Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Eskubide zibil eta politikoen alde: Nola lortuko dugu “terroristaaaa!” sirenak pito hotsa izatea?
Atalak: Herri mugimenduak
“Epaiketa politikorik ez!” hitzaldian Pako Letamendia, Dabid Soto, Estitxu Eizagirre eta Patxi Urrutia.
Azaroaren 6an, Libre ekimenak epaiketa politikoen inguruan antolatutako hitzaldian parte hartu nuen, ARGIAko ordezkari gisa. Helburu bakarra genuen: eskandaluzko injustizia baten ondorioz kartzelara joateko arriskuan dauden herritarren ondoan egotea, eta beharrezko den leku guztietan publikoki eskubide zibil eta politikoen aldeko defentsa egitea. Besterik ez. Hau da bertan adierazi nahi izan nuena:
Disidentzia birrintzen duen makinaria
Beti izango zen honela, baina orain oso nabarmen ageri da: Estatua makinaria handi eta engrasatu bat da, txikitu-zanpatu-mazpildu dezakeena mehatxuzkoa zaion, disidente iruditzen zaion, sorgin aurpegia ikusten dion edozein herritarren mugimendu. Gaur Askapena eta 04/08 sumarioko kasuak ditugu aztergai, baina herenegun Andaluziako SAT sindikatuko bozermaileetako bat zen: Eta SATeko 600 kide daude dagoeneko prozesatuak! Duela juxtu astebete Galiziako talde independentistako kideak atxilotu zituzten; uztailean Mozal Legea indarrean jarri eta 56 lagunen aurkako Armiarma operazioak egin zuen Guardia Zibilak sare sozialetan “terrorismoa goratzea” leporatuta…
Komunikabideak, putre eta legitimatzaile
Estatuaren makinaria handi horren parte dira status quo-aren komunikabideak. Hainbat modutan betetzen dute euren lana:
– Putreen iragarle papera betetzen dute: kaleko ekintza batean edo disidenteren baten etxe aurrean zenbait komunikabide inguratzen ikustean, badakigu atzetik polizia datorrela, sarri atxiloketak egitera. Euren entramadoan hainbesteko jarioan doazen filtrazioek erakusten dute zaila dela bereizten non hasten den Barne Saila eta non bukatzen hedabideetako egitura.
– Legitimatzaile funtzioa ere betetzen dute: batzuetan atxiloketen aurretik eragileak kalifikatuz (oso esanguratsua, besteak beste ABCk, Askapena “ETAren ONG” definitu zuela). Baina hedabideek baita ere legitimatzen dute estatuaren makinaria etengabe, gertaerei eta egoerei buruzko diskurtso ofiziala (eta ia ofiziala baino ez) emanaz. Status quoaren komunikabideek ematen dutena, hori da normalidadea.
Komeni da geure ohiturak aztertzea herritarrok, komunikabideak irakurtzen eta ikusentzuten ditugunok: elikadura burujabetzaren alde egitea onuragarri da komunikabideekin ere. Hedabideen gaian ere, zer jaten dugun kriterio handiz hautatu behar dugu. Zein da gure bazka? Ados, irakurtzeak laguntzen du besteen diskurtsoa ezagutzen, gutaz herritarrek izan dezaketen perzepzioa izaten… ados, baina kontziente gara status quoa irakurrita handitu egiten dugula beren indarra? Kasu zipitzik egingo ez bagenie zenbakitan berehala murriztuko litzatekeela euren eragin esparrua? Kontra egiteko bada ere, nondik pentsatzen dugu; zein da gure oinarria; status quoaren diskurtsoa? Eta irakurri edo ikusentzun tira, baina pagatu? Jaten eman behar diegu buru gainean bueltaka ibiltzen diren putreei? Erein dezagun kazetaritza independentea: Barne Saileko iturriak kontrastatzen dituena; auzipetuak direnei hitza ematen diena euren kontakizuna lehen eskutik egin dezaten; status quoari etengabe galderak planteatuko dizkiona, beste errealitate batzuek azaltzen dituztenak… elikatu gaitezen komunikabide independenteekin; gero eta gehiago gara, bai Euskal Herrian, bai zapaltzen gaituzten estatuek agintzen duten lurretan, bai munduaren gainerako txokoetan. Gutako bakoitzak jarraitzen eta ordaintzen dituen bakoitzean, hazi egiten da medio independenteen indarra eta eragin esparrua. Hemen ere osasuna irabazten dugu (fisiko eta mentala, ultzera eta umore txarrak saihestuz), eta berezko diskurtsoak eta ikuspegiak eraikitzen hasten gara, ez boterearen hitz, errealitatearen ikuspegi eta logikari erantzunez. Burujabetza hortik ere asko eraikitzen da.
