Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
“Abortuarena izebergaren punta da, oinarrian beste lege asko daude”
Atalak: Feminismoa
Jone Arrazola Maiztegi, Olaia Auzmendi Sarasa eta Maria Ajuria Hernandez.
Donostian Euskadiko PPren Kongresuan Rajoy gorritu arazi zuten hiru ekintzailerekin bildu gara: Jone Arrazola Maiztegi, Maria Ajuria Hernandez eta Olaia Auzmendi Sarasa (Rebeka Maestro Watson da laugarren kidea). Grazia handiz kontatu dizkigute xehetasun guztiak (bideoan duzue ikusgai laburtuta):
Zuen ekintza positibo interpretatu da gizartean eta komunikabideetan. Zein izan dira arrakastaren gakoak?
Maria Ajuria: Mugimendu feministak lan handia egin du abortuaren aldeko argudio guztiak erakusteko, sozializatzeko. Arrazoi guztiak kalean daude eta argumentatu dira. Beraz, ekintza oso erraza izan da ulertzeko. Mezu oso argia zuen, oso ikusgarria eta baketsua. Indarkeriatzat ulertu zitekeen edozein keinu egin bagenu, gure kontra erabiliko zen.
Jone Arrazola: Hasieratik oso argi genuen inongo indarkeriarik ez erabiltzea. Ateratzera etorri zirenean ez genuen inongo erresistentziarik jarri. Gure funtzioa bakarra zen: presidentearen aurrean oihu egitea.
M. Ajuria: Hedabideetan gutaz esan da “jo, zer ausartak!”. Mutilak izan bagina ez zen halakorik esango. Askok azpimarratu dute “ziur beldurra pasa dutela”. Urduri egon ginen baina beldurrik ez genuen pasa. Emakumeak indar erakustaldi bat egiten ikusten direnean ausardia eta beldurra, horiek azpimarratzen dira.
J. Arrazola: Ausardia aitortzen zaigu baina puntuala, ez zaigulako rol hori atxikitzen.
Abortuaren inguruan antolatzeko gaitasun handia erakutsi du mugimendu feministak.
M. Ajuria: Lege horrek espero ez genuen puntura garamatza, oso atzera. Bai, abortuaren borrokak mugimendu feminista eta gizartearen zati handi bat asko batu du, baina horren atzean beste gauza askoren kontra ari den borroka feminista dago. Adibidez, Rajoyren gobernuak eta baita Eusko Jaurlaritzak ere onartu dituen murrizketak, menpekotasun legea kentzea, LOMCE… lege askoren helburua da emakumea etxeko rolean, ama-emazte rolean iraunaraztea eta sistema patriarkala indartzea. Abortuarena da izebergaren punta baina azpian beste neurri eta lege asko daude.
J. Arrazola: Eta ideologia oso bat, eta estatu politika bat, zuzenki eliza katolikoaz blaitua dagoena. Herritarrek ez dute Abortuaren Legea babesten, gobernuak duen babes bakarra Elizarena da. Emakumeak bere gorputzarekiko erabakitzeko eskubiderik ez izateak esan nahi du ez gaituztela pertsona osotzat onartzen. Emakumea da pertsona bat aholkularitza profesionala behar duena. Baina nire gorputza nik ezagutzen dut ondoen. Nik dakit ondoen zer nahi dudan eta zer ez, eta zer den komenigarria nire bizi proiekturako. Nor hobe eta nor jakintsuago ni baino?
Olaia Auzmendi: Mugimendu feminista saretuta zegoen lehendik ere, baina abortuarekin bai lortu dela sare hori biltzea. Badira Abortuaren Eskubideen Aldeko Euskal Herriko plataforma, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako plataformak, eta herrietan ere plataforma desberdinak daude. Abortuaren Legearekin sarea gehiago elkartu da.
J. Arrazola: Feminista helduenengan, ibilbide bat egina dutenengan, pena sentsazioa sumatu dut. Garai bateko aldarri berarekin 2014an kalean egon beharra, ez zuen inork espero. Hein batean indartzeko balio du baina beti zulo berean sartuta, betiko eztabaidetan eta borrokan iraunarazi nahi gaituzte. Feminismoak mila gauza ditu oraindik deskubritzeko eta lantzeko.
Ezkerretik eskuinera: Olaia Auzmendi Sarasa, Maria Ajuria Hernandez eta Jone Arrazola Maiztegi.
Aldarria zaharra da, baina 2014an tresna berriak badira; sare sozialak ederki baliatzen ari da feminismoa, artikulatzeko eta ideiak zabaltzeko.
M. Ajuria: Sare sozialik gabe ekintza honen oihartzuna guztiz bestelakoa litzateke. Oso kontziente ginen horretaz, eta ekintza prestatzerakoan oinarrietako bat hori izan da, zelan kudeatu hedapena. Sare sozialez baliatu gara. Ekintza egin genuen lauok juxtu ez gara batere trebeak sare sozialetan. Nahiko bagenu ere gure mugikorrek ez dute bideorik grabatzen, Whatsapp-ik ez daukagu… Garrantzitsua da ikustea norberak zer ekarpen egin ahal dituen. Guk gurea egin dugu eta beste batzuek arduratu dira sare sozialetako lana egiteaz, gurea bezain garrantzitsua dena. Hori ere izan da ekintzaren arrakasta. Guk ipini dugu aurpegia eta gorputza baina beste jende asko aritu da atzean lanean.
Zuen ekintzarekin poztu denari zer esango zeniokete?
O. Auzmendi: Beste ekintza batzuek egiteko, mugimendua behar dela une honetan. Lege honi ezin zaio utzi aurrera joaten. Kaña eman behar zaio, eta PP egiten ari den beste lege eta erokeria hauen aurrean zerbait egin beharra dago.
J. Arrazola: Animatzeko horrelako ekintza praktikoak, bisualak eta politak egitera. Gero atzera begiratu eta gogoratzen direnak dira, “zelako ondo” sentitzen duzu. Bilerak ere garrantzitsuak dira baina horrelako ekintzak ere bai.
M. Ajuria: Ekintza zuzena ere borroka molde oso baliagarria da kasu batzuetan. Ederra da emakumeok hor protagonista bihurtzen garenean.
O. Auzmendi: Lehen planoan jartzen gara.
J. Arrazola: Alde guztietatik zoriondu dute feministon mugimendua ekintza honengatik. Eta tamalez borroka feministari gutxitan aitortzen zaio hori, gauzak ongi egiten direla.
M. Ajuria: Espero dut ez dela azkena izango. Nik jada beste ekintza bat daukat buruan!
J. Arrazola: Apirilaren 5ean manifestazio nazionala egingo da Iruñean. Beste mila deialditara joaten garen bezala, hau ere denon kontua da, gure gorputzetan eragiten du eta herri gisa erantzun behar dugu.
Ekintzaren kronika, pausoz pauso:
Bi aste lehenago hasi zen guztia
“Euskadiko PPk Kongresua martxoak 8 batean egingo zuela jakin orduko kontzientziak esaten zigun: zerbait egin behar da”, hasi du kontakizuna Arrazolak. Ajuria eta Arrazola kide diren Gipuzkoako Abortuaren Koordinadoran sortu zen ideia. PPren egoitzara deituta jakin zuten kongresuko azken bi orduak, itxiera ekitaldikoak, militante eta jarraitzaileentzat izango zirela. Hortxe zuten sartzeko aukera. Baina koordinadorak ez zuen ekintza bera egitea ikusten, lan handia eskatzen zuen eta beste hamaika zeregin baditu. “Biok bai ala bai egin nahi genuela erabaki genuen eta inguruko jendearengana jo genuen”, jarraitu du Ajuriak. Maestro eta Auzmendirekin laukotea osatuta prestaketari ekin zioten. Telefonoz izen-abizenak eta NAN zenbakia ematea aski izan zuten kongresurako gonbidapena lortzeko. Abokatuarekin bildu ziren ondorioez informatzeko.
Eguna ailegatu zen
Jantzia eta pintura gorria ziren euren tresna bakarrak. Gurekin bildu diren hiru kideak antropologoak dira eta laugarrena psikologoa, eta jantziaren eta jarreren errituala teorizatu zuten: “Ez zuten nabaritu behar mozorrotuta geundenik, rolean sartu eta gure janzkera eta izaerak bat egin behar zuten, eta gazteleraz super ondo hitz egiten aritu ginen”, diote irribarrez.
Kongresura sartzea gakoa
Segurtasun neurriek zer traba jarriko zizkieten, hortxe zegoen koska. Lehenik Ajuria eta Auzmendi joan ziren Kursaaleko atariko ilarara. Berehala eman zieten gonbidapen txartela eta barrura sartu ziren zuzenean. Ez katxeorik, ez poltsa miaketarik, ez metal detektagailurik. Goiz sartu zirenez, laugarren-bosgarren lerroan eseri ziren. Euren arteko harremana ez salatzeko hamar minutuko tartearekin Kursaalera inguratutako Maestro eta Arrazolari, ordea, gehiago kosta zitzaien sartzea. Gonbidapenak banatzeko arduraduna falta zen leihatilan eta segurtasunekoak “ezin zarete sartu” esan zien. “Jada harrapatu gaituzte, seguru; ez dugu ezer egin baina harrapatu gaituzte!” konbentzituta zegoen Arrazola. Arduradunaren zain egon behar hori aitzakia hutsa zelakoan baina hantxe egon ziren 16:00ak arte (orduan zen hastekoa Kongresua), nerbioak jaten. Halako batean itzuli zen arduraduna eta gonbidapenak emanik utzi zieten sartzen. Beste bien ondoan eseri ziren. “Kito, egina dago! Ez dago geldiaraziko gaituenik!” sentitu zuten lauek.
Kursaal kanpoaldean
Bitartean, Kursaal kanpoan lantalde zabala antolatua zuten koordinadoratik komunikaziorako, irudiak sare sozial bidez zabaltzeko, prentsara bidaltzeko, eta atxilotuko balituzte deialdia egin eta polizia-etxe aurrean kontzentratzeko.
Martxoaren 8an Kursaalen, PPren Kongresuaren aurrean egindako konzentrazioa.
Barnean, une egokiaren zai
Janzkerarekin rolean sartuta txalotu zituzten zutik Quirogaren hitzak. “Erabakia genuen Rajoyren hitzaldia zela eten beharrekoa, baina hizketan hasi orduko ez genuela oztopatuko zeren orduan oldarkorrago ipiniko lirateke”. ” Sarrerako Rajoyren esker hitzak eta jendearen txaloak, interakzio informal hori zegoen hasieran. Bihotz taupadak sentitzen nituen. Diskurtso erabat formala hasi arte itxaron genuen, jendea Rajoy entzutera bakarrik jarri arte, inpaktua askoz gogorragoa izateko “. “Pentsatu bezala egin genuen: elkarri begiratu, eskuak eman eta estutu. Segidan bakoitzak bere poltsatik pintura hartu, lehenik eskuak margotu eta eskuekin aurpegia. Ondoren altxa eta eskuekin feminismoaren sinboloa irudikatu eta oihuka hasi ginen”.
“Gure gorputza gure erabakia” eta “Aborto ilegal violencia estatal” oihuka.
“Aborto ilegal, violencia estatal” eta “Gure gorputza, gure erabakia” izan ziren ahalik indar handienaz botatako lemak. “Adrenalina momentua izan zen, eta bat batean isiltasuna egin zen gelan. Tarte batean gure oihuak bakarrik entzun ziren”; “Gehien disfrutatu nuen momentua hori izan zen”; “Argi nuen mezua beretzako zela eta zuzenean Rajoyri begiratzen nion”… eta Rajoy? “Rajoyri tonto aurpegia jarri zitzaion…”; “Isilik geratu zen, ez zekien zer esan”; “Hasieran begiratu zigun baina gero begirada kentzen saiatzen zen, lehen ilarara begiratzen zuen, Quiroga, Cospedalengana, laguntza eske”.
Ondoren iritsi zen ingurukoen erreakzioa: batzuek txaloka hasi ziren (Cospedal altxa ote zen lehena uste dute), “sí a la vida” oihuka, beste batek jertsetik tiratzen zion Arrazolari, amona batek tanga jaisten zion Auzmendiri… “Segurtasun pribatua etorri zen eta bultzaka atera gintuzten…”; “Prentsa gelatik atera gintuzten, gonbidapen txartela kendu ziguten eta kanpora bidali gintuzten. Prentsa guztia gure atzetik irten zen”; “Kanpora irten ginenean surrealista zen egoera: jende pila zegoen Zurriolan eguzkia hartzen eta gu inertziaz korrika eta oihuka hasi ginen, gorriz pintatuta”; “A zer poza gurea! Ekintza ongi atera zen eta ez geunden atxilotuta! Sarrera nagusira inguratu ginen beste taldekideengana: lortu dugula eta kalean gaudela! oihuka”; “Ertzainen bi furgoneta zeuden kanpoan eta ertzainek flipatzen begiratzen ziguten: hasteko, ea, zer gertatu da? galdetu ziguten harrituta. Identifikatu egin gintuzten eta gonbidapenekin eta benetako izenekin sartu ginela esan genien. Datu hauek frogatu zituzten eta esan ziguten nahi izatekotan PPk jarriko zuela gure kontrako salaketa”. “Beste bi emakume identifikatu ziren eta guardia zibilak zirela esan ziguten. Galderak tonu sinpatikoan egin zizkiguten. Ez genien kasurik ere egin”.
Egun borobila mugimendu feministarentzat
Martxoak 8ko Donostiako manifestazio jendetsuan bukatu zuten eguna, euren ekintza sare sozialetan eta komunikabideetan suaren pare zabaltzen zela ikusten zuten bitartean. Egun biribil hura beti gogoratuko omen dute: “Mugimendu feministaren urte osoko lanarentzat ospakizun eguna izan zen”.
Ekintzaren esanahiaz eta arrakastarako gakoez, abortu eskubidearen aldeko borrokaz eta feminismoaz ere mintzatu dira. Astekarian duzue irakurgai (ostegunetik aurrera argia.eus-en).