Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Itziar Navarro: “Doinua tratatzen dugu gaur gauza finkoa balitz bezala, lehen askoz gehiago aldatzen zituzten”
Atalak: Bertsolaritza
Itziar Navarro-k “Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua” hitzaldia eskaini du Mintzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Kantaerak bertsoaren efektibitatea baldintzatzen duelakoan nago. Kontua ez da hainbeste zer ahots duen bertsolariak, baizik nola erabiltzen duen. Kantaera bada oharkabean berariaz egiten den zerbait, inkontzienteki kultura batean murgilduta egotearen ondorioz, kultura batean hazi izanagatik eragina du kantaerak, ez da ausazkoa.
Zergatik bertsolarien kantaera aztertu? interesatzen zitzaidan izaera inprobisatua, ez baita gauza bera bertso jarriak kantatzea edo aldi berean hitzak eta lagunduko dien musika sortu beharra. Eta bestetik interesatzen zitzaidan a capela izaera, ahots hutsez egiten dela eta beraz, kantaera libreago baterako aukera dagoela.
Oiartzun hartu dut, metodologikoki kokatzeko, hizkera eta ingurune bera konpartitu duten subjektuak hartzeko. Herri bertsolaria da, euskalduna, katea ez da eten…
Ikerketaren galdera orokorra hau izan da: Zertan aldatu da kantaera eta nola dago lotuta aldaketa hau bizimoduaren eta transmisio moduekin?
Kantaeraren definizioa
Kantaeraren barruan kokatu ditudan parametroak:
– Artikulazioa: nota batetik besterako pasada nola egiten dugun. Mozketarik gabe, segidan, lehunki…
– Azentuazioa: azentua egin dezakegu tinbrearekin, melodiarekin, pausekin…
– Apaindurak: bibratoak, apoiatura, trinoa…
– Dinamikak: ozentasunean ematen diren aldaketak. Ozentasunarekin batera aldatzen dugu ahotsaren kolorea, batzutan azkartasuna…
– Erritmoa: hotsa denboran antolatzea iraupen eta azentuen bidez soinu unitateak sortuz. Hiru mota daude: erritmo erregularra, librea eta tartean dago ez-erregularra.
– Intonazioa: noten altuera, tonuak. Sistema ezberdinetan intonatu dezakegu. Mendebaldeko sistema tenperatua da egun nagusi, pianoan do batetik beste do-rako notak direnak. Iparraldeko kantaeran beste intonazio mota bat erabiltzen da, dotik dorako nota hauez kanpoko notak erabiltzen dituena.
– Tenpoa: abiada.
– Tinbrea: ahots kolorea. Bere harmoniko kopuruaren eta hauen intentsitatearen araberakoa da. Ahots korden eta suudur eta ahoaren arabera dugun formaren araberakoa da, anatomikoki. Baina kontzienteki aldatu dezakegu, ahoa gehiago edo gutxiago erabiliz, ahotsa goxatuz… tinbrea beraz, emana badator ere, moldatu dezake bertsolariak.
– Nasalitatea: sudurra irekitzen badugu eta haizea ahotik bezala sudurretik botatzen badugu, nasala da.
Ikerketarako hautatutako bertsolariak
Mitxelena, Lexoti, Koxme Lizaso Lekuona, Juanito Mitxelena, Harkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Alaia Martin Etxebeste.
Intonazioaren adibideak
Lexoti eta Mitxelena ofizioka. Intonazio tenperatutik urruntzen den intonazioa erabiltzen dute une batean.
Mitxelena eta Xamoaren bi bertsoaldi jarriko ditut “ihes betea” doinuan, eta ikusten da Xamoa tenperatutik gertuago dagoela eta Mitxelena urrunago.
Apaindurak
“Sastarretik hasita” doinuan bertsolari ezberdinek kantatutako bertsoak jarriko ditut. Ea trinoak noiz desagertu ziren ikusiko dugu. Mitxelenak asko egiten ditu. Koxme Lizasok ere asko egiten ditu. Xamoak ez eta Alaia Martinek ere ez. Juanito Mitxelenara arte egiten dira eta hortik aurrera ez.
Tinbrea
Zepai (lizentzia hartu dut, bera ez baitzen oiartzuarra) eta Koxme Lizaso ofizioka jarriko ditut, tinbrea zer desberdina zuten ikusteko.
Tenpoa
Joanito Dorronsororen arabera, tenpoan bi garai bereizten dira: Xenpelar, Txirrita, Basarriren garaia eta ondorena. Hiru bertsolari hauen garaian kantatzen zuten bertsoa hasi eta buka etenik gabe, eta nahiko azkar. Ondoren hasi ziren etenak egiten eta mantsoago. Nik aztertutakoetan, Koxme Lizasotik aurrera dexente mantsotu da kantaera.
Bilakaera ulertzeko gako batzuk
– Sekularizazioa eta baserri bizimoduaren galera. Liturgietan kantatzen ikasi zuten belaunaldiek, elizan kantatzen ikasten zen eta bere bueltan kantatzeko beste aukera batzuk zeuden, ospakizunetan. Baserriaren gainbeherarekin galdu ziren familia kide asko bilduta kantatzen ziren momentuak. Kanturako elkargune izan ziren sagardotegiak eta tabernak ere. Egun elkarte gastronomikoetan asko kantatzen da, hezkuntza formal eta ez formaleko guneak… dena ez da galera, eremu batzuk utzi eta beste batzuk hartu ditu bertso kantuak.
– Mediazioa eta mediatizazioa: hitzaren komunikazioa aurrez aurre ematen den edo ez da gakoa. Hitzetik Hortzerako saio bat ikustea mediatua da, adibidez. Mediatizazioa da, bertso batek medio batean sartzeko jasan behar izan duen aldaketa. Mediazioari esker bertsoa inoiz iritsi gabeko guneetara iritsi zen: irratia, kaseteak, Hitzetik Hortzera, bertsoa.eus… grabazioak gure kantatzeko moduari eragiten dio. Lasarteren kasetean kantaera ez zen bat-batekoa, eta Xabier Leteren kasetean kantaera jada ez da bertsoarena, musikariarena baizik. Kantaera horiek argazki modukoak dira, kanon izaera hartzen dute. Lehen efemeritasun garaian, bakoitzak bere erara hartzen zuen doinua eta bota. Irrati komertzialetan soinu neutro gutxi entzungo dugu, intonazio tenperatura asko inguratzen gara, doinuen kanon bat zabaltzen da…
– Nazionaltzea. Lurralde ezberdinetako bertsolariak elkarrekin entzuteko aukera gutxiago zegoen lehen.
– Formalizazioa eta instituzionalizazioa. Eskola zaharreko bertsolarien eskola taberna zen eta unibertsitatea plaza. Egungo bertsolariek eskolan ikasten dute batik bat bertsoa, etxea transmisio gune gisa mantentzen bada ere, nahiz bertso eskolak modu ez akademikoan egiten diren. Baina bada aldaketa bat.
– Mundu sonoroa: etengabe estimulu sonoroak jasotzen ari gara, inoiz baino gehiago, leku eta une guztietan. Jakintza eta informazioa bereizi behar dira hemen: informazioa da eskuragarri dagoen zerbait baina ez derrigor jakintza bezain sakona, jakintza esperientziaren bidez barneratu duguna baita. Oiartzun bailaran garai batean sei doinu erabiltzen ziren, baina doinuak asko bariatzen zituzten.
– Estetika ere aldatu da. Egun intonazio tenperatuagoa da… mikrorik ez zegoen garaian bibratoa erabiltzen zen aretoan ahotsa entzunarazteko. Egun ez da horretarako erabiltzen, apaindura gisa baizik. Logikoa da, beraz, elementu hori apaltzea, funtzionaltasuna galdu duelako.
– Gaitasuna: mundu sonoroa eta estetika gaitasunei lotuta dago. Mikrofonoaren sarrerak ahots proiekzioaren gaitasuna gainditu du, jada ez da beharrezkoa. Kantaera aberatsa izateko gaitasuna behar da, zenbat eta gehiago praktikatu, baliabideak kasi nahigabe ateratzera iristen da. Musika etengabe entzuten ari gara baina ez dugu musikarik egiten.
Ondorioak
Gure mundu sonoroan kantaera desberdinei lekurik uzten diegu? Aberasten dugu gure mundu sonoroa kantaera ezberdinak entzunaz?
Mediazioaren erabilpenak eta eraginak ikertzea beharrezkoa da. Nola erabiltzen den doinutegia, bertsoa.eus…
Bertso eskolen eta txapelketen eraginez pentsatzea beharrezkoa da.
Praktikak gaitasuna dakar eta horrek eragingo du ea bariazioak, jolasak, egiten ditugun.
Mikrofonoak ekarritako aukerak ere baliatu behar dira: tinbrearekin asko jolastu daiteke orain.
Arlo sonoroan ere aldaketak eman dira, beraz, garaiei lotuta.
Galderak publikotik:
XIX. mendetik aurrera kantatzeko modua aldatu zen? Iparragirrek doinu dexente sortu zituen, kantaria zen… ekarri zion iraultzarik kantakerari?
Baietz esango nuke. Kontua da, grabaziorik ezean, iturri idatzietara jo behar dugula eta hori arriskatuagoa da. Saltorik handiena egongo zen Mitxelena eta Lexotiz aurrekoen eta hauen artean, Mitxelena eta Lexoti txapelketan aritu zirelako, azken joeraren hasiera izan ziren. Txirritaren grabazio bat bada eta Zepai entzun dugu, eta horien garaitik Mitxelena-Lexotirenera egongo zen jauzi handiena, hori da nire pena, aurrerago jo ezina.
Hau guztia kulturalki jasotzen da, gaia da noraino erakusten den eta erakutsi daitekeen. Lehengo kantaerak bazituen gauza aberatsak, orain arreta gehiago jartzen da hitzan, esaten den horretan. Lehen doinua gehiago moldatzen zen hitzetara. Lehengo kantaeratik zer berreskuratu daitekeen eta nola pentsatzea merezi du.
Doinua tratatzen dugu gaur gauza finko bezala, hori mediazioaren ondorioa da. Bertsolariak lehen gehiago asmatzen zuten.
Ikasteko, lehen plazan entzuten zuten doinu bat eta etxean berregiten zuten, beraz, aldaera asko sortzen ziren. Orain bertsolariek oso aldaketa txikiak egiten dituzte, notaz nota kantatzen dute ia, grabazioetatik ikasita. Ikasteko modua aldatu daiteke, behin entzun eta bakoitzari eskatuz bere modura moldatzeko. Orain buila gutxiago egiten dugu, lehen umeek karrasi eta marru egiten zuten, orain isiltzeko eskatzen zaie, eztarria eztarritik kontrolatzen ikasten dugu, ez estomagotik. Hori heziketaren ondorio da. Umeei negar egiten lasai uzten badiozu, arnas sistema ere hobea izango du.