Estatuek Euskal Herriari xurgatzen dioten zerga mozorrotua
Kapitalismoa trebea da makinariak diruz olioztatzen, eta ikusi daiteke disidentzia gasolina bihurtu duela estatuaren makinaria handi horrentzat. Ikerketa kazetaritzarako auzolan bat antolatu beharko genuke, edo ekonomia doktore tesi bat (edo… gutxienekoa da forma):
– Estatu “demokratiko” hauen sorreratik gaur arte, zenbat euskal herritarrek zenbat kartzela egun bete dituzte, jarduera disidenteagatik, arrazoi ideologikoek motibatutako jarduerengatik, alegia, motibo politikoengatik? Euskal Herrian falta diren pertsonak dira, bizitzak, baita “lan indarra” ere, zentzu zabalean hartuta: herri hau hobea izan dadin lanean behar ditugunak, euren parte-hartzearekin proiektuak aberasten dituztenak… Eta kuantifikatu beharreko pertsona eta egun horietatik guztietatik zenbat dira ondoren estatuak bere legeekin “errugabe” deklaratuak?
– Eta estatu “demokratiko” deitu horiek zenbat diru jaso dute euskal herritar disidenteengandik fidantzetan? eta konfiskatutako egoitzetan eta ondasunetan? Euskal Herriaren Barne Produktu Gordinaren zer zati da? eta per capita, bakoitzak zenbat ordaintzea esan nahiko luke? Eta zenbat diru bideratu behar izan dute estatu “demokratiko” horien sorreratik herritarrek, preso politikoak bisitatzeko?
Euskal Herriko zenbat baliabide, humano eta ekonomiko, xurgatu ditu estatuaren makinariak urte guztiotan? Euskal herritarrok prest gaude legalitatez mozorrotutako “zerga” horrekin jarraitzeko?
Estatuaren sirena-hotsa: Terroristaaaaaa!!!!
Bukatzeko: Munduko estatu guztiek, eta Espainiakoak bertsio txabakanoan, badute sirena bat euren makinaria handi eta koipeztatu horretan: lehen abisuan paretik kentzen ez den disidentea apisonadorarekin zapaldu aurretik jotzen duten sirena: Hartu bakoitzak tarte bat, begiak itxi eta sirena horren soinua entzuteko.
Sirena horrek “Terrorista!” egiten du oihu, “terrorista” estigmarekin seinalatzen du xehetzera doan disidentea. Duela 500 urte “sorgina!” zen, orain munduan (eta Euskal Herria esperimentu laborategia da), “terrorista” da. Sirena hori entzun eta herritar denok, beldur edo paranoia irrazionalak jotzen gaitu. Sirena horren ostean justifikatuta dago edozer: herritarrak atxilotu eta torturatzea, egunkariak ixtea, ondasunak lapurtzea, presoak heriotzera bultzatzea, bizi osoko kartzela zigorrak jartzea, herritarrak heriotz zibilera kondenatzea (lan egiteko, kargu publikoak izateko, eta parte-hartze politikorako inabilitatuta)… E-DO-ZER.
Edo lortzen dugu herritarrok sirena horrek gugan duen erreakzioa aldatzea, sirenen arabera ez mugitzea, sirenak pito ahots irrigarria izan dezala, sirenak seinalatutako disidentea ez dadila bakarrik-babesgabe eta salduta geratu makinaria handi eta koipeztatuaren aurrean… Edo lortzen dugu hori herritarrok, edo prestatu gaitezen lurraren pean bizitzeko.
“Terrorista” estigmarekin bakarrik eta salduta geratu diren herritarrak ez badira norberaren familiakoak edo lagunak, tentazioa izan dezakegu beste alde batera begiratzeko: baina disidentzia indarkeria osoz suntsitzen duen estatu batek ez dirudi ongi eta askatasunean zoriontsu bizitzeko leku idealena. Egun eskubide ditugunak lan disidentez lortutako aldarrikapenak dira. Alde ederreko estatua da disidentziaren lana erakunde publikoetan txertatzen asmatzen duena, herritarren ekimen eta planteamenduei irekia dagoena.
Estatu beraren pean diren ez-euskal herritarrek tentazioa izan dezakete pentsatzeko terrorismoaren alarmak aktibatzen duen makinaria irrazional osoa nazio arazoetarako soilik dela, euskaldunon arazo, ez direla arazoaren parte… hasieran aipatutako kasuek erakusten dute baietz, estatuaren makinaria euskal auzietarako tuneatzen dela, puntu puntuan jartzen eta zorrozten, baina ondoren gainerako testuinguruetarako jartzen dela martxan. Inongo herritarri ez zaiola komeni estatuak inpunitatez jokatu ahal izatea, bada ezpada ere.
Barkatu, baina zehazki, zer da “terrorista”?
Nola lortu indargabetzea sirena-hotsa? Kendu diezaiogun herritarrok estatuaren ekintza irrazionalak justifikatzen dituen hitz mamu horri maskara: Zehatz mehatz eta aratz, zer da “terrorista”? indarkeria erabiltzea? Azter dezagun orduan, lasai, indarkeriEn gaia. Noiz erabiltzen du nork indarkeria? Nola? Nola jokatu daiteke indarkeria horiEn aurrean? Nola gainditu daitezke? … Herritarrok lelotzat hartzen gaituzte disidentzia indarkeriaren “pekatua”rekin seinalatuta (nahiz eta denok dakigun egun estatuaren makinariak azpian harrapatzeko ez dela inongo indarkeria ekintzarik egin beharrik); zeren eta iradokitzen da horiek omen direla indarkeriaren “pekatua” darabilten bakarrak, alegia, herritar lelook sinetsita gaudela egungo sistemak ez darabilela batere indarkeriarik indarrean jarraitzeko…
Nola desakreditatuko dugu “terrorista!” sirena-hotsa? Nola lortuko dugu “terrorista!” sirena-hotsa jotakoan disidenteak ez daitezela egon estatuaren makinariaren aurrean bakar-bakarrik eta erabat babesgabe?
Ba aber, nola lortzen dugun! Gaur eta hemen, pauso bat izan daiteke, herritar denok jartzea sirenak seinalatu dituen eta makinaria handi eta koipeztatuaren aurrean salduta dauden disidente hauen ondoan, eta behar den lekuetan publikoki eskubide zibil eta politikoen aldarri egitea. Eta herritarrok baita ere konpromezu bera exigitzea erakunde publiko guztiei (herriko etxe, aldundi, legebiltzar, gobernu…): erakunde publiko hauek direlako (omen) herritarron ordezkari eta herritarron eskubide zibil eta politikoak bermatzeko obligazioa dutelako. Euskal herritarren askatasuna dago jokoan, eta baita estatuek Euskal Herriari xurgatzen dizkioten baliabide humano eta ekonomikoak ere.