Adin guztietakoek kalean irabazitako eskubidea
- Artikulu honetako argazki guztiak Bartzelonako Gracia auzoko Vedruna eskola atarian ateratakoak dira, 5:00etan.
Bozkatzea eskubide omen da. Katalan herritarrek eskubideak praktikatu, defendatu eta irabazi egiten direla erakutsi digute beste behin. Asteburu osoan milaka herritarrek bete zituzten edukiz hautesleku-eskolak, eta beren presentziarekin defendatu zituzten gune autogestionatu bihurtutako hauek. Kronika honetan sumatuko duzue eskoletako giroaren berri.
Goizeko 5:00etarako zen deialdia. Ahalik jende gehienak bezperako gaua eskolen barruan eman zuen. Gracia auzoko Vedruna eskolara joan gara 5:00etarako. Hauxe argazkia:
Eskola barruan, patioan, jendea antolatuta. Atea zabalik baina koadrila oso batek zaindua. Ate aurrean hiru kanpin denda eta 20 bat lagun lo-zakuen barruan, esnatzeko ahaleginetan. 50 bat lagun gehiago zutik, korroetan baina nukleo bat osatuz hizketan, etengabe iristen den jendearekin pilatzen zaiela. Kalearen bi ertzetan, ormaren kontra, aulkietan eserita ZAHARRAK, gizon eta emakumeak, ordu luzez zutik egon ezin dutenak. Pare bat ume, 10 bat urtekoak. Kale hori ahal den moduan estaltzen duten hiru karpa. Koloretako edukiontziekin itxia dute kalearen alde bat, gauez bere funtzioa bete ostean berehala kenduko dutena. Bezperako gauean ultraeskuindarren koadrila txiki batzuk edukiontziak hankaz gora jartzen aritu direla auzoan esan digu batek baino gehiagok.
Hori goizeko 5:00etan. 6:00etan mossoak etorriko direla azaldu du oharrak ematen dituen kide batek, eta naturalki edo, denok pilatu gara atearen aurrean. Zaharrenak aulkian eserita eta gainerakoak zutik, ez dugu pausorik emateko lekurik. Metro erdiko espazioaren barruan, eta leku batetik bestera mugitzeko errespetuz eta lasaitasunez bidea kostata egiteko aukerarekin, egon dira guztiak 5:30etatik 9:30 aldera arte, bozkatzen hasteko aukera izan duten arte. Kieto. Erraz esaten da. Bezperatik apenas lo eginda, adin eta gorpuzkera guztietako jendea, lekuan bertan kieto. Euri zaparrada ederrak bota ditu tarte horretan, eta karpak karpa eta aterakiak aterki, bustialdi ederra hartu dute hainbatek.
Helburu argia du ekintza fisiko baketsu baina gogor horrek: “Votarem!”. Bozkatuko dugu, denok bozkatuko dugu. Giroa lasaia da, eta bozketa ahalik normalena izatea detaile guztiekin defendatzen dute: esplizituki komunikatu dute baietzaren aldeko mezuekin ez pankarta ez kamiseta ez bestelakorik ez eramateko, eremu neutrala behar duela bakoitzak nahi duena bozkatzeko. Ez musikarik eta ez zalapartarik, jendeak tonu bareko elkarrizketak ditu batekin eta bestearekin. Elkarrekin oihukatutako lemek bideratzen dute erantzun kolektiboa momentu erabakiorretan: “Votarem!”, “Les carres seran sempre nostras”… eta umorea, auzotar batek esan digun moduan “zentzugabekeria hau guztia eraman ahal izateko modu bakarra”. “Katalanek gauzak egiten dituzte” Rajoyren esaldia edo Piolin medio Warnerren kantua tarareatzea, beste askoren artean. Zaintza behar beharrezkoa izan da, bere modu zabal eta humanoenean, hainbeste orduan hainbeste jendek defentsari eusteko (jarraian idatziko dudan artikuluan dituzue adibideak).
Bozkatzen hasi diren unea
9:00etan ziren bozkaketa irekitzekoak, baina arazo informatikoak medio (Espainiako Gobernuak eskolan internet moztu duela zabaldu da) 9:30 aldera hasi dira bozkatzen. Are beranduago hasi dira Gracia auzoko beste eskola batzuetan, eta “bozkatzen hasiko gara” esaldia eta jendearen txalo-zaparradaren ostean etorri dira zehaztapenak: mantso joango da, ordu asko daramatzagu hemen eta denok gaude nekatuta, baina pazientzia, egun osoa pasako dugu eta hemen elkarren ondoan pega-pega eginda. Denek izango dugu bozkatzeko aukera. “Votarem” berriz ere, baina DENEK bozkatu ahal izatea.
Herritarrak oso “mobilizatuta” daude ibili garen lekuetan, denak ari dira etengabe mugikorretatik jarraitzen zer ari den gertatzen beste lekuetan eta bereala zabaltzen da albistea eskola atarietako jende saldoen artean: “erasoak izan omen dira Sagrada Familian”; “Puigdemontek 8:00etan esan du edozein katalanek edozein eskoletan bozkatu ahalko duela, eta bat ixten badute jendeak besteetara joateko”…
Vedrunan bozketa zabaltzearekin batera zehaztu dute “hau auzoko ekintza bat da, beraz, auzotarrek bakarrik bozkatuko dute. Atera DNIa eta eskutan izan”. Harrigarri egin zaigu, ondokoak lasai esan digun arte “kalez jantzitako bi polizia omen dabiltza hemen, eta horregatik da”.
Auzo honetan behintzat, auzoko zaharrenek eman dute bozka lehenik. Ongi merezitako ohorea, eta aldi berean jasangarriena ere badena, fisikoki kalean ordu gutxien eutsi dezakeena. Jarraian idatziko dudan artikuluan ikusiko dituzu zaharrenek bozkatutakoan kaleratu diren malkoak, emozio biziak, adierazpenak, gerrako eta frankismoko oroitzapenak…
Ilarak sortu dira baina ez ilara hutsak: eskola atari osoa jendez betea bermatu behar da egun osoan. Beraz, ilara hutsune lerro mehe batek bereizten du, ahalik denbora gehien leku horretan ematen ari diren pertsonengandik. Jende gazteagoaren txanda iritsi denean, bozkatuta ateratzen direlarik, mezu hau zabaltzen dute eskolaren defentsan ari diren herritarrek, tonu lasaian, errespetuz, eta konplizitatea bilatuz: ez zaitezte joan, lortu behar dugu denek bozkatu ahal izatea, gelditu bertan, inportantea da, 20:00ak arte eutsi behar diogu…
Beste eskola batzuek ikustera joatea erabaki dugu. Vedrunakoa uztera goazela konturatu gara goizeko 5:00etan ezagutu dugun jende multzoa nola biderkatu den; harrituta gaude. Ederki kosta zaigu eskola ataritik ateratzea, eta jende ilarak eta kontzentrazioak, ez du asko falta kale paraleloan dagoen Reina Violan eskolako jende saldoarekin bat egiteko.
Egun osoa gogoratu gara: nola ote daude Vedrunakoak? gu batera eta bestera IBILITA txikituta bagaude, 5:00etatik BERTAN KIETO eutsi ahalko diote 20:00 arte? ordu asko dira, eta “bisitarik” jasotzen badute…
20:00etarako itzuli gara Graciara, eta Jujol eskola aurrean egon ostean, La Fontana eskola aurreko jendetzak eta #mambo-ak hartu gaitu. Eskola guztietan lortu dute egun osoan zehar jendetza zaintzen egotea, eta 20:00etarako, momentu gorenerako, pilaketak izugarriak dira. La Fontanan gazte giroa da nagusi, eta 20:30 aldera itzuli gara Vedrunara. Jende helduagoa, jende asko asko dagoeneko helburua “Votarem!” lortu ostean.
Zorionak, bihotzez, katalan herritarrak.
Parte-hartzea? jajaja
Egun osoan milioika herritar ikusi ditugu kalean denek bozkatu ahal izan dezaten inplikatuta, lanean. Katalunian egon denak badaki “parte-hartzea” itzela izan dela. Entzun du eskola batzuek 20:00ak baino ordu batzuk lehenago itxi dituztela ateak, auzotar gehienek bozkatu dutelako ordurako eta bermatu nahi dutelako kontaketa, alegia, lehenetsi dutela erreferendumaren emaitza ziurtatzea lor zitzaketen bozka denak lortzearen aurretik. Egunean zehar ikusi dugu zer izan den Kataluniako erreferendumean botoa ematea, praktikan: ordutako ilarak egitea, Generalitateak Espainiaren sabotajea gainditzeko sortu duen sistema informatikoa erortzen zelako, “internet moztu” dutelako toki batean eta bestean… Kalean tokatu ez zaigunok ere entzun dugu poliziaren basakeriaren berri, iritsi zaizkigu irudi lazgarriak, “ez dugu beldurrik” mezuarekin jihadismoari bezala kolektiboki aurre egiten bazaio ere. Bozka ematea hori izan da erreferendumean. Eta norberak eta besteek bozka eman ahal izan dezaten, beste ahalik ordu gehienak kalean kieto ematea.
Bozka emate hori izendatu daiteke “parte-hartzea” hitzarekin? adibidez, tutik ulertzen ez dugun Europar Batasuneko hauteskunde batean bozka ematea izan den ekintzaren hitz berarekin?
Milioika herritar hauetako bakoitzaren INPLIKAZIOA zenbat “parte-hartze” puntu kotizatzen ditu “demokrazia”ren burtsan?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks