Txirrita bertsotan ikusi zuen azken bertsolaria joan da
Pedro Joxe Mujika Bidegain “Anatx” (1929an jaioa, Aitzola Bordan “Anatx etxe zaharrean”) zendu zen, irailaren 20an. Gaztetan lagunartean asko kantatutakoa eta plazan Zepai eta Migel Arozamenarekin saioa egindakoa zen. Txirrita bertsotan ikusi zuen bi aldiz, sei urte zituela. Irudi luke bertsolari handiak utzitako mandatuari eutsi ziola Anatx zaharrak bere bizitzarekin: “nere aipamenak izango dira beste larogei urtian”. Aurten bete baitira 80 urte horiek.
Bertsoaren haria Hernanin liburutik jaso ditugu Pedro Joxe Mujikaren testigantzak.
Txirrita bertsotan ikusi zuen azkenetariko testigua
“Tiloetan [Hernaniko Ezkiaga pasealekuan], bazen harrizko kiosko handi bat, eta han ikusia nago ni Txirrita kantatzen. Ereñozun eta han, bitan ikusi nuen nik Txirrita, hamabos egunen barruan. Sei urte nituen. Berriz ikusteko amorratzen nengoen, eta hil egin zen.
Oraindik begitan daukat nola hasi zen Ereñozuko eliza frenteko etxe hartan. Bestea, Saiburu, eliza frentean zen. Ez zen orduan aparaturik (mikrofonorik), baina adierazten zuten. San Antonioak ziren, eta jendea biltzen zen entzutera.
Tilosetako hartan baziren gehiago, lau bat bai, baina zein ez dakit. Jende asko biltzen zen entzuteko. San Joanetan kantatu zuen azken aldia zen, urte hartan bertan hil baitzen. Hortxe ikusi nuen Paulino Uzkudun. Hortza gorriekin, eta espalda zabalekin, ederra gizona. Beragatik aritu ziren, ‘kanpeon’ eta esango zizkioten. Zilarrezko duroa bota omen zion Txirritari”.
Zepai eta Migel Arozamenarekin egindako saioa
Behin aritu zen Zepai eta Arozamenarekin plazan bertsotan, Ergobiko festetan. Zepai eta Arozamena bertsotan ari ziren plazan, eta Mujika entzutera joana zen. “Ni Arozamenari aritzen nintzen bertsotan, eta etortzeko keinu egin zidan. Nik atzera egiten nuen, baina azkenean ekarri naute eta Arozamenak ‘hau ere bertsolaria dugu!’, ‘Ongi etorri! Konponduko gera hemen!’ Zepaik. Orduan bertsotan aritzen nintzen eta, Zepairekin pixka bat lotsagabetu edo ez dakit zer egin nintzen. Gauza handiak egiteko txiki xamarra nintzela bota zidan. Nik erantzun nion etxean zera esaten zigutela: belarri handian nituela eta koskortuko nintzela, noski. ‘Hori bertso hori moldatzeko, bertsolaria duk!’ esan omen zion Manuel Matxainek (gai-jartzaileak) Arozamenari”.
“Arozamenak esaten zidan, ‘joan hadi bertsotara, hik nik adina egiten duk, eta nik eramango haut, Basarrirengana joan behar diagu’. Haren txofer sartu baitzen Arozamena gaztetan. ‘Motel, nik ez zeukeat denborarik Basarrirengana-eta joateko, gure etxean bazegok lana’ esaten nion”.
Anatxen bi bertso
“Guk eskolarik batere ez genuen. Ni Arriatsu eskolan ibili nintzen sei hilabetean, eta kabi denbora zen eta ez nintzen joan erditan. Juan Batixta eskolan ibilia zen 14 urtera arte, bere laineza hura izaten zuen. Behin Inaxio ‘Poxta’ laguna eta biok juntatu ginen, eta baso erdi bana edatera eliza [Urnietako] frenteko tabernara jo genuen. Batixta hori inguratu da eta egin dugu saioa. Egun ona tokatu zitzaidan, eta esan zutenez, paliza eman nion gainera. Kantatu omen zidan ‘ni bezala eskolan ibili bazina, jakingo zenuen nik adina’. Nik erantzun:
Eskola ta eskola
zinanian gazte
beti estudiatzen
hortxe jai ta aste
asko pintatu(d)izunik
ez zazula aste
analfabeto bat gaur
bada zu hainbeste“.
Beste batean, kintoen bazkaria egin zuten Villabonako Izkina tabernan. Kinto-lagun Intxaustik puntua jarri zion eta Anatxek erantzun:
Intxausti:
Idiazabalgo gaztak
berdinikan ez du
Anatx:
Bera e(g)iten dutenak
e(g)ingo dira poztu
alimentua dula
ez dezagun ahaztu
nahiz ta egiten duan
pitilina moztu.
Bertsoak gogoan hartzeko trebetasuna
“Aitak etxean bertso zaharrak kantatzen zituen. Aitari ez nizkion ikasi, amonari (Pantxika Rezola) ikasi nizkion bertso zaharrak. Oso txikitan, batzuetan Urnietara joaten ginen eta bestetan Hernanira, amarekin esneak eramanez bere astoarekin. Mezatik ateratzerakoan hantxe egoten zen saltzailea bere paperekin. Ez dakit hamar xentimo edo zer balio zuten. Kantari gehienetan aritzen zen Mendaro, luparekin. Txirritarenak baino gehiago, Xenpelarrenak saltzen zituen. ‘Xenpelarrek jarriak’ jartzen zuen eta inprenta Makazaga Errenteriakoa. Sailean sailean hartzen nituen lehen gogoan, orain jada ez”.
“Txapelketa batean Donostian, gogan hartu nituen bertso mordoxka bat, zortzi-hamar bat bai. Lagunarengana joan nintzen hurrengo egunean, eta han kantatu nituen bezperan ikasitakoak. ‘Ez ditek milimetro baten okerrik’ esan zuen hark”.
“Epele auzoan obran ari ginela, Zelaiatarrak ziren elkar hartuak, eta haietan batek esan zuen: ‘Markesaren alaba? Oraindik ez diat inor sumatu danak tajuz kantatzen dituenik’. Eta nik kantatzen nituen denak, segidan”.
Anatxtarrak ere, beste larogei urtian
Bere aita Pedro aritzen omen zen bertsotan eta harengandik hartu omen zuen zaletasuna.
Pedro Joxe gaztetan aritu zen, baina soldaduska ostean lanean hasi eta andregaia egin zuenean utzi zion kantatzeari. “Andregaiak ez zuen nahi, zorretarako nuela esaten zidan eta nik ere gogo handirik ez. Hala, seko ahaztu zitzaidan (bertsotan egiten), ahaztu. Ez zegoen ondo ikusia, mozkorra zen bertsolaria”.
Pedro Joxeren semeak, Joxe Mari Mujikak eman zion jarraipena Euskal Herriko plazetan “Anatx” izenari. Bertso eskolen lehen belaunaldikoa da Joxe Mari, Sarasuatarrak, Euzkitze, Loidi, Lizarzelaia…rekin plaza asko egindakoa. Pedro Joxek kontatu zuenez, “ez naiz gogoratzen semea behin ere entzutera joan naizenik. Nik berari kontsejurik eman? Ez, ez, eskolan zebilen eta nik zer erakutsiko nion, bada!”.
Joxe Mari Mujikaren seme-alabek, Andoni, Ane eta Maddik etxean jaso dute bertsoa eta bertso eskolan landu. Joxe Marik bai, asko kantatzen du etxean ondorengoekin, eta bertsoa txarkeriarekin ez, jolasarekin lotzen duela kontatu zuen Bertsoaren haria Hernanin liburuan: “nik derrigortu ez ditut egingo ezertan. Beti esaten diet: bertsoa jolastu, bertsoarekin sufritzera ez joan. Nire umeak inora badoaz, ondo pasatzera joan daitezela. Ez txapelketako erreferentziekin. Lagunarte bat egin, eta noranahi afaltzera joandakoan gaitasuna izan dezatela puntu bati erantzun edo bertsotan broma bat egiteko. Ez diet besterik esaten”.
Webgunean argitaratutakoa egunean bertan urnietar batzuren artean zabaldu eta interes biziz irakurri zuten. Aiurri astekarian txertatu dugu aste honetan, hileta-elizkizunean abestu zizkioten bi bertsoekin batera:
Fermin Argiñarena:
Pameliko argi bat
itzali dan hontan,
gizon ixtimatua
dudik ez dut hortan.
Hitzun txukuna bezain
politta bertsotan,
izardia botia
malkar ta sorotan
pamelia aurrera
ateratzekotan.
Aitor Mendiluze:
Joxe jardun naiz hitzak
penatik banatzen
ta ba al dakizu zertaz
konturatu naizen:
Eman dezun guztia
ondo emana zen.
Ez baita nor galtzen den,
zer bestenganatzen,
baizik zugandik zenbat
dagoen Anatxen.
Mila esker Joni, artikulua biribiltzeagatik.