuk ikusten dituzte, adibidez, sexurik gabe bizitzea, indarra beste gauza batzuetan jartzea. 60 urteko emakumeak sufritzen hasten dira. 50 urtekoen desirak dituzte baina ikusezinak direla ohartzen dira, bai gizartean eta bai sexuan. Asexualak bailiran ikusten dira. Zaila zaie sexuaren plazan irautea. Heterosexualek okerrago bizi dute lesbianek baino. 70 urtetik aurreakoek desira badute, esperientzia berriak dituzte, baina denak dira kontziente gizartearen mugez. Askok paso egiten dute sexualitateaz, baina 60 urtekoen sufrimendurik gabe.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks