Bertso Eguna. Aulki dantza, konfiantza eta zalantza bat
Saio bete eta koloretsuaz gozatua hartu genuen larunbat arratsaldean. Asekada eder bat. Hamabi bertsolariek euren nortasuna eman zioten jokoari, Nerea Ibarzabal gaztenetik hasi eta Andoni Egaña beteranoraino. Besteak beste Asisko eta Marko marrazkilariek jarritako saltsa eta amaierako aulki-jokoa oroituko ditu entzuleak.
Bertso Eguna urteko saio bereziena izaten da, herriko plazan ez baita biltzen halako jendetzarik, areto batek eskaintzen dituen aukerekin, eta ohiturarik ere ez da eszenografia zein bestelako artisten kolaborazioekin esperimentatzeko. Era guztietako Bertso Egunak ezagutu ditugu, eta aurtengoari lotu dakiokeen hitz bat izan liteke “neurria”. Aulki koloretsuek eta gaiak hala eskatzean hondoan islatutako irudiek ukitu fina eman zioten saioari. Hari moduko bat edo batasuna, gai bakoitza jolasen batekin lotzeak eman zion saioari, baina lotura aski librea izan zen bertsolariak erabaki zezan une bakoitzean erabat gaiari eutsi edo jolasen erreferentziei heldu.
Hiru orduko saioan bertsoaldi ederrak joan ziren. Nor bere gustuek salatzen dute, eta hemen bertsoa.com webgunetik hautatutako sorta:
– Amets Arzallus eta Unai Agirre, kaxa huts bati bi begirada.
– Nerea Ibarzabal, “aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz?”…
– Sustrai Colina (aita), Onintza Enbeita (amona) eta Alaia Martin (alaba). Bakoitzaren agintea.
– Sustrai Colina eta Andoni Egaña, parean ez datozen koinatuak.
– Eneko Lazkoz, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Maialen Lujanbio. Bakoitza nolakoa zen txikitan?
– Maialen Lujanbio, “jolastu leike?” “Ez!”.
Afalostean festa
Honaino larunbateko sentsazioak. Unea bizitzea baino zer hobe? afal orduan Iparra-Hegoa taldeko kideek prestaturiko platerak dastatuz eta mahaikide bakoitzaren munduak partekatuz gozatu genuen. Afalosteko bertso saioan egoerak ageri zuen itxura surrealistarekin barre egin eta barrara jo genuen zuzen, gutxitan ikusi arren bihotzean eramaten diren adiskideekin bizitzak sinkronizatzera. Utikan, beraz, umore handiz aurtengo Bertso Eguneko saioan kontzeptu bihurtu den “raka-raka-raka” hori, saioaz edo bertsoez baino kritikatzen duenaz informazio gehiago ematen duen jarduna.
Konfiantza, klabea?
Biharamon berantiarrean, bezperako saioko bizipenak bezperako saioko hitz lauekin parekatuz, galdera bat isuri da mahaira. Alegia, oholtzan gaiek eta bertsoek bakarrik parte hartzen ote duten. Edo justu klabea ez ote den gaia eta bertsoen arteko admosfera. Alegia, bertsolariak gai-jartzailearengan konfiantza duenean era batera pertzibitzen dela saioa eta konplizitate hori falta denean bestera. Nolabait intentzioetan bat etortzeak duela pisua, horrek orekatzen dituela edukian, planteamenduan, formulazioan eta abar egon daitezkeen ahuleziak.
Liseriketa beharraz
Saio osoan txoria baino kontentuago egon nintzen. Tarte bakarrak irauli zidan urdaila, hamar minutuz “cara a Sol” ikusi nuenean nire burua. Erdigunea ez ote dagoen ez EAEn eta ez Nafarroan sentitu nuen, “hiruak bat” gaiak planteatu zuen moduan (lastima, Bertsularien Lagunek eginiko ekarpena, “XiLaBa” zetorren biribil hiru lurraldeak aipatzeko, “Iparraldea”ren ordez).
Bertso Egunaz harago doa gaia, gizarte zabalean eta egunero egin beharreko praktika baita liseriketa. Gainerakoan, hedabide españoletatik indarrean datorkigun planteamenduak dira eguneroko bizitzan eszenaratzen ditugunak. Ez dakit, argazkiak hautatzen hasita, inguruan azken aldian ikusi dugun indar erakustaldi indartsuena ote zen Madrilgo plazakoa, ez dakit irtenbideen promesa egiten duen alderdi bat jarri behar den saioko erdigunean edo arazoak eta irtenbideak diren taularatu behar direnak, ez dakit argazkia ez ote zen Kursaalekoa bera: aldaketak Espainiatik etorriko diren begira dagoenarena…
Egaña beti dela interesante aitortuta, nik karguz Espainiako parlamentaria den eta astero Solen bildutako jendea gurutzatzen duen Enbeita entzun nahi nuen. Edo biak, ofizioka. Edo Amets eta Sustrai, alderdi horrek Hegoaldean pizten duen liluraren motiboez. Edo…
Bertso Eguneko saioaz harago doa, liseriketa da behar duguna.
Oso interesgarria zure hausnarketa, Estitxu.
Podemosen gaiari buruz: ez dut ukatuko eztabaidatxoa ere izan genuela zuk markatu duzun ildotik, baina gero galdera atera zen? “Baina (Hego Euskal Herriko) etxe barruetan ez al da Podemosi buruz hitz egiten? Orduan?”. Alegia, zein da gai-jartzailearen egitekoa, aldez edo moldez gizartean dagoen gai bat plazaratzea ala preskribatzailea izatea (gai hau bai, gai hau ez; gai hau honela, hau esan dezan)? Egia da Madrileko argazkia hautatu genuela egunekoa ere bazelako, bazuen uneko albistearen indarra; bestela ez dakit argazki hori aterako genuen. Agian bai, agian ez. Onintza Enbeitaren iritzia interesgarria zela? Noski. Baina hor nork hitz egin behar zuen, Enbeita bertsolariak ala Enbeita politikariak? Bereizi behar dira? Bereizi daitezke?
Ipar Euskal Herria kanpo zegoela? Bai, egia da. Eta Sustrai eta Ametsi jarri bagenie gaia, zer? Amets eta Sustrai nazio mailako bertsolariak dira, ez soilik Ipar Euskal Herrikoak. Haien iritzia pertinentea da, beti. Baina galdetu izan bagenie nola bizi den Xilaban (apunte ona, autx) Podemosen gaia, zein litzateke emaitza? Pizten al du interesik Podemosek Donibane Garazin?
Hau ez da justifikazio bat. Uste dut zure hausnarketak, zure “hamar minutuko urdail irauli” horrek, merezi duela gogoeta patxadatsua.
Ondo izan.
Aupa Goiko!
Luxu bat Bertso Eguneko gai-jartzaileetako batengandik erantzuna jasotzea. Mila esker.
Ez dezadan gaizki adierazi: gaia jartzea erabat logikoa da! furi-furian dago-eta.
Kontua da (horregatik diot liseriketak orokorra behar duela) telebista kate españoletako debateek bezalaxe planteatzen dugula etorkizunaren gaia, zuk aipatutako etxeetan, oholtzan, tabernan… Mass mediek lortu dute hori, euskaldunok errealitateari eta aldaketei buruzko debatea Iñaki Lopezen terminoetan planteatzea.
“Zerbait aldatuko da?” zen argazkiari begira erantzun beharreko gaia. Kontua da, aldatu… non? Espainian zer aldatuko den zen gaia? Hego Euskal Herrian? Batak bestean izango duen eragina? Sol ikusi eta plaza horrek Euskal Herriko aldaketa irudikatzen duela iradokitzea, horrek nahastu zizkidan barrenak. Gure etorkizunaz aritzeko zer ari gara Bertso Egunean Espainiako plazara begira? Edo Hego Euskal Herriko etorkizuna ez, Espainiakoa zen kantagai, Greziakoaren moduan ulertuta?
Edo ez nuen gaia zipitzik ulertu? Hala bada, azalpena asko eskertuko dizut!
“Zerbait aldatu da? Zerbait aldatuko da?” zen galdera, bikoitza. Galdera irekia. Nire ustez, galdera horrekin, bertsolariak aukera zuen nahi zuena erantzuteko, Madriletik kantatzeko, nahiz Euskal Herritik kantatzeko, baietz esateko, ezetz esateko, baita gai-jartzaileoi belarritik tiratzeko ere. Ez dut uste Iñaki Lópezen terminoetan planteatuta zegoenik.
Beharbada, “Eragingo digu horrek euskaldunoi?” izango zen galdera abertzaleki polita, edo “Axola al digu horrek euskaldunoi?” edo “Begira zer egiten ari diren Espainian”. Baina egia dena da euskal herritarren zati bat Madrilera begira zegoela larunbatean. Zer egin behar genuke gai-jartzaileok? Hori isildu? Hori bideratu? Hori egokitu ikuspegi abertzale batetik? Nik egin izan dut inoiz hori (zalantza izpi batekin), baina neure izenean ari nintzelako. Txapelketak edo Bertso Egunak gaien trataera desberdina behar dutela esango nuke, inpartzialagoa, nolabait esatearren (ezinezkoa den arren hori erabat betetzea, bidenabar esanda).
Gure eguneroko elkarrizketa gaietan mass media españolek eragin handia dutela, agenda markatzen digutela esan nahi nuen. Besterik ez.
Eta inkoherentzia litzake nire aldetik tarte gehiago ematea;)
Bertso Egunaren alde onak askoz pisu handiagoa izan zuen. Zoriondu nahi zaituztet bihotzez.
Izan dezagula zer eztabaidatu luzaroan!
besarkada bat
Nik neuk asko eskertzen ditut halako ekarpenak. Imajinatzen dut balioko digula gai-jartzaile eskolarako ere.
Besarkada.
Biziki ona iduritu zait Estitxu zure hausnarketa. Neri trixtezi puntua sortzen zait, bertso mundu hori Madrilerat begira dela ikustean. Josuk dioen bezala, bixtan da Eskual herritar zonbait Madrilerat begira izanen zela larunbatean; bainan bertze eskual herritar andana bat Baionarat, bertze zonbait bertze alde baterat, ta hola mila lekuetarat. Neri pena ematen daut, beti españolei begira gaudela ikusteak. Horra; bertze zonbait gai ta bertso bikain!
Mila esker Helena, zure ekarpenagatik. Garrantzitsua da denok ahotsa hartzea, kontziente egin gaitezen Euskal Herria eta euskara ardatz ez denean ez dela publiko osoarentzat.