Diskurtsorik ez, mesedez, euskararentzat: Diskurtsoak euskaraz
Etxean, lagunekin, afalosteko hizketaldi bizi-gaiztoan ikusi genuen Internetez diskurtsoa. Bertso saioak bai, zortzi ordukoak lau urtean behin, baina diskurtso politikorik entzuteko batere ohiturarik ez dudala daitort. Eta bideoak 43 minutu zituela ikusi orduko “tira, pixka bat ikusiko dugu, ea zer giro egon den eta nondik jo duen…” batekin eman genion play-ri. Osorik ikusentzun genuen, eta behin baino gehiagotan ikusiko dugulakoan nago.
Ez zen tokatzen, ezin zen eskatu
Gizartean pil-pilean diren gaiez, gizartean erreferentzialak diren mugimenduek sortutako diskurtsoak josiz mintzatu zen. Eragile bati eta besteari “egiteko” dagoela entzun izan zaion lanari ekin zion: ikuspegi transbertsalak gurutzatzea, zapalkuntzak batzea eta zapalkuntza horiek gaindituko dituen herri proiektu baten bidea irudikatzea.
Liderraren figura indartzeko egingo zen ekitaldi-omenaldi-ongi-etorria espero genuen, berriz ere zintzo jarrita (eta eskubide eta zilegitasun osoa zegoen horretarako). Azken sei urte eta erdiak kartzelan eman dituenari ezin eskatu, juxtu epe horretan gizartean egosi diren dinamikak digeritu eta bere lanean txertatzerik. Eta abiapuntua askok espero baino aurrerago jarri zuen, Belodromoko hitzaldian. Egin zuen errealitatearen irakurketan betaurreko moreak, gorriak, beltzak, ortzadar kolorekoak… jantzita aritu zelako eta batez ere, hurrengo hilabeteetan egin beharreko bidea eta jarrera zehaztu zituelako: pertsona bakarrak txosten distiratsu bat egin beharrean, entzutea dagokiela, behetik gora eta kolektiboan egiten dela bidea.
Ondorengo egunetan elkarrizketa egingo dion kazetarietakoren batek galdetuko ahal dio, nola azaltzen den larunbatekoa? Mugimenduak eta erakunde politikoa ez zeuden itxuran bezain desartikulatuta? Kartzelak eterno egiten duen denboran irakurgai onak izan ditu? Belodromoko diskurtsoa mugimendu bakoitzeko perrexilak biltzen dituen herri bazkarian idatzi zuten zortzi eskutara?
Euskararentzat diskurtsorik ez edo katalanen beste lezioa
Behar bada euskalgintza da (edo gara, euskarazko hedabideak alor horretan eragile garelako) herri mugimenduen artean atzenduta dabilena. Beharbada ez dugu asmatzen adierazten euskara dela praktikarik eraginkorrena, atoan bat-batean momentuan Espainia eta Frantziatik deskonektatzeko. Euskaraz ari garen orduko gure mundu bat ari garela eraikitzen (zapalkuntza bat gainditzen duena, horregatik egungoa baino duinagoa), gure logikatik dihardugula, gure hitzetatik. Eta zorionez, baduela oraindik klandestinitate ukitu bat, euskaraz esandakoak ez direla mass-medietan agertuko (desitxuratuko) automatikoki, gehiago kostako dela epaileen txostenetara iristea.
Euskalgintzako eragile bati eta besteari entzun izan diogu diskurtso bat falta duela euskarak. Eta hala izango da, baina berriz ere gaizto daitort, ene diskurtsoak jarraitzeko lehentasunetan, bertso saioak, diskurtso politikoak (dena dela politika ulertuta) eta ostean letorkeela euskararena (telebistako animalien dokumentalen atzetik). Beranduegi-rako soilik zaizkit lehengai eder (sortzez garbia, munduko zaharrena, Nortasun Bat eta bakarra ematen diguna, lana bilatzeko balio duena, ze poza ematen diguna zuri euskaraz entzuteak, pixka bat nahiko dena…).
Hargatik, zapalkuntzak eta borroka kolektiboak josteko eta elkarrekin indartzeko lanean ari diren politikarientzat inspiragarri izan daiteke, berriz ere, Kataluniako prozesua. Berariaz katalanari buruz jaulkitako esaldi bakar bat ez dut gogoratzen, baina diskurtso guztiak katalanez jarraitu ditugu estatu osoan. Erabaki garrantzitsuenak eman dituztenean ere bai. Nazioarteko hedabideen aurrean.
Belodromoan etorkizuneko diskurtsoaren oinarriak plazaratzea zailagoa zirudielako, amestuko dut hurrengo hitzaldietan, baita Belodromokoetan ere, euskaraz egingo direla diskurtsoak. Sei urte eta erdiotan udaletan eta herri mugimenduetan naturaldu dira aldibereko itzulpena egiten duten teknikak (ondokoak itzultzea belarrira) eta baliabideak (maletina) ETA BATEZ ERE: ohartu gara “nork ez du ulertzen, nork behar du laguntza?” galdetuta, inork aurrez uste genuena baino askoz gutxiagok behar dutela askotan “yo entender, entiendo” (eta nahiago jatorrizko hizkuntzan aditzea, jakina). Horrela balioan jartzen ditugu (Belodromoko hitzaldian beste hainbat borrokekin oso fin egin zen bezala) bere burua euskalduntzen herritarrek urtetan egin duten ahalegina, euren seme-alabak euskalduntzeko D eredura bidali dituzten gurasoena, bere lanaren misioari hileko soldatari baino balio handiagoa eman dioten euskalgintzako langileena… eta entzumena lantzeko aukera bat gehiago eta euskararen balioaz jabetzeko motibo bat gehiago ematen diegu herritar guztiei. Katalunia independentean katalanak izango duen indarra irudikatuz goazen bezala, Euskal Herri independente eta duinean euskarak izango duena barneratuz joan gaitezen.
Sentitzen dut baina zoritxarrez hau ez da gaurko (edo hereneguneko) kontua. Zoritxarrez Ezker Abertzalean historikoki euskara bigarren plano batean egon da (ezin ahantzi euskararen alde Ezker Abertzaleak eta bere militanteek egin duten lan eta borroka fina).
Euskara erabiltzen zen, baina hemen bezala, garrantzitsuena erdaraz egiten zen, Ezker Abertzalearen ildoko egunkarietan zein hizkuntza da nagusia?
Hausnarketa hau aspaldi eman behar zen, gauzak aldatzen hasi eta berreuskalduntzeari ekin, eta ez gure herrian arrotz gisa jokatu eta beti besteei (erdal hiztunei) mesede egiten, beraien aurrean zorretan bezala (ez diegunean ezer zor) eta hasi beharko gara ganoraz berreuskalduntzen.
Besterik gabe, espero dut herrietan eztabaida hau ematea.
Gora Euskararen Herria!
Erabat ados zurekin. Baina ezker abertzaleak soilik izanen balitz, EAJko komunikabideek ze hizkuntzetan daude ere bai? Niri iruditzen zait abertzale askoei (EAJ eta EHBkoak) euskararekiko kontzientzia falta zaiela. Nik euskararekiko kontuan pazientzia galtzen dut Urkullurekin (euskarako komunikabideei diru gutxiago), Otegirekin (Liburua 1.go erdaraz eta gero ‘EH existitu ahal da euskararik gabe’… -?- ZER?!!), euskaraz ikasteko esfortzurik ez duten egiten ‘abertzaleekin’ (EAJ-EHB-GBkoak). eta bereziki, Galfarsororekin horrek erran zuen independentziarako euskara albo 1 ean utzi behar dugula. En fin…
Bada garaia EHB, EAJ eta GBk euskarazko inmertsio linguistikoa defendatzeko, ez dira ausartu ezta HBtik. Eta horretarako, EHB, EAJ, GBko politikariek DENA EUSKARAZ egin beharko lukete katalanek bezala eta hasi ahal dira Noticias Taldea eta Gara euskaratzen.
horixe berori.
Otegi jauna, iñoz bere ez gaztelaniaz mesedez. Euskara hutsez ta punto. Oraindanik. Ya. Ez 10 urte barru, edota independentzia lortzean, ez ez. Zertarako gura dogu independentzia ez bagara gai balizko horretan geunkozan zer onenak oraintxe bertan aplikatzeko? Kartzelan hain txarto pasatu eta ez da erraza iñor kritikatu behar izana, baiña uste dot argi dagoala gaztelaniaz jendaurrean ez egiteko kontu hau ez doala Otegi jaunari zuzenduta, danori baño.