Erreferendumaren bezperan, Kataluniako eskoletan ikasitakoa
Sants eta Gracia auzoetako eskolaz eskola eman dugu larunbata arratsaldea. Gracia auzoan atez ate zabaldu dute informazioa (beheko argazkian ikusgai): portal bakoitzak erakutsiko dizu bertako bizilagunek zein eraikin eta helbide zehatzetan eman behar duten bozka. Horrez gain, Plaça Vila de Gracian informazio puntua jarri dute eta bertan azaldu digute auzoko eskola bakoitza non dagoen eta bakoitzaren berezitasunak zein diren. Sants auzoan berriz, 15 eskola ageri diren auzoko mapa atera dute koloretan, ikus daitekeena paretetan eta eskuratu daitekeena han edo hemen.
Graciako plazan informazio gunea, auzoko eskola bakoitzaren berri emanaz ta jendearen ekarpenak bideratuz #katU1 pic.twitter.com/w1LViCRNHA
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko irailak 30
Harrera abegitsua eta bisitaria ezagutzekoa
Eskola batera inguratutakoan, atean aurkitu ditugu beti lagun bat edo bi, irria ahoan. Atea zeharkatzerako gerturatu zaizkigu, jarrera atseginarekin eta lasai, nor garen edo zer bilatzen dugun galdezka. Zaintza zentzu betean egiten dute, asko dute jokoan eta ardura handiz ari dira. Euskal Herritik gatozela, ARGIA hedabidetik, ahalik jarraipen onena egin nahi diogula biharko egunari… “a, gu hemen ari gara jolasak egiten eta jardueretan, eta 6:00etan dena garbi utzi behar dugu”. Hortik aurrerakoa, biharko erreferenduma, alegia, ez dela euren kontua.
Kazoladara eta eskola defendatzera deitzen duen kartela Gracian. Iraultza umoretik #katU1 pic.twitter.com/WjIG3pVM7u
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko irailak 30
Eskola atariko kartelek, pankartek eta mezuek argi deitzen dituzte auzotarrak eskolak defendatzera: goizeko 5:00etarako da hitzordua eskola atarietan, 6:00etan Mossoak datozenerako ahalik jende gehien egon dadin eta bozkakutxak prezintatu ez ditzaten. Baina asteburu batez gau eta egun eskolak zaintzen egindako jardueren eta erreferendumaren artean etena argi bereizten dute hitz egiterakoan. Dena txukun utzi eta kanpora ateratzea da asmoa, eta atetik kanpora defendatzea barruan egongo diren bozkakutxak. Asteburuak badu berezko nortasuna beraz, berezko zentzua, jai eta jolas giroa. Eskola batean eta bestean ikusi dugun ekintza “papera-harria-guraizea” txapelketa da.
Batzuek itxita, besteak borborka
Milaka dira bihar erreferendumerako ateak zabalduko dituzten eskolak. Batzuek itxita ikusi ditugu. Beste batzuek irekita, barruan adin guztietakoak aktibitatean, baina jendez nahiko justu. Telegrameko “Alertes 1-O” taldetik zabaltzen dute informazioa, zein eskoletan behar den jendea. Eta erantzuna nabari da. Santseko castellersak ere eskolaz eskola aritu dira, jendea batzeko lanetan laguntzen eta egitarauak janzten. Santseko Emperador Carles eskolan ikusi dugu jende multzo handia bildu eta asanblada egiten, arratsalde eta gaueko egitaraua antolatzeko eta lo-zakuekin gaua bertan emateko prest dagoen jendea zehazteko. Eskola batzuetan gurasoen inplikazioa handia izan da, eta gurasoen erantzuna hotza izan den eskoletan auzo elkarteak aritu dira lanean asteburua aurrera ateratzeko. Emperador Carleseko atean zaindari dagoenak konfiantza du jendearen erantzunean: “ikusiko duzue gauean, eta are bihar goizean, zenbat jende batuko den. Orain da gure garaia, edo beste 300 urtean ez dugu berriz izango. Eta ez dut hori nahi nire alabentzako, ezta bilobentzako ere. Begira, hementxe datoz!”. Herritar asko kalean; erreferendumarentzako bermea hori dela argi dute.
Asteburu honetarako bakarrik eskoletan sortu den esperientzia luxua iruditu zaigu. Eskolan bi gau elkarrekin pasatzea auzotarrek, egitarau eta ekimena erabat herritarrena izanik eta egun historikoak bizitzen ari diren kontzientziarekin… denboran gerora ere fruituak emango dituen haziak ereingo ziren, ezinbestean.
Gracia auzoko eskola honetan ere gau osorako egitaraua bermatu dute #katU1 pic.twitter.com/aHXC1dXj1b
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko irailak 30
Asteburu bat eskolan auzotarren arteko ekintzetan ta lozakuekin. Bezperetako zaintza horrek bakarrik EHn merezi luke. Inbidi ederra! #katU1 pic.twitter.com/etcloskqQp
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) 2017(e)ko irailak 30
Santsetik Gracia auzora jo dugu, eta pista jolasen moduan ibili gara, eskola batetik bestera. San Miguel plazako Josep Maria Jujol eskola (goiko bi txioetan ageri dena) bizi-bizi ageri da eta inguru osoa apainduta giro berezia sortu du plazan.
Graciako l’Unibers: “gainditu gaitu jendetzaren erantzunak, nazioarteko medioak…” auzoko beste eskola batzuetara jendea bideratzen #katU1 pic.twitter.com/hGGQeIkRhs
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko irailak 30
Handik L’Univers-era. Atean arreta egiten duten bi zaintzaileek adierazi digute gaindituta daudela, jendearengandik jaso duten erantzunarekin eta nazioarteko hedabideak egiten ari zaizkien jarraipenarekin. Beste eskola batzuek behar handiagoa dutela eta eskertuko luketela arreta besteetara bideratzea.
Sants eta Graciako grazia
Etxeek hitz egiten digutenean #katU1 Sants pic.twitter.com/djKsEhQzui
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) 2017(e)ko irailak 30
Era guztietako pankartak ageri dira kaleetan, esteladak eta “si” banderolak balkoietan, dultzainariak goizean eta iluntzean… giro berezia dago bi auzoetan, Bartzelona hiri handian dispertsatuta han-hemenka ikus daitekeena, baina herri baten neurrian beste dimentsio bat hartzen duena.
Telegrameko #ReferèndumGràcia kontutik eta Twitterreko @ComiteGracia-tik ematen dute auzoko gorabeheren berri eta auzo mailako antolaketa sendoa dute: informazio puntua, prentsa arduraduna, defentsa komitea…
Gaua zaintzan eta festan emango dute hainbeste herritarrek. Gracia auzoa #katU1 pic.twitter.com/xVauqKyQjb
— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) 2017(e)ko irailak 30
20:00ak aldera Espainiako banderak zeramatzan zortzikote bat gurutzatu dugu kalean behera: erreferendumarekin lotutako afixak kenduz doaz beren bidean, baita non bozkatu adierazten duten portaletako oharrak ere. Bada baietzaren aldeko mezuak kentzeko ekintza horrekin haserretu den baten bat, baina gainerakoek jaramonik ere ez diete egin pasaeran. Espainiako banderek ez dute erreakziorik sortu, arratsaldean zehar ikusi ditugun pasarteetan.
Gabon! Eguneroko kazolakada Gracia auzoan. Eskolak defendatzera oso goiz jaikiko dira asko #katU1 pic.twitter.com/8gB1TwFbKD
— ARGIA (@argia) 2017(e)ko irailak 30
Gaueko 22:00ek Gracian harrapatu gaituzte eta azken kazolkada bizitzeak zimiko txiki bat egin digu bihotzean. Bakoitzak bere etxetik, askok sukaldetik, eginiko deia, auzotar batenak besteari erantzungo balio bezala, lurralde osoan zabaltzen dela. Etxafuegoak amaiera markatuta ere jarraitu eta jarraitu duenik bada, argiztatutako leihoen bestaldean.
Euskaldun gazteak
Eskola batean baino gehiagotan esan digute gerturatu orduko “hor dira zuetako beste batzuek ere barruan”… komunikazio lanetara joanak batzuek eta jende gehiago behar den eskoletan egotera besteak, koadrila batzuekin egin dugu topo eskolen sarreretan. Arpa-joaz edo erdi benetan, asanbladan eskolako egitarauan “euskara klasea” jartzera ere tentatu dituzte (ez dakigu zertan geratu den kontua).
Biharkoaz “inork ez daki ezer”
Lo-zakuarekin eskola barruan gaua ematen ez duenak, badaki 5:00etarako atera joan behar duela. Gertatzen denaren berri ahalik lasterren informatu nahi duten kazetariek FireChat app-a jaitsi dute, Espainiako Gobernuak tentaziorik badu eskua sartu eta unean argazkiak eta bideoak zabaltzea galarazteko, nolabaiteko tresnaren bat izateko (ibiliko den ere jakin gabe, baina ezer baino hobe delakoan). Lehen aldiz eskola batera joandakoan poztu gara erreferendumaz informatzeko leku eder bat ezagutu dugulako, eta gainerako eskolak ezagutu heinean konturatzen da bat denak direla ederrak, milaka eskola daudela kontaketa egiteko, eta zoriaren esku baino ez dagoela bihar emango diren milaka kasuetan norberaren kamara eta begia non tokatuko den. “Zer jakin nahi duzue, bihar dibertsio handiena non egongo den? edozeinetan izan daiteke”. Horregatik da garrantzitsua, herritar bakoitzak mugikorrarekin argazkiak eta bideoak hartu eta sareetara zabaltzea (ohiturarik ez baduzu, errazena, ARGIAra bidaltzea eta gustu handiz igoko ditugu hortik):
20 hedabidek elkarlanean sortu duten Agència 1 d’Octubre erreferentzia bihurtu da komunikabideentzat, edozein ezusteri aurre egiteko hobekien prestatuta egon daitezkeelakoan. Hemendik jarrai ditzakegu:
Gracia auzoko prentsa arduradunari galdetu diogu biharko eguneko hitzorduez. Goizeko 5:00etakoa errepasatu dugu. Ondoren, egunean zehar, kontaketarik, mobilizaziorik? “Kontaketa Governaren kontua da, guk ez dakigu ezer. Kontaketa? horretan ez dugu pentsatu ere egiten, gure lana 5:00etatik eustea da, 8:00etan ateak irekitzen dituzten arte”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks