Ainhoa Intxaurrandieta: “TMBaren helburua errausketa bada, material birziklagarriak ez dituzte bereizten. Zubietakoan bai dena bereizi nahi genuen”
TMBa zer da? Tratamendu mekanikoa da etxean ongi egiten ez dutenek mekanikoki banatzea. Eta tratamendu biologikoa da hondakin organikoari egonkortzeko egiten zaiona. Errauste plantaren aurretik TMBa planteatzen digute. Zein da bere helburua? Hondakinak prestatzea hobeto erretzeko. Metalak bakarrik kentzen dituzte, metala erretzeko ez delako ona, arazoak ematen dituelako parriletan erretzeko. Organikoak duen ura kentzea da tratamendu biologikoan egiten duten bakarra, ura ere erretzeko txarra delako. Botere kalorifiko handia duen masa bat sortzen dute. Baina kartoiak, ontzi arinak… hori dena ere erre egiten dute, ez dute bereizten. TMBaren helburua bada ahalik ongien erretzea, papera eta kartoia ez diozu kenduko, horrek laguntzen du errazago erretzen. Horri denari gasa sartu behar zaio hobeto erre dadin.
Finantzazioa pribatua izango da
35 urtetan enpresa pribatuen esku geratuko gara eta eurek esango dute zenbateko tasa ordainduko dugun, eurek kudeatuko baitute erraustegia.
Zabortegien alternatiba da erraustegia?
Errausketatik 50.000 tona zepa ateratzen dira, 10.000 tona errauts toxiko (eta horiek ere zabortegira bideratuko dituzte). Eta 69.000 tona negutegiko gas bidaliko ditugu airera, arnasarekin bueltan etorriko zaizkigunak.
Prognosi okerrak
Errealitatea makilatu egin digute, eurek egin nahi duten plantan enkajatzeko. Esaten digute hondakinen sorrerak gora egingo duela. Lotsarik gabe diote hazkunde demografikoa emango dela Gipuzkoan, denek diotenean gero eta jende gutxiago biziko garela. Prognosiaren oinarrian esaten da kanpotik etorriko dela jendea bizitzera gure pentsioei eta eusteko, eta horregatik egingo duela hondakin kopuruak gora. Errauste planta gaindimentsionatuta dago. Oraingoaren gaitasuna, euren hitzetan, 200.000 tona. 2015ean 163.000 tona jaso ziren, baina TMBtik ateratzean 117.000 tona sortu ziren, beraz, egun dugun hondakin kopuruaren bikoitza hartuko luke erraustegiak. Kanpotik ekarriko dute zaborra erretzeko.
Gipuzkoako hondakinen bilakaera
Hondakin kopuruak behera egin du, eta birziklapenak gora (%43 2014an). 2008-2014 urte artean, organikoaren iraultza egin dugu: 30.000 tona organiko gehiago bildu genituen.
Hondakinen tratamendurako hierarkia:
Ahalik gehien gutxitu, berrerabili, birziklatu, eta azken azken hondakina litzateke deuseztea: zabortegian isurtzea, eta erretzea, su ematea. Sortzen ditugun hondakinen %45 organikoa da, janari kondarrak. %10 papera eta kartoia. %20 ontzi arinak. %5-%10 errefusa.
Zubietako TMB proiektua eginda dago
Tiraderetan dago, GHK-ko bulegoetan, lizitatzeko zain. Jaurlaritzak esan zuen Ingurumen baimen bateratuak ez zuela balio gure TMBa egiteko. Eman zuten arrazoia izan zen lehen sartzen ez ziren materiak sartzen zirela honetan: eta sartzen den materia bakarra estrukturantea da, konposta egiteko erabiltzen den estrukturantea. 60 milioi euroko kostua izango luke hau martxan jartzea. Eurek planteatzen duten errauste plantak 260 milioi kostako da.
TMBrako oinarrizko irizpideak:
– Ahalik eta material gehien berreskuratzea. Baita ontzi arinak ere, papera-kartoia…
– Malgutasuna. Ezin dugu gizartea kondenatu 200.000 tona hondakin erretzera, eta zaborra sortzera. Bilketa selektiboak aurrera egin behar du, banaketa eraginkorragoa izan behar da etxeetan, eta askoz tona gutxiago sortu behar ditugu. Azpiegiturek gai izan behar dute hurrengo urteetako errealitatea kudeatzeko (espero dezagun, egungoa baino askoz hobea izango dela).
– Alemaniako legedia hartu genuen eredu, hura delako legedirik zorrotzena. Nahiz hemengo legediak ez duen behartzen hondakinak puntu horretaraino inertizatzea, guk gure buruari jarri genion neurri hori, organikoa inertizatzea ahalik gehien.
Zubietako TMB planta: 3 fluxu
– Nahasirik bildutako hondakinak: 160.000 tona urtean. Mekanikoki ahalik gehien birziklatzea eta biologikoki ahalik gehien inertizatzea helburu, ahalik konpost onena lortzeko.
– Ontzi arinak: 13.000 tona urtean. Ontzi arinetan oso mota ezberdinak egoten dira eta egun Urnietan eta Legazpin bereizten dira horiek. Tratamendu mekanikoko erremintakĀ erabiliko genituzke ontzi arin hauek ere sailkatzeko.
– Selektiboki bildutako organikoaren tratamendua: 20.000 tona. Organiko garbia da hau, etxetik ongi bildua datorrena. Konposta egingo genuke honekin.
Bilketa selektibo efizienteak gora egin heinean, nahasirik bildutako hondakinak jaitsi egingo lirateke, eta selektiboki bildutako organikoa eta ontzi arinak igo. Horregatik diogu kudeaketa malgurako aukera ematen duela planta honek. Eta horregatik diogu garrantzitsua dela etxeetan ongi birziklatzea.
Irteten dena inertea da?
Ezin du inertea izan, jatorriz ez baita inertea. Baina funtzionatzen du inertea balitz bezala, harri kozkor bat bezala funtzionatzen du: nahiz eta busti ez da aldatzen, ura ez du zikintzen. Ez du usaintzen. Baina ez da inertea. Inertizatua deitzeko, hiru balore nagusi bete behar ditu Alemaniako legeak (hau da zorrotzena):
– Aktibitate biologikoa. Mikroorganismoen aktibitate biologikoa aztertzen dugunean, neurtzen da zenbat oxigeno arnasten duten. Ez dutenean oxigenorik hartzen, inertizatuta dago.
– Karbonoaren degradazioa. Janaria badute mikroorganismoek, bizi egiten dira, janaririk gabe hil egiten dira. Karbonoa da jaten dutena, beraz, karbonorik ez badago inertizatua dago.
– Botere kalorifiko baxua izan behar du. Altukoak ezin dira gorde. Laborategi batek neurtzen du hau.
Ongi inertizatutako hondakinak ez du usairik, ez da usteltzen, ez ditu arratoi eta kaioak erakartzen…
Zergatik degradatu eremu natural bat?
Zergatik ez baliatu material inertizatu hau, hondatutako eremuak berreskuratzeko? Beste balorizazio mota batzuk lortuko genituzke. Azken pixarrak ere eliminatzera beharrean, balorizatzera joko genuke, eremuak berreskuratzera.
Helburua:
Gure helburua da herri guztiek bilketa selektiboa egitea, jasotzen dugun organikoa garbia izan dadin. Askoz merkeagoa da ongi bildutako organikoa kudeatzea, organiko nahasiak tratatzeak arazo handiagoak ematen ditu, eta arazo hauek konpontzea garestiagoa izaten da.
Oso ondo Ainhoa bide ona daramazu eta