Garai interesgarriak, begirada independentea
Garai oso interesgarriak bizi ditugu, kazetari izateko.
Garai gogor hauetan indartzen du bere zentzua kazetaritzak: Pertsonen bizi baldintzak eta bizitzak jokoan daudenean inoiz baino beharrezkoagoa da informatzea. Sakon informatzea, gauzen zergatia arakatzea.
Inoiz baino beharrezkoagoa da politikariek eta botere ekonomikoek hartutako erabakiez informatzea. Erabaki horiekin lortu nahi duten helburuez informatzea, etorkizunerako diseinatu duten ereduaz informatzea. Bulegoetan hartutako erabaki horiek kaleko jendearengan dituzten ondorioak bistaratzea. Eta noski, kontrastatzea. Bestelako datu, iritzi eta ahots kritikoekin eztabaida publikoa sustatuz aberastea bai etorkizun ikuspegi hauek eta uneko erabaki zehatzak. Eta horrela, pentsamendu kritikoa bultzatzea.
Baina nagusi den sistemari jarraipena egiteaz gain, Kazetarion funtzioa ere bada errealitatean martxan dauden alternatiben berri ematea. Eta Argian gaiak lantzerakoan oso kontuan dugu ikuspegi positibo hori: alternatiben berri eman beti. Euskal Herri osoan herritarrek mila ekimen burutzen baitituzte, ezagutzea merezi dutenak, tokian tokikoak, baina beste herri baterako ideia edo hazia izan daitezkeenak.
Garai interesgarriak dira, beraz, kazetariontzat. Garai gogorrak elitetik kanpoko gainerako herritarrontzat.
Zorionez, momentu latzenetan ateratzen dugu askotan pertsonok barruan dugun onena. Eta orduan esaten dugu “uf, eskerrak!” Eskerrak trantze edo ataka horien aurrean jauzi egin dugun. Eta behin ataka gaindituta, kasi egoera hobe batera pasatzen gara, zelai zabalagora, lur emankorrago batera. 2013ko ataka hauek azpimarratu nahi nituzke, eta emandako jauziak eskertu:
* Erraustegiaren itxiera Argiaren azalera ekarri genuen. Eskerrak prozesu osoari jarraipena egin genion besteak beste Zero Zabor blogean. Bertan xehatu genituen erraustegi proiektuaren informazioak, datuak eta ondorioak baina gai honetan ere alternatiben berri emateak hartu zuen indarra.
* “Kazetaria naizela!” oihuak ofizioa duintasunarekin lotu zuen apirileko egunsenti hartan. Donostiako Herri Harresiko gertakizun haietatik Argiako lankideak izandako erreakzioa azpimarratuko nuke: kazetarion kaiola bihurtutako Boulevardeko kioskotik salto egin eta albistearen muinera sartu zen. Eskerrak salto egin zuen! Horri esker lortu zuen gertakari haien testigantza, dokumentu inportanteena grabatzea (nazioartera zabaldu zen bideoa). Eta Argiakook ere, atakaren bestaldean esperimentatzeko eremu bat aurkitu genuen. Kazetaritza egiteko modu bat, gaurko teknologia eta sare sozialak uztartzen dituena. Haren ondoren landu ditugu adibidez, Inasako langileen greba, eta Seaskako guraso eta irakasleek Baionan egin zuten itxialdia.
* Eskerrak! sentitzen dugu kazetariok Interneteko itsaso zabalaren aurrean. Mezudun botilatxoak bota eta inoiz Argia irakurri ez zuten milaka pertsonengana iristen direla ohartu gara (horietako asko, gainera gazteak dira). Internetek aitzakia ematen digu Beranduegi eta Damutuko Zaizuteren moduko programekin esperimentatzeko eta ze arraio! primeran pasatzeko. Gainera Astekaria bera ere nola egin galderak planteatzen dizkigu eta edukiz asko aberasten du… Eskerrak! bai, baina Interneteko itsasoa bera ataka latza dela esango digute Komertzial sailekoek eta idazkaritzakoek, eurak arduratzen baitira gure itsasontzia gasolinaz hornitzeaz.
* Epe ertainera eskerrak! esango dugula konfiantza dugu. Izan ere, murrizketen eta itomen testuinguruan sortutako Hekimen elkartea ari da administrazioko erakundeekin elkarrizketan. Eta zorionez, erakundeen eta herri ekimeneko hedabideen artean lantzeko elkarlan bideak ikusten dira.
* eta Eskerrik asko! ezagunena beste ataka batek eragin du Euskal Herrian. Konponbiderako blokeoaren aurrean eta giza eskubideetan, ataka estu horien aurrean, alderdien gehiengoak aurreranzko pausoa eman zuten urtarrilaren 11n. Aber bada Madrilek jarritako ataka hura gainditu ondoren begi aurrean dugun joko-zelai zabalean bidea egiten asmatzen dugun.
* Zenbat eskertzen diren zubiak, pitzadurak handiak direnean, bai gizartean, politikan, ekonomian, kulturan… momentu horietan zenbat eskertzen diren jende desberdina lotzeko gaitasuna duten pertsonak. Euskarazko komunikazio proiektu baten bueltan jende diferentea batzea, gaitasun hori zuten aurten agurtu gaituzten Joxan Lizarribar eta Ramon Maria Labaienek. Eskerrik asko biei, emandako guztiagatik.
* Ataka eta gorabehera txikiak egunero izaten dira enpresan. Horrelako egoeretan, batek halako patxada goxo bat, eta esker bero bat sentitzen du goizero erredakziora joan, eta Hego Amerikako Aimara herriak bezala norberaren arbasoak atzean ez, baizik eta aurrean dituela ikustean. 25 urteotan Argian izandako hiru zuzendariak hantxe aurrean ikustean, ereduzko kazetari lanetan. Agian izango da karguei benetan duten pisua baizik ez diegulako ematen, eta agian urteetako esperientzia metatzea delako gure aberastasun handietako bat.
* Bukatzeko, pozgarria da gogoratzea gaurko eguna bera ere ataka baten aurrean sortu zela. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren eta Argiaren arteko harremanak gaiztotuta zeuden garaian, Argia Sariak sortzea aukera bat izan zen, batzen gaituenetik elkartzeko. Beraz, gaurko azken eskerrak hemen bildu zaretenontzat dira. Argia Sarien bihotza euskarazko eduki erreferentzialak saritzea da, baina gaurko egunari gorputza zuek ematen diozue. Beste 25 urtean izan dadila Argia Sariak, euskal kulturaren eragile nagusiek festa giroan elkartzeko duten egun bat.
Garai gogor bezain interesgarriotan zentzu betea hartzen duelako, egin dezagun kazetaritza. Kalitatezko kazetaritza, kazetaritza independentea, kazetaritza eraginkorra. Gure egungo babesle, laguntzaile eta harpidedunek eskertzen digute. Eta bizirauteko behar beharrezkoak zaizkigun babesle, laguntzaile eta harpidedun gehiago lortzeko balio dezala! Hala espero!
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